Eu

Euskadiko 40 konpainia handik mundu osoko Start-Upen trakziogile lanak egingo dituzte BIND 4.0 programaren hirugarren edizioan

2018.eko uztailak 06
  • Hauek dira aurten ekimenarekin bat egingo duten enpresetako batzuk: Siemens Gamesa, Mondragon Korporazioa, Tubacex, Orona, Quirón Salud, Faes Farma eta IMQ
  • Industria adimenduneko proiektuen azeleratzaile publiko-pribatua sendotu egin da eta erreferentzia da jada bere esparruan, azken urtean bikoiztu egin baititu lehen edizioko zifrak
  • Teknologia berriekin loturiko 40 proiektu garatu dira (16 izan ziren iaz), eta 27 enpresa trakziogile eta beste horrenbeste startup aritu dira elkarlanean (2017an 15 eta 11 izan ziren, hurrenez hurren)
  • Hurrengo urtean, osasunaren arloko teknologiekin loturiko proiektuak aurkeztu ahal izango dira deialdian; horixe izango da gaur publiko egin den hirugarren edizioaren berritasun nagusia
  • Ekimena gaur aurkeztu da Donostian, Demo Day jardunaldi batean, eta bertan bildu dira 200 startup enpresa, inbertitzaileak eta Ekonomiaren Garapen Saileko arduradunak, Arantxa Tapia sailburua guztien buru zela

Donostia, 2018ko uztailaren 6a.- BIND 4.0 programaren Demo Day jardunaldia egin da gaur Kursaal Jauregian, eta bertan aurkeztu dira ekimenaren bigarren edizioaren balantzea eta garatutako proiektuak. Era berean, Euskadin talentua erakartzeko eta industria adimenduna garatzeko helburuarekin martxan jarritako plataforma publiko-pribatu honen hirugarren deialdia ere iragarri da gaurko ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko eta SPRI Taldeko arduradunek, Arantxa Tapia sailburua gidari zela, eta enpresa eta startup partaideetako ordezkariek eta inbertitzaileek (200 lagun baino gehiago guztira) lorpenen balantzea egin dute, eta ekimenaren berrikuntzak aurkeztu dituzte. Bi urteko ibilbidean, gero eta interes eta partaidetza handiagoa lortu du programak, bai startup-en artean bai trakziogile lanak egiten dituzten euskal konpainia handien artean.

BIND 4.0 programa 2016an jarri zen martxan, startup berritzaileak (Euskadikoak ez ezik baita kanpokoak ere, deialdia nazioarte osorako baita) eta Euskadin egoitza duten konpainia sendotuak hartu-emanean jartzeko. Euskal industriaren eraldaketa digitala bultzatzeko aukera ematen du egitasmoak, eta, aldi berean, erreferentziazko bezeroen eskutik eta benetako proiektuen bidez ekimen berritzaileak finkatzeko eta azeleratzeko modua ere bai.

Gaur goizean egin dute publiko BIND 4.0 proiektuaren hirugarren edizioaren nazioarteko deialdia, bi berrikuntza nagusirekin. Alde batetik, 40 enpresa trakziogile izango dira hirugarren honetan (24 izan dira bigarrenean), eta, horien artean, Euskadiko erreferentziako konpainiak, hala nola Siemens Gamesa, Mondragon Korporazioa, Tubacex eta Orona, batuko zaizkie lehendik zeuden Mercedes-Benz, Arcelor, ABB, Iberdrola, Michelin, Euskaltel eta beste batzuei.

Bigarren berrikuntza nagusia da deialdi berrian Osasunaren arloko teknologien sektoreko proiektuak ere aurkeztu ahal izango direla. Hala, ekimena bat dator Eusko Jaurlaritzak ezarritako lehentasun estrategikoekin, baita ikerketan eta berrikuntzan RIS3 espezializazio adimenduna xede duen Europako ikuspegiarekin ere. Estrategia horrek barnean hartzen du, BIND 4.0 programaren lehen bi edizioetan jasotako esparruez gain (Fabrikazio Aurreratua, Energia, etab.), gero eta indar handiagoa hartzen ari den HealthTech sektorea, osasun arazoen hautemate goiztiarrerako eta tratamendu berritzailerako. Alde horretatik, Euskadin egoitza duten enpresa trakziogile hauek batuko dira programara: Onkologikoa, Reiner Medical, Quirón Salud, Faes Farma eta IMQ Taldea.

Bigarren edizioaren emaitzak

Bigarren edizioan, BIND 4.0 programak sendotasuna lortu du horrelako ekimenetan. Alde batetik, bikoiztu baino gehiago egin ditu zifra nagusiak, bai startup partaideen kopurua (lehen edizioan 11 izan ziren eta oraingoan 27) bai garatutako proiektuena ere (40 oraingoan, eta 16 aurrenekoan). Bestetik, 385 proiektu aurkeztu dira 2018an eta iaz 257 izan ziren; aurkeztutako lautik hiru (%75) lau kontinentetako 56 herrialdetatik iritsi dira. Enpresa trakziogileak ere nabarmen ugaritu dira (27 izan dira bigarren honetan, eta 15 aurrenekoan), eta kontratuen batez besteko zenbatekoa 50.000 eurokoa izan da.

Euskadiko 50 startup aurkeztu dira BIND 4.0 programaren bigarren edizioan, eta nazioarteko beste asko: Europako hainbat herrialdetako 156, Ipar eta Hego Amerikako 98, Asiako 127 eta Afrikako lau.

Azkenik 27 enpresa izan dira hautatuak, eta indar hartzen ari diren startup horiek 40 proiektu jarri dituzten martxan 24 euskal konpainiarekin elkarlanean. Besteren artean, Mercedes-Benz (sei proiektu abiarazi dira enpresa honetan), Aernnova, Alcor, Batz, CAF, Danobat eta Euskaltel izan dira trakziogile proiektu horietan. Proiektuak, besteak beste, esparru teknologiko hauetakoak izan dira: Big Data, errealitate birtuala eta areagotua, gauzen Internet, fabrikazio gehigarria, sistema ziberfisikoak, zibersegurtasuna eta ikusmen artifiziala.

Gaur Donostian egin den BIND 4.0 Demo Day jardunaldian Arantxa Tapia sailburua eta Saileko hainbat arduradun bertaratu dira, eta haiekin batera, ekimenean partaide izan diren startup eta enpresa trakziogileak, inbertitzaileak eta eragile ekonomikoak eta teknologikoak.

Alex Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusiak egin du hasierako aurkezpena, eta ondoren, Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak hartu du hitza, BIND 4.0 Programaren bigarren edizio honetako adierazle nagusiak azaltzeko. Jarraian, protagonistek beraiek, enpresa trakziogileek eta startup-ek, aurkeztu dituzte, banaka-banaka, beren gaitasunak eta gauzatutako proiektuak. Aitor Urzelaik berak programaren III. edizioa aurkeztu du segidan, eta Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, itxi du jardunaldia.

BIND 4.0 programa

Euskadin Laugarren Industria Iraultza deritzona garatzeko apustuaren emaitza da BIND 4.0 (fabriken digitalizazioa da iraultza horren bereizgarria), talentua eta startup onenak erakartzeko mundu mailako lehiaren esparruan. Helburu horretan bat egin dute EAEko eragile publikoek (Eusko Jaurlaritza, SPRI Taldea, Foru Aldundiak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak) eta Euskadin egoitza duten enpresa-korporazio pribatu nagusiek, baita nazioarteko punta-puntako konpainiek ere, hala nola Google, Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services-ek (hauek laguntzaile teknologiko gisa esku hartzen dute).

Programak aldi bien interesak uztartzen ditu: alde batetik, euskal enpresa handiek soluzio teknologiko berriak proposatzeko gai diren startup-ak behar dituzte, eta bestetik, Bind 4.0 programak laguntza ematen die startup horiei hainbat esparrutan: fakturazioan, entzute handiko bezeroen eskutik merkaturako bidea egiten eta garapeneko hasierako fasean inbertitzeko eta/edo finantzatzeko baliabideak ematen. Modu horretara bi helburu konbinatzen dira: gora bidean diren enpresa-proiektuak azeleratzea eta sendotutako konpainiei eraldaketa digitalerako bultzada ematea.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AAStartups
    2018.eko uztailak 06

    Comentario de Twitter:
    Nuevo: Irekia Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco :: Un total de 40 grandes firm… https://t.co/eJyywwYXwv, see more https://t.co/8SGy8cJ7j2

  • @InakiBeristain
    2018.eko uztailak 06

    Comentario de Twitter:
    Top story: Irekia Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco :: Un total de 40 grandes … https://t.co/XrCybT8Wm6, see more https://t.co/HjVyIbaapf

Ekitaldiko kargudunak