Berriak Herrizaingoa
Eu

Itsasoan eta mendian arduragabekeriaz ez jokatzeko hiritarren kontzientziaziorako kanpaina

2011.eko otsailak 05

EAEn bilaketa eta erreskate operatiboa bi egunetik behin abiatzen dela

Orokorrean hiritarrek itsasoan eta mendian egiten dituzten aisialdi eta kirol jardueretan arduragabekeriazko jokabideak erauzteko kontzientziazio kanpaina bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak egindako ikerlan baten arabera, azken 15 urteotan itsasoan eta hiri-inguruetako guneetan 2.700 ekimen inguru egin dituzte.

Era berean, ikerlanak zehaztu du lurrean egiten diren bilaketa eta erreskate operazioak gero eta anitzagoak direla eta horien gastuak urteko 3.000.000 euro ingurukoak direla.

Raul Fernandez de Arroiabe Herrizaingo sailburuordearen hitzetan, kirol edo aisialdiko jarduerak egitera itsasora edo mendia doazenek, jakin beharra dute, jarduera bakoitzari dagokion hornidura erabili eta segurtasun neurri guztiak hartzeaz gain, adi jarraitu behar dituztela Euskalmetek eta Herrizaingo Sailak emandako abisu eta alertak. Horrela, egoera meteorologikoak muturrekoak direnean (alerta laranja edo gorria), bertan behera utzi beharko dituzte edozein motatako irteerak.
 
Tasa berria

Zentzu honetan, Fernandez de Arroiabek jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legea izenekoa ezarriko duela ekainetik aurrera. Neurri honi esker, zuhurtziarik gabe eta aipatutako abisuei kasurik egin gabe, arrisku-guneetara hurbiltzen direnei beren bilaketa edo erreskateari dagozkion gastuak ordainaraziko zaizkie.

Era berean, Herrizaingo sailburuordeak muturreko kirolen zaleei gomendatu zien mendiko federazioaren edo egiten duten arrisku kirolari dagokion txartela lortzeko, erreskate kasu baten gastuei aurre egingo dien asegurua eduki ahal izateko. Izan ere, Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legea onartua izan ostean, kirolariek ordaindu beharko dituzte gastu guztiak, egoera meteorologikoa edozein dela ere. Hala egiten da Suitza, Alemania, Austria edo Italian.

"Errepidean eragin dezakegun arriskua dela eta, ibilgailu bat gidatzeak asegurua edukitzera nahitaez behartzen bagaitu, halako kirolek ere aseguru bat behar dute, gerta daitekeen edozein arriskuz kirolaria babesteko", gaineratu du.

Herrizaingo sailburuordearen aburuz, "maila horretako kirolari batek, egiten duen ekintzaren arriskuaz jakitun izan behar du eta beraz, era guztietako gertakariei aurre egiteko behar bezala prestatuta egon behar du".

Erabaki hori "baliabide publikoak zuzen eta zorrotz banatzeko" hartu dutela adierazi ondoren, Fernandez de Arroiabek gogorarazi egin zuen aipatutako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Lege horretan jasotako tarifak zein diren: operatiboan parte hartzen duen persona bakoitzeko, 37 euro/h, eta erreskaterako helikopteroa, 2.200 euro/h.

Salbuespenak

Lege berriak salbuespen batzuk ere ezarri ditu. Ez dituzte erreskateak ordaindu beharko anomalia, balio-urritasun edo adimen-urritasunen bat duten pertsonek, 16 urtetik beherakoek eta erreskatean, aurretik edo ondoren zendu direnek. Beti ere, bilaketa, erreskate eta salbamendu operatiboak abiarazi dituen arrazoi beraren ondorioa izan behar da heriotza.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko