Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Gernikako Arbolaren kimu bat aldatzeko ekitaldian parte hartu du 650 urte bete dituen Lekeitioko Ama Domingotarren Komentuan

2018.eko uztailak 07

Iñigo Urkullu lehendakaria Lekeitioko Ama Domingotarren Komentua sortu zeneko 650. urtemuga ospatzeko ekitaldian izan da gaur goizean, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otaduik, lagunduta. Ospakizunean Gernikako Arbolaren kimu bat aldatu da, komentutik behartsuekin egin den lana omentzeko. 

Ekitaldi sinbolikoa Santo Domingo de Guzmán monasterioko lorategietan egin da, eta bertan izan dira, Iñigo Urkullu lehendakariaz gainera, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui, Elena Kortabarri ama priorea, Benita ama prioreordea, Bilboko Elizbarrutiko Mario Iceta gotzaina, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariorde Joseba Gezuraga, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzea Saileko foru diputatu Elena Unzueta, eta Lekeitioko alkate Koldo Goitia.

Ekitaldi publikoaren aurretik, erakundeen eta komunitate erlijiosoaren ordezkariek elkarretaratze pribatua egin dute monasterio barruan, eta, ondoren, Bilboko gotzainak eman duen mezan izan dira.

Behin erakundeen eta komunitate erlijiosoaren ordezkariek lehenengo palakadak bota dituztenean, musikaren eta dantzaren txanda iritsi da. Bertan zeuden guztiek “Gernikako Arbola” kantatu dute, eta, ondoren, Etorkizuna dantza-taldeko dantzariek emakumeen aurreskua egin dute. Jarraian, eta ekitaldiari amaiera emateko, Ama Domingotarrek afrikar jatorriko ohorezko dantza bat egin dute.

SERORATEGIA IZATETIK KOMENTU IZATERA

Erdi Aroan ohikoa zen herrietan serorategi bat izatea, eta bertan inguruko kaperak eta baselizak zaintzen aritzen ziren emakume taldeak bizi izaten ziren. Baliabide ekonomikorik ez zutenez, ezin izaten zuten komentu bat eraiki eta mantendu. On Tellok, une hartan Bizkaiko Jauna zenak, laga zion XIV. mende erdialdean bere jauregietako bat domingotarren fundazioari.

Hala ere, Egoitza Santuak horiek benetako monasterio bihurtzeko agindua eman zuen, euren arau eta konstituzio eta guzti. Juana Ibáñez de Arsuaga bermeotarrak lortu zuen komentuaren sorrera zehaztea. Juanaren fundazioak berez bazuen errebindikazio kutsu bat: serorategietako bat komentu bihurtzea, gizonezkoenaren baldintza beretan.

On Tello Bizkaiko Jauna zenetik etenik gabe beti komentu izan den Bizkaiko komentu bakarra da gaur egun.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak