Berriak Osasuna
Eu

EEP 2016-2017 gardentasunez amaitzeko eta etorkizunari begira hobekuntza-neurri berriak hartzeko konpromisoa hartu dute Osasun Sailak, Osakidetzak eta IVAP-ek

2018.eko uztailak 19
  • Legebiltzarreko agerraldian EEPan aurrera eramandako prozeduraren eta hasieratik orain arte burututako ekintzen berri eman da
  • Osasuneko sailburuak iragarri du hausnarketa-prozesu bati ekin zaiola, Legebiltzarreko taldeentzat irekia, etorkizuneko EEPen gardentasuna eta segurtasuna are gehiago indartzeko
  • 86 kategorien ikerketa amaituta irailean Legebiltzarrera itzultzeko konpromisoa hartu eta 4 informazio-espediente berri ireki direla aurreratu du

Osasun Sailak, Osakidetzak eta IVAPek berretsi egin dute euren konpromisoa bukaeraraino iristeko, Osakidetzako EEP 2016-2017 ahalik eta azkarren, bermeekin eta gardentasunez ebazteko, orain arte bezala jardunez, froga eta ebidentzia objektiboetan oinarrituta eta uneoro oposiziogile eta epaimahaikide guztien eskubideak babestuta. Hasieratik irekitako barne-ikerketaren bitartez ez ezik, Arartekoarekin eta Fiskaltzarekin lankidetzan aritzearen aldeko jarrera irmoari eutsiz ere.

Hori izan da ondorio nagusietako bat Osasuneko sailburu Jon Darpónek Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Bertan esku hartu dute baita ere Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Múgicak, IVAPeko zuzendari Maite Iruretagoienak eta Oviedoko Unibertsitateko Psikometriako katedradun José Muñizek.           

Agerraldi luzea izan da eta bertan errepasatu da, xehetasunez eta dokumentuekin, zuzendaritzaren eta sindikatuen artean EEParentzat adostutako garapen-prozedura, eta baita probetako batzuetan ustez irregulartasunak gertatu zirela jakin zen une beretik burutu diren jardunbideak ere. Osasuneko sailburuak agerraldian iragarri duenez, hausnarketa-prozesu bati ekin zaio, non Legebiltzarkide guztiek parte har dezaketen, etorkizuneko enplegu-eskaintza publikoei begira gardentasuna eta segurtasuna are gehiago indartzearren.

Osasuneko sailburuak hasieratik Sailaren eta Osakidetzaren jarduna gidatu duten hiru printzipioak berretsiz eman dio hasiera agerraldiari. Lehenik, 96.000 pertsonatik gora parte hartu duten ‒historian izan den EEP handietako bat‒ prozedura baten erantzukizuna eta arriskuak beregain hartzea, kontuan izanik helburua dela Osakidetzako plantilla estrukturalaren % 95ei egonkortasuna ematea. Bigarren, beharrezko neurriak hartzea kategoria jakin batzuetan aukera-berdintasunari buruz sortutako zalantzen aurrean, betiere bukaeraraino iristeko eta aurkeztu diren pertsona guztien ekitatea eta eskubideak bermatzeko erabaki irmoa hartuta. Eta azkenik, prozesuaren konplexutasunaz jabetuta, behar bezala betetzea eta Osakidetza sendotuta irten dadin lortzea, etorkizunari begira hobekuntzak zehaztuz eta aplikatuz.

Jarraian, gogora ekarri duenez, EEParen deialdi horrek, 2017ko ekainean SATSE, SME eta UGT sindikatuekin itunduak, gehitu egin zituen –zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko akordioei esker hain zuzen‒ hobekuntza nabarmenak gardentasuna handiagoa izateko eta aukera-berdintasuna eta prozesuaren segurtasuna bermatzeko. Izan ere, nabarmendu duenez, prozedura aho batez adostu eta gardentasunez eta behar zen aurrerapenarekin komunikatu zen, eta horren erakusgarri dugu inork zalantzarik egin ez izana; ez eta sinatu ez zuten sindikatuek ere, plaza-kopurua bakarrik kritikatu zutenek, inoiz ez EEParen oinarriak edota prozedurak, kontuan izanik 3.335 plazako EEP berri honetako 86 kategoria profesionaletako bakoitza zuzendu izan duten berberak direla.

Sailburuak errepasatu egin ditu burutu diren jardunbide nagusiak, ekainaren 1etik, Angiologia kategoriako epaimahaikide baten idatzi bat jaso eta handik ordu batzuetara, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak berak jakinarazpen baten bidez jadanik iragarri zuenetik ikerketa-espediente bat irekiko zela. Harrezkeroztik, adierazi du, Osakidetzak arduraz eta zuhurtziaz jardun du, egiaztatutako gertakarien neurrian; errugabetasun-printzipioa errespetatuz deliturik objektibatzen ez den bitartean; eta hartutako konpromiso guztiak betez.

Hala, gogora ekarri duenez, bai Osakidetzak berak irekitako informazio-espedienteen ondorioak bai Oviedoko Unibertsitateak egindako azterlan psikometrikoa ikusita, epaimahaiek, organo independente eta subirano diren aldetik, erabaki dute errepikatzea Angiologia eta Anestesia espezialitateetako bi ariketak eta Kardiologiako bigarren ariketa; Kirurgia Plastikoan, berriz, irregulartasunik antzeman ez denez, normaltasunez jarraitu du prozesuak.

Hala, hitz eman duenez, irailean itzuliko da Legebiltzarrera lortutako ondorioen berri ematera, 86 kategorietako analisi psikometrikoak amaitu ondoren eta informazio guztia osorik bilduta. Dena den, aurreratu duenez, 44 kategoriaren azterlan psikometrikoaren analisia amaitzean, eta erabakiak hartzeko finkatutako lau irizpide matematikoen arabera, akten azterketarekin batera, ikerketa-espediente berriak ireki dira Aparatu Digestiboa, Medikuntza Intentsiboa, Traumatologia eta Urologia kategorietan.

Neurri horiez gain, sailburuak iragarri duenez, hausnarketa-prozesu bati ekin zaio Osakidetza hobetuta eta indartuta irten dadin lortzeko; prozesua talde politikoen ekarpenei eta lankidetzari irekita dago eta, izan ere, hiru hilabeteko epean Legebiltzarrean horren berri emateko konpromisoa hartu du. Prozesuak aztertu egingo du komeni ote den etorkizuneko EEPetan ondokoak bezalako neurriak gehitzea:

- Enplegu Eskaintzak aldizka eta etengabe egitea bolumen txikiagoko prozesuen bitartez, eta kategoriak taldekatuz.

-kategoria guztiek proba bakar bat izateko aukera, eta azterketa metodo automatikoen bitartez zuzentzea;

- analisi psikometriko bat gehitu eta estandarizatzea, proben egokitasuna eta baita emaitzena ere bermatzeko;

-epaimahaia osatzen duten kideak gutxiago izatea; edo epaimahaiek azterketa prestatzeko duten erantzukizuna bereiztea.

-sindikatuen partaidetza mantentzea epaimahaietan eta Jarraipen Batzordean.

PROZEDURAZKO JARDUNBIDEA

Gaurko agerraldian, bai Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Múgicak bai IVAPeko zuzendari Maite Iruretagoienak xehetasunez adierazi dituzte EEP hau zuzendu duten jardunbideak eta prozedurak; 2017ko ekainean itundu zen EEP hau SATSE, SME eta UGT sindikatuekin eta 2018ko urtarrilaren 16an adostu ziren bertan jasotzen diren oinarriak eta gaiak Osakidetzako Mahai Sektorialean, non Jarraipen Batzorde bat ere eratu zen sindikatuetako ordezkaritza sinatzailearekin.

Zuzendaritzak eta sindikatuek batera egindako lanari esker, gardentasunari eta segurtasunari dagokienez gehitutako hobekuntzen artetik, bost eremu nabarmentzen dira: lehen aldiz eratu dira epaimahai parekideak; epaimahai guztietan kide bat gehitu da sindikatuak ordezkatuz; lehenengo ariketa IVAPi enkargatu zaio zuzenketa-prozedura automatizatu bat egiteko; ariketen puntuazio-baremoa aldatu egin da, eta 65 puntu ematen zaizkio azterketa teorikoari eta 35 puntu proba praktikoari; eta oposizio-faseko nota baliozkotzat mantentzen da hurrengo deialdiari begira.

OSAKIDETZA PROZEDURAK

Epaimahaiei dagokienez, Osakidetzako zuzendari nagusiak gogora ekarri du zuzendaritzaren eta sindikatuen artean itundutako oinarri orokorrek euren erregulazioa jasotzen dutela, eta bertan ezartzen dela izendapenak Osakidetzako langile finkoentzat izan behar duela, gaikuntza, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatu batekin, eta bertako kideen inpartzialtasun- eta profesionaltasun-printzipioak bete behar dituela. Erabateko autonomia funtzionalaz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta bere objektibotasuna bermatzeaz arduratuz. Gainera, deialdiaren oinarrien aplikazioan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta irizpideak finkatu behar ditu aurreikusita ez dauden kasuetarako.

Zehazki, martxoan zehar, epaimahai guztien osaera eman zen argitara. Epaimahaiak 1.242 pertsonak osatuak dira: 565 gizon eta 677 emakume, eta lehen aldiz dira epaimahai parekideak. Gainera, nabarmendu beharra dago kategoria desberdinetako 68 profesional, epaimahaikide izateko izendatuak, sindikatu sinatzaileek proposatuta izendatu zirela, 2017ko ekainean, lortutako akordioaren betearazpena eta jarraipena bermatzeko.

Epaimahai medikoei dagokienez, guztizko 631 parte-hartzaileetatik, 357 fakultatibo medikoak edo teknikoak dira, eta 274 buruzagitzadunak dira, hau da, % 43 bakarrik dira buruzagitzadun klinikoak. Bestalde, osasun-arloko beste zerbitzu batzuetako 33 profesionalek parte hartu dute epaimahai medikoetan kide gisa.

María Jesús Múgicak adierazi bezala, Osakidetzak informazio publikorako sistema zorrotz bat du, etengabea eta eguneratua, EEParen hautaketa-prozesuei buruzkoa, bere web orriaren bitartez. Informazio hori hedabideetako informazio puntualarekin osatzen da, proba guztien berri emateko.

Gainera, aukera eta tratu berdina izateko eskubideei dagokienez, EEP honetara aurkeztu ziren pertsonak babesten dituztenei alegia, Osakidetzak prozedura bereziak ditu kasu hauetarako: amatasuna, ospitaleratzea, gaixondoko aldia edo beste osasun-traba larri batzuk, deialdiaren oinarriek ezarri bezala. Hautaketa-probak egin zitzaizkien, aldi berean, BECen eta Las Nieves gelategian egindakoen segurtasun-berme eta eduki berekin, 19 pertsonari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 7 ospitaletan.

Azkenik, Osakidetzako zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, prozesu hori guztia 2018ko maiatzean eta ekainean amaitu zen, kategoria guztietako probak egitean, normaltasun osoz eta oso modu garbian, oso proba konplexuak izan arren eta oposiziogile ugari egon arren, neurri handi batean, nabarmendu duenez, antolamenduan inplikatutako profesionalen lanari eta profesionaltasunari esker.

IVAP PROZEDURAK

IVAPen zuzendari Maite Iruretagoienak, berriz, zehatz-mehatz azaldu du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak burututako prozesu osoa, Osakidetzako azterketak idazteko enkargua jaso zuenetik hasi eta proba horiek egin baino bi ordu lehenago epaimahaiei eman arte.

Esan duenez, Osakidetzak eta IVAPek aipagai dugun Lan Eskaintza Publikoa egiteko “kudeaketako gomendioa” 2018ko urtarrilaren 26an sinatu zuten. Akordioan hiru eginkizun sartzen ziren: erantzun-aukera anitzeko azterketa teorikoak egitea, gaztelaniaz eta euskaraz; hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ariketen ereduak sortzea, ariketa horiek antolatzea eta egitea, eta epaimahaiari arlo tekniko eta administratiboko aholkularitza ematea, ariketok zuzentzeko eta ebaluatzeko; eta azterketa teoriko bakoitzeko behar beste ale editatzea eta garraiatzea, eta editatutako azterketa teoriko horiek zaintzeko erantzukizuna hartzea, azterketa hasteko momentua iritsi arte.

Maite Iruretagoienak probak egiteko prozesu konplexua azaldu du. Bi hilabeteko epe laburrean, IVAPek 86 espezialitatetarako azterketa teorikoak prestatu zituen, denak ala denak proben deialdiaren oinarrietan argitaratutako bibliografian aipatzen direnak. 9.000 galdera baino gehiago erabili ziren. Sortu zenetik aritzen da IVAP, beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan, hautaketa-probak egiten, baina, oraingo honetan, deialdiko prozesu askotan, jakinduria-arloa ez zen IVAPentzat ohikoena, eta azaldu duenez: “Probak sortzeko prozesuan derrigorra genuen muturrera eramatea segurtasun-neurriak, hau da, prozesuaren trazabilitatea bermatu beharra zegoen, eta ahalik eta jenderik gutxienak esku hartu behar zuen”. Hori horrela izanik, Maite Iruretagoienak azaldu du IVAPek “bi egoera uztartu behar izan zirela: batetik, bere ohiko erantzukizunaz jardun behar zuela, hau da, azterketak konfidentzialtasuna gordez prestatzea, eta horiek azterketa-egunera arte gorde eta zaintzea; eta, aldi berean, azterketa tekniko eta zehatzenak prestatzeko orduan, IVAPetik kanpoko langile ez ohikoengana jo beharra zeukan”.

Hori hala izanik, IVAPek prozedura berria diseinatu zuen, eta ohiz kanpoko segurtasun neurri bereziak erantsi zituen:

  • Prozesu guztia kudeatzeko, IVAPeko lau laguneko talde bat osatu zuen –denak ere hautaketa-prozesuetan eskarmentu handia zutenak–. Pertsona horietako bakoitza hainbat lanbide-kategoriatako azterketak kudeatzeaz arduratu zen; guztira 86 kategoria.
  • 141 aditurekin jarri zen harremanetan, guztiak ere ospe handikoak, 9.000 galdera baino gehiago idazteko. Horien artean, baziren IVAPekin hainbat hautaketa-prozesutan sarritan lankidetzan aritutakoak, baina baita aztergai zehatzez asko zekiten beste profesional batzuk ere; profesional horiek aukeratzeko orduan, Osakidetzako ekipoekin lankidetza estuan jardun zuen IVAPek, hain zuzen ere, aztertu beharreko osasun-arlo horretan, eurak baitira berariaz jakitun.
  • IVAPek informatika-arloko segurtasun-baliabide bat koordinatu zuen EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearekin, oposizio honetarako berariaz prestatua. IVAPek eta EJIEk gordailu seguru bat sortu zuten, informazioa trukatzeko IVAPeko teknikarien eta ariketa-sortzaileen artean. “SharePoint IVAPeko Bilgunea” deiturikoa jarri zuten martxan, SharePoint aplikazioaren bidez; Microsoft Office-en artxiboak biltegiratu eta elkarbanatzeko produktua da, eta Microsoft Office 365 Zerbitzua oinarri hartuta garatu da. Baimen pertsonalizatuak eta segurtasun-sistema bat ditu, aldian-aldian auditatzen dira eta nazioartean egiaztatutakoa da sistema. SharePoint-ean 86 karpeta sortu ziren, kategoria bakoitzeko bana. Kolaboratzaileetako bakoitzak bere deialdiari zegokion karpetan sartzeko baimen informatikoa zeukan, horretarako baino ez.
  • IVAPek erabaki zuen azterketa guztiek egitura bera izango zutela:
    • 100 galdera, eta beste 10, erreserbakoak. Horietatik, 91 galdera azterketa bakoitzaren zati izan ziren, eta 9 erreserba moduan gorde ziren.
    • Galdera bat, eta, aukeran, lau erantzun.
    • 100 galdera horietatik 91, espezialitateko gai-zerrenda orokorrekoak izan ziren, eta 9 gai-zerrenda komunekoak. Erreserbako 10 galdera horietatik 9 gai-zerrenda orokorrekoak ziren, eta 1 gai-zerrenda komunekoa. Gai-zerrenda komunik ez zegoen deialdietan, 110 galderak gai-zerrenda orokorrekoak izan ziren.
    • Espezialitate bakoitzerako bi azterketa-eredu egin ziren. Galderak berberak izan ziren bietan, baina hurrenkera ezberdina izan zuten.

Ariketen konfidentzialtasuna bermatzeko, segurtasun-, zaintza- eta jagoletza-protokoloei jarraituz, IVAPeko lau arduradunek dokumentazioa bidali zieten adituei, posta elektroniko seguru bidez.

Kontratuen konfidentzialtasun-klausulaz gainera, bermeak handiagoak izateko, goian aipatutako dokumentu horiek guztiak bidaltzeko posta elektronikoan IVAPek berriz ere idatziz ondorengo oharra egin zien profesional adituei, konfidentzialtasunaz: “Bukatzeko, gogorarazi nahi dizugu erabateko diskrezioz jardun beharra dagoela, bai eskaera honi eta ariketa prestatzeko zure lankidetzari dagokionez, bai egindako galderak zaintzeari dagokionez, kontuan izanda Lan Eskaintza Publikoaren prozesuak zer nolako eragin publikoa izango duen. Egoera hori izanik, babes-neurriak muturreraino eraman beharrean gara, prozesua erabateko konfidentzialtasunaz eta segurtasun juridikoaz joan dadin aurrera. Ondorioz, ni neu izango naiz harremanetarako solaskidea, eta nik jasoko ditut galderak, idatzita daudenean”.

Azterketak idatzi eta gero, IVAPek itzuli egin zituen. Prozesu hori, IVAPen zuzendariak, Maite Iruretagoienak, esan duenez, IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak burutu zuen, lan horiek egiten ohituta dauden funtzionarioen bidez, baina Maramara Taldearen lankidetza ere izan zen horretarako. Hain zuzen ere, enpresa hori da, lehiaketa publikoaren bidez, era horretako itzulpenak egiteko esleipenduna, eta kontratuan itzulpenen edukiaren inguruko konfidentzialtasunaz diharduen klausula bat dago: “Egindako lan guztiak konfidentzialak izango dira, eta esleipendunak ezingo du bere onurarako erabili, ez eta beste inori eman ere, kontratatutako lanei buruzko informaziorik edo daturik, Osakidetzak idatzizko baimena eman ezean. Beraz, eskura dauzkan bitarteko guztiak erabili beharko ditu bai administraziotik jasotako informazioaren nahiz dokumentazioaren bai egindako lanaren emaitzaren konfidentzialtasuna eta isilpekotasuna gordetzeko.

Era berean, IVAPen zuzendariak azterketak inprimatu eta lekualdatzeko

prozesua deskribatu du; segurtasun-protokolo zorrotza beteta egindakoa.

Azpimarratu beharrekoa da epaimahaietako inork ez zituela azterketak izan probak egiten hasi baino bi ordu lehenagora arte. Gainera, segurtasuna areagotzeko asmoz, epaimahaikideei hitzez gogorarazi zitzaien eman zizkieten proben edukiaren konfidentzialtasuna gorde beharra zegoela, geratzen ziren bi ordu horietan.

JARDUNBIDEAK 2018KO EKAINAREN 1ETIK AURRERA

Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Múgicak Legebiltzar Batzordearen aurrean bigarren aldiz esku hartu duenean kronologikoki errepasatu ditu Osakidetzak garatutako jardunbideak joan den ekainaren 1etik, Angiologiako epaimahaikide batek igorritako idatzi bat jaso zenetik. Labur-labur, mugarri hauetan geratzen da jasota:

-Ekainak 1. Idatzi bat jaso zuen Osakidetzak, ustezko irregulartasun bat salatzen zuena. Berehala bildu zen Epaimahaia eta aztertu zuen egoera. Goiz hartan bertan, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak ikerketa-espediente bat irekitzea erabaki zuen, eta lehenengo komunikatu bat igorri zuen.

-Ekainak 4. Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren bilera. Bertan, EEPa osatzen zuten proba guztien emaitzen koherentzia-analisi zorrotz bat egitea erabaki zuten. Analisi hori aste horretan bertan enkargatu zitzaion gaur Legebiltzarrean agerraldia egin duen adituari. Neurri hura, zeharo berritzailea, funtsezkoa izan da datu zehatzak eskueran izateko eta, horrela, hartu beharreko erabakietarako oinarri izateko. Egun hartan bertan, gaur egin den Legebiltzarreko agerraldiaren eskaera aurkeztu genuen, eskueran genuen informazio guztia emateko.

-Aste hartan bertan, 4 ikerketa-espediente ireki ziren ustez irregulartasunak egon ziren kategorietan. Osakidetzako zuzendari nagusiak bilera bat eskatu eta izan zuen Arartekoarekin.

-Ekainak 7. Osakidetzak EEParen Jarraipen Batzordea bildu zuen eskueran zuten informazio guztia eskaintzeko eta hartu beharreko neurriak kontrastatzeko.

-Ekainak 8. Osasuneko sailburuak gertatutakoa ikertzeko konpromisoa hartu zuen Legebiltzarraren aurrean, eta baita neurriak hartzekoa ere.

Bestalde, Legebiltzarrean adierazi ditu arrazoiak, argitzen dutenak zergatik uztailaren 11n, irekitako 4 espedienteak itxi ondoren eta analisi psikometrikoak jasota, Kardiologia, Angiologia eta Kirurgia Baskularra eta Anestesia Epaimahaiek erabaki zuten kategoria horietako azterketetako batzuk errepikatzea.

Gainera, María Jesús Múgicak gogora ekarri duenez, zenbait agerraldi publiko izan dira, eta aldi berean bilerak egin dira EEParen jarraipen-batzordearekin, sindikatuekin, medikuen elkargoekin, Legebiltzarreko taldeekin, eta Arartekoarekin, kontuan izanik hari lankidetza osoa eskaini zitzaiola hasiera-hasieratik, Fiskaltzarekin lankidetzan aritzeko jarrera erakutsi zen bezala, horrelakorik eskatzen duten kasuetarako.

Bestalde, bere esku-hartzea amaitzean, azaldu egin ditu Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak jarraitutako irizpide matematikoak beste 4 informazio-espediente irekitzeko Urologia, Intentsiboak, Traumatologia eta Aparatu Digestiboa kategorietan, eta Osasuneko sailburuak hartutako konpromiso bera hartu du, hain zuzen ere irailean berriz Legebiltzarrera bertaratzekoa analizatutako 86 kategorien emaitzekin eta ondorioekin, EEP 2016-2017 erabateko gardentasunez amaitzea helburu hartuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak