Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gemma Zabaleta: “enpresaburuen, sindikatuen eta administrazioaren arteko lankidetza behar dugu, lan-ingurune seguruagoa lortuko badugu”

2011.eko otsailak 04

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak gaur inauguratu du Arrasaten arriskuen prebentzioaren arloko profesionalentzako lan-jardunaldi bat, eta Eusko Jaurlaritza enplegu "egonkor, kalitatezko, seguru eta osasungarri" baten alde egiten ari den apustua helarazi die parte-hartzaileei. Jardunaldia Osarten-ek antolatu du, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren mendeko OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen lankidetzarekin.

Bere azalpenean, arlo hori arautzen duen estatuko legea indarrean hasi zenetik hamabost urte bete ondoren prebentzioaren alorrean lortu diren aurrerapauso eskasengatik kexu agertu da Zabaleta, "lan-istripuak eguneroko errealitatea dira eta estatistika kezkagarriek berresten dutenez, prebentzioaren kultura oraindik ez da enpresetan ezarri beharrezko sendotasun eta eraginkortasunarekin". Ondoren, itxaropentsu agertu da Lan Ikuskaritzak laster izango duen eskualdaketak lan-arloko arau guztiak beteko direla bermatzea ahalbidetuko duelako, batez ere segurtasunarekin eta osasunarekin loturikoak.

Sailburuaren ustez, administrazio publikoek ezin diote arriskuen prebentzioarekiko konpromisoari alde bakarretik ekin, eta, aitzitik, lan-arloko agente guztiak inplikatzen dituen zeregina behar du izan. "Administrazio publikoek beren erantzukizunak dituzte, baina enpresaburu eta sindikatuenak ez dira txikiagoak politika horien funtsezko garrantzia zabaltzeari eta horren inguruan kontzientziatzeari dagokionez. Lankidetza da lan-ingurune seguruago baterantz aurrera egiteko modu bakarra", azpimarratu du.

Testuinguru horretan, Osalanek eta Gizarte Elkarrizketaren Mahaiak 2011-2014 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasuneko estrategia elkarrekin adosteko egindako ahalegina onetsi du Enpleguko sailburuak, estrategia horren ildo nagusietako baten aztergaia lan-prebentzioaren arloko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa dela kontuan hartuta betiere. "Prebentzio-kultura indartu nahi dugu gizartean biztanleriaren segmentu bakoitzerako espezifikoki diseinaturiko ekintzen bidez, gizartea bera garatzen diren ekimenetan inplikatuta", gehitu du sailburuak, arlo horretan aurrera egiteko ikerketa, prestakuntza eta informazioa ere funtsezko alderdiak direla uste duen sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)