Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Liburubila aurkeztu du, milaka liburu, ebook, film edota dokumentu historikorako sarbidea eskaintzen duen kultur edukien bilatzaile berritzailea

2018.eko uztailak 12
  • Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren edo eLiburutegiaren datu basearekin lotuta dago, 845.000 liburu, 16.250 liburu digital edota 67.267 ikus-entzunezkoren inguruko informazioa ematen duelarik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Liburubila aurkeztu du gaur, Euskadiko Irakurketa Sare Publikora, eLiburutegira eta kultura edukien inguruko beste zenbait atarira loturiko bilatzaile berritzailea. Proiektuaren helburua da erabiltzaileei informazioa eskaintzea, era erraz eta irisgarrian, aurki ditzaketen kultur edukiei eta horiek aurkitzeko lekuei buruzkoa. Eduki digitalen kasuan, Liburubila (www.liburubila.euskadi.eus) bilatzaileak horietara berehala jotzeko aukera eskaintzen du; gainerako edukien kasuan, maileguak ordenagailutik eskatzeko aukera ere ematen du.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria izan dira proiektu hau aurkezteko arduradunak, Euskadiko Artxibo Historikoan izandako ekitaldi batean. “Liburubila erakunde publikoek herritarren eskura jartzen duten edukien eskaintzaren atea da. Erabiltzaileek milaka liburu, liburu digital, formatu digitaleko film, irakurtzeko arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako audioliburuak, diskoak, dokumentu historikoak, dokumentu grafikoak edo ordenagailuko artxiboak aurkitu ahalko dituzte. Bilatzaile honen bidez, zuzenean kontsultatu ahalko dituzte, mailegu bat erreserbatu edo eduki horiek non aurki ditzakegun jakin”, esan du Muñozek.

Zehazki, Liburubila bilatzaileak 845.000 liburu, 16.250 liburu digital, 67.267 ikus-entzunezko artxibo (film fisikoak –gehienak DVD formatuan– edo film digitalak –eLiburutegiaren bidez, 1.600 baino gehiago–), 70.671 audio (gehienak liburutegien sarean eskuragarri dauden diskoak), 11.000 dokumentu digitalizatu, 4.500 irudi eta ordenagailuko 8.646 artxiboren gaineko informazioa eskaintzen du.

Bilatzailea Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarera eta haren katalogora lotuta dago. Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea 205 liburutegik eta 304 sukurtsalek (udalerri batek udal-liburutegi bakarra du, baina zenbait sukurtsal izan ditzake) eratzen dute; gehienak udal-titulartasunekoak dira, baina badaude udal-titulartasunekoak ez direnak ere (Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseum a…). Liburubilak zuzenean konektatzen du liburutegi horien guztien datu-basearekin, bai eta  eLiburutegiaren –Estatuko liburutegi digital handiena–, Liburukliken edo Ondareneten bidez kontsulta daitekeen eskaintza jaso dituen katalogoekin.

Tresna horren bidez, bilaketa-aukera desberdinak daude (egilearen, obraren edota hitzen arabera), eta informazio zabala eskaintzen du: funtsak kontsultatzeko aukera ematen du, non aurki daitezkeen, tituluak une horretan maileguan dauden ezagutu, informazioa esteken bidez orientatu, katalogoan sartu diren eta gure interesekoak diren titulu berriak egiaztatu, maileguak erreserbatu… Eduki digitalizatuen kasuan, Liburubilak sarbide zuzena eskaintzen du horietara, eta erraz lotzen du bilaketa kontsumo digitalarekin.

Leihatila bakarra

Proiektu honen bidez, ‘leihatila bakarra’ kontzeptua, kasu honetan digitala, liburutegien eta mediateken mundura eraman nahi izan da. “Proiektu aitzindaria da Estatuan, eta haren jatorria Finlandian sustatutako antzeko ekimena da. Bilatzaile hau garatzeko, urtebeteko lana behar izan dugu”, esan du Joxean Muñozek. Bilatzaile hau Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sareko liburutegietan erabiltzen ari da jadanik, baina herritar orok erabil dezake bere ordenagailu, tablet edo telefono mugikorretatik.

Sailburuordeak esan duenaren arabera, helburua da dauden eduki eta dokumentu kopuru handia antolatzea eta herritarrek horietara errazago jo ahal izatea. “Liburubilaren bidez, modu antolatuan aurkeztu ahal izan dugu Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarean eta beste atari batzuetan, besteak beste eLiburutegian, dugun kultura-eduki eta dokumentu-material kopuru handia. ‘Leihatila bakarra’ren bidez eskainiko dugu. Material hori guztia, orain, eskuragarriago dago herritarrentzat, eta, horrela, kultura-kontsumoa erraztu eta hari bide eman ahalko zaio”, esan du Muñozek.

Sailburuordeak, halaber, Sailetik kulturaren kontsumo digitala “ordenatuaren” inguruan egiten ari den sustapena ere aipatu du. “Esan ohi dugun moduan, eduki digitalen kasuan ere egile-eskubideak kontuan hartzen dituen eta dagozkion lizentziak ordaintzen dituen kultura-kontsumoaren aldeko apustua egiten dugu. Horrelako kontsumoa eskaintzen du eLiburutegiak eta, Liburubilari esker, herritarrengandik hurbilago dago gaurtik aurrera. Digitalizazioak kultura sustatzeko aukera berriak eskaini ditzakeelakoan gaude, eta biltzaile hau horren adibide da”, adierazi du.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko otsailak 26

    Me gustaría tener acceso al contrato para esto

Ekitaldiko kargudunak