Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lan istripuak % 7 jaitsi ziren 2010ean

2011.eko otsailak 04

58 langile hil ziren iaz laneko ezbeharra izan ondores, 2009an baino %9 gutxiago

Lan-istripuak % 7 jaitsi ziren 2010ean Euskadin. Guztira, 88.441 lan-istripu izan ziren, eta horietatik 34.109k baja eragin zuten, 2009an, aldiz, 35.200 izan ziren; horrek esan nahi du, beraz, baja eragin zuen ezbehar-tasa % 3,10 jaitsi zela.

Baja eragin zuten istripuen murrizketak sektore ekonomiko guztiei eragin zien, baina intentsitate desberdinarekin: jaitsiera handiena eraikuntzaren sektorean izan zen, % 8,03rekin; ondoren lehen mailako sektorean (nekazaritza, meatzaritza eta arrantza), % 7,10ekin, industrian: % 4,16, eta zerbitzuetan: % 0,03 gertatu zen.

 Istripu hilgarriei dagokienez, 58 langile hil ziren iaz laneko ezbeharra izan ondoren, 2009an baino % 9 gutxiago. 58 istripu hilgarri horietatik, 47k baja-agiria eragin zuten, eta gainerakoak autonomoei eta beste autonomia-erkidego batzuetako enpresei dagozkie. 

 Baja-agiria eragin zuten 47 istripu hilgarrien barnean, hamar in itinere izan ziren, hau da, langilearen etxebizitzatik lantokirako bidaian gertatu ziren. Beste 37etatik, 20 traumatikoak izan ziren eta 17 kausa naturalak zirela-eta gertatu ziren (esate baterako, bihotzeko bat lantokian).

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren mende dagoen OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 2010eko laneko ezbehar-tasari buruz egin duen azterketaren arabera, eraikuntzaren alorrean istripu-tasari eutsi izana, (500 ezbehar gutxiago izan ziren) berri hoberenetako bat izan zen tradizionalki gertakariek markatuta egon den sektorearentzat. Urtea amaitu zenean, guztira, 7 istripu hilgarri izan ziren sektore horretan (2009an 12 izan ziren), hots, aurreko urtean baino % 41,67 gutxiago. Sektore horretan aplikatzen ari diren arriskuak prebenitzeko politikek eragin positiboa dute.

 Estrategia horien artean Lotu programa nabarmendu behar da, ekimen hori gizarte-elkarrizketaren Mahaiak babesten du Eusko Jaurlaritzaren, Confebask-en, CCOOren eta UGTren arteko akordioarekin. Ohiko ikuspegi orokorren aurka, Lotu ekimenaren oinarria da istripurik larrienak arrisku bakan batzuetan biltzen direla (adibidez, eskaileretatik, aldamioetatik, baoetatik eta abarretatik izaten diren erorikoak), eta, horregatik, informazioaren eta kontzientziazioaren ahaleginak praktikan eraginkorrenak diren arloetan zentra daitezke.

 Ezbehar-tasaren jaitsiera orokorra desberdina izan zen lurralde bakoitzean. Araban 7.277 istripu izan ziren, 2009an, aldiz 7.335; beraz, % 0,79 jaitsi zen; Bizkaian % 2,99 jaitsi zen (lanaldian baja eragin zuten 19.345 istripu 2010ean; aitzitik, 2009an 19.941); eta, azkenik, Gipuzkoan izan ziren emaitza hoberenak, % 3,71 jaitsi baitzen (11.489 istripu; 2009an, aldiz, 11.932).

 Laneko ezbeharren estatistikazko laburpenak OSALAN Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen webgunean ikus daitezke: www.osalan.net

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan