Berriak Lehendakaritza
Eu

Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluak oneritzia eman die Foru Aldundien lankidetzarako protokoloei, memoria historikoari dagozkion politikak koordinatu eta partekatzeko

2018.eko uztailak 10

• Bileran, Gogoraren zuzendaritzak Herenegun Unitate Didaktikoa prestatzeko lanen nondik norakoen berri eman du eta 2018ko Memoria Eguna prestatzeko hausnarketari hasiera eman dio.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru duela egin da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritza kontseilua. Lehendakariak ondoan izan ditu Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia eta Aintzane Ezenarro Institutuaren zuzendaria.

Bileran oneritzia eman zaie memoria historikoaren arloko Foru Aldundien lankidetzarako protokoloei. Protokolo hauen bitartez Foru Aldundiek frankismo garaian errepresaliatuak izan ziren pertsonen dokumentaziorako sarbidea errazteko konpromezua hartzen dute; eta baita koordinatzekoa eta Gogorari gai hauei buruz etorkizunean egin ditzaketen lanen berri ematekoa, irizpide eta lehentasunen diseinuaren prozesuan parte hartuz.

Bere aldetik, Gogorak gainontzeko erakunde sinatzaileei Gogoran dauden frankismo garaian errepresaliatuak izan ziren pertsonen dokumentaziorako sarbidea emateko konpromezua hartzen du; eta gai hauei buruz aurrera eraman ditzakeen lanak koordinatzekoa eta irizpideak ezartzekoa lehentasunen diseinu prozesuan, gainontzeko erakundeekin lankidetzan.

Bestalde, bileran zehar, Herenegun Unitate Didaktikoa prestatzeko lanen nondik norakoen berri eman da. Helburua Memoria Hurbila bezala izendatzen den aldia (1960-2018) irakasgai arrunt eta derrigorrezkoen curriculumean sartzea da, zehazki, DBHko 4. mailako Geografia eta Historiako irakasgaian eta Batxilergoko 2. mailako Espainiaren eta Euskal Herriaren Historiako irakasgaian.

Aurkezten den proposamenaren helburua esperientzia pilotu baterako oinarria izatea da, eta, esperientzia hori ebaluatu ondoren, beste urrats hau emango da: hezkuntza-material horren eskaintza hezkuntza-sistema osora hedatzea.

Bestalde, Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluak hasiera eman dio 2018ko Memoria Eguneko oroimen ekitaldia prestatzeko hausnarketa partekatuari. Gai hau datorren bileran landuko da berriro.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak