Berriak Lehendakaritza
Eu

Viñas Leizaola-Finca el Sacramento upeltegian egindako ardoaren “berezitasuna” eta “kalitate bikaina” nabarmendu ditu Lehendakariak

2018.eko uztailak 13
  • Viñas Leizaola upeltegia bisitatu du Lehendakariak
  • Instalazio berriak bisitatu dituzte inaugurazioko ekitaldian

Iñigo Urkullu Lehendakaria Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapiarekin batera izan da Laguardiako Viñas Leizaola-Finca el Sacramento upeltegiaren inaugurazioan. Bertan, Arabako Errioxako ardo horren “berezitasuna” eta “kalitate bikaina” nabarmendu ditu Lehendakariak.

Gainera, Upeltegi balioei aipamen eginez, Lehendakariak azpimarratu ditu proiektuak “sustraietan eta ondo egindako lanean erakutsitako konfiantza”, eta baita “ekintzailetzarako eta talde-lanerako gaitasuna” eta “konfiantza eta ilusioa” balioak ere.

Lehendakariak azaldu du, zazpi urteko lanaren ondoren, Upeltegiak gauzatu egin duela amets bat. “Arabako Errioxa hazi egiten da proiektu honekin. Tradizioa eta modernitatea elkartzen dituen proiektua da, ardogintzaren eta mahastien kultur paisaia hau eta natura-gune hau ezagutzera emateko nahiarekin sortua”, adierazi du Lehendakariak.

“Ekimena. Borondatea. Nortasuna. Kultura. Natura. Historia. Artisautza. Ofizioa. Izaera. Horiek dira proiektu honek aditzera ematen dizkigun ideiak, produktuarekin eta lurrarekin konpromisoa hartua duen kultura bat islatzen dutenak, eta baita esperientziarekin eta kalitatearekin, eta ondo egindako lanak eragindako ilusioarekin ere”, esanez amaitu du Lehendakariak.

Bestalde, Urkullu Lehendakariak, Leizaola Lehendakariari egin dio erreferentzia bere hitzaldian, eta esan du "Leizaola Lehendakariak ere gogoa eta ilusioa erakutsi zituen garai zailenetan. Erbestean Eusko Jaurlaritzaren duintasuna eta eginkizuna mantendu zituen". Gainera, adierazi du ezberdinen arteko akordioa eta politikaren balioa azpimarratu zituela etorkizunari begira. "Egun ere, bere eredu horrek baliagarria izaten jarraitzen du eta gure ardura da arazo politikoei irtenbide politikoa eskaintzea".

Inaugurazioko ekitaldian upeltegia bisitatu dute, eta deposituen nabea, upeltegi-laneko gunea, Upelen Nabea eta Dastatze gunea ezagutzeko aukera izan dute bertan. Bisitan zehar, Lehendakariak ekaitzek mahastietan izan dituzten ondorioen inguruan kezka azaldu du.

Ekitaldian, Tapia Sailburuaz gain izan dira Arabako Diputatu Nagusi Ramiro González, Errioxako Nekazaritzako kontseilari Iñigo Nagore eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuorde Bittor Oroz. Bertan izan dira ere bai Leizaola Upeltegietako senideetako batzuk eta eraikina altxatu duen eraikuntza-enpresako kideak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak