Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Beatriz Artolazabal: “Euskadin enplegua eta lehiakortasuna hobetzeak eskatzen du pertsonen kualifikazioaren eremura zuzentzen diren politika guztiak sendotzea”

2018-07-06
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zentro laguntzaileei enplegurako lanbide-heziketarako laguntzen deialdi berrien nobedadeen berri emateko jardunaldian parte hartu du
  • Lehenengoz, laguntzak bi urtekoak izango dira

VG 2018 VII 06

Lanbideko 400 zentro laguntzailetako arduradunek hitzordua izan dute gaur, Vitoria-Gasteizen, pasa den asteazkenean, ekainaren 27an, erakunde autonomoko Administrazio Kontseiluak 95,8 milioi euroan onetsi zituen enplegurako lanbide-heziketako ekintzak egiteko laguntzen bi deialdien aurkezpen-ekitaldian.

 

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak topaketa inauguratu dute; bertan, bi deialdien ezaugarriak eta nobedade nagusiak aztertu dira, langabeei zuzentzen zaien deialdikoak, eta dagoeneko enplegua duten pertsonen lanbide-gaikuntza mantentzea finantzatzen duenarenak (etengabeko prestakuntza).

 

Artolazabal sailburuak nabarmendu du “Eusko Jaurlaritzak aurrekontu aldetik egiten duen ahalegina, enplegurako lanbide-heziketa sustatzeko orduan. Euskadin enplegua eta lehiakortasuna hobetzeak eskatzen du pertsonen kualifikazioaren eremura zuzentzen diren politika guztiak sendotzea, batik bat lanbide-heziketa mota eta mailenak”.

 

Sailburuak azaldu duenaren arabera, “aurtengo deialdietan nobedadeak daude, eta horien bidez erraztu egingo dira prestakuntza-ekintzen kudeaketa eta programazioa eta aukera emango da eskaintza kolektiboen premietara egokitzeko”.

 

Garrantzitsuenetako bat urterokotasun anitza da; izan ere, lehenengoz, laguntzak bi urtekoak izango dira (2018-2020). “Deialdi hauetan diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak denboran zabalago garatu ahal izateak aukera emango du horiek planifikatuago eta orekatuago gauzatzeko”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

“Langabeen enplegagarritasunean inpaktu handiagoa ekar dezaketen lehentasunezko espezialitateak identifikatzeko ahalegina egiten jarraitu dugu”, esan du Enpleguko euskal arduradunak. Bestalde, Borja Belandiak nabarmendu du “enplegurako lanbide-heziketa enplegu-politika aktiboen tresna osoagoa dela, pertsonen garapen pertsonalari eta profesionalari eta lanean sustatzeari laguntzen baitie”. Zehazki, enplegurik ez duten eta laneratzeko zailtasun gehien duten pertsonak aipatu ditu.

 

Eusko Jaurlaritzak 66 milioi euro bideratuko ditu langabeek laneratzeko duten gaitasuna hobetzera. 2017an, Lanbidek eremu horren barruan finantzatutako prestakuntza-ekintzetan 24.233 pertsonak parte hartu zuten; parte-hartzaile kopurua igo egin zen.

 

Bestalde, beste 29,8 milioi Euskal Autonomia Erkidegoan okupatuta dauden langileei nagusiki zuzendutako 2018-2020 prestakuntza-eskaintza finantzatzera bideratuko dira. Lanbideren erakunde laguntzaile gisa, Hobetuzek laguntza-ildo horren kudeaketan parte hartuko du. Maiatzaren amaierarako, 19.975 pertsonak, guztira, parte hartu zuten etengabeko prestakuntzako ikastaroetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)