Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernu Kontseiluak 2020rako herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan jarduteko V. Plana onartu du

2018.eko uztailak 10

Gobernu Kontseiluak “2020rako herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan jarduteko V. Plana” onartu du. Plana berdintasunaren, giza eskubideen eta bazterketa-ezaren printzipioetan oinarritua dago.

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta bozeramaileak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua aldamenean zuela, gaur eguerdian, Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri eman du.

Beatriz Artolazabal sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak 2020rako herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan jarduteko V. Plana onartu duela. Artolazabalek azaldu du, plan honen bitartez ekintza-ildo nagusiak ezarri direla “herritarren eskubideak eskuratzeko euskal gizarte berdinzale bat eraikitzeko helburuarekin. Planak Euskadin bizi diren pertsona guztien aukera-berdintasuna errazten du, sozialki bateratzen du eta sozialki baztertuen dauden kolektiboekin elkartasuna sustatzen du, pertsona eta kultura guztien dibertsitatea errespetatuz eta gizarte-elkarrekintzako testuinguru positibo bat sustatuz".

“Immigrazioa errealitate bat da”, azpimarratu du sailburua. Zentzu horretan, Artolazabalek adierazi du kultura-aniztasunak etorkizuneko gizarte europarra eta euskalduna definituko dituzten gakoetako bat dela. “Plan horren bitartez, Euskadik gizarte-kohesioa eta kolektibo kaltetuenekin elkartasuna sustatzen ditu, pertsona eta kultura guztien aniztasuna errespetatuz, eta elkarrekintza sozial positiboko testuinguru bat sustatuz”, azpimarratu du sailburuak.

Beatriz Artolazabalek adierazi du V. Plan honetan jarduteko hiru esparru nagusi finkatu direla: Hezkuntza, Enplegua eta Bizikidetza; gainera, beste hiru esparru osagarri ere aipatu ditu: Osasuna, Etxebizitza eta Justizia.

EMAKUNDE SARIA

Gobernu Kontseiluak, gaur, Emakunde Saria 2018 edizioa onartu du. Sariaren azken helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan egindako lanagatik nabarmentzen diren pertsonen, entitateen edo erakundeen jarduketa saritzea. “Aurten ere, emakumeen lana eta euren ahalduntzea nabarmentzen duten, emakumearen papera baloratzen edo duintzen laguntzen duten, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen duten ekintzak, lanak edo proiektuak eredu gisa jarri nahi ditugu”, adierazi du Jaurlaritzako bozeramaileak.

ETE ETA AUTONOMOENTZAKO LAGUNTZAK

Bestalde, Josu Erkorekak jakinarazi du enpresa txiki eta ertainei eta profesional autonomoei zuzendutako 600 milioi euroko gastu bat onartu dela. Sailburuak azaldutakoaren arabera, laguntza-programa horren helburu da enpresek banku-finantzaketa jaso ahal izatea eta euren likideziako eta kapital zirkulatzaileko finantziazioaren arloko beharrei erantzun ahal izatea.

“Finantza-baldintzak mantentzen ditugu: Euribor sei hilabetetara gehi operazioaren epearen araberako diferentzial maximoa: % 1 hiru urteko operaziotarako, eta % 1,25 bost eta zazpi urteko operaziotarako”, jakinarazi du Jaurlaritzako bozeramaileak.

EUSKADI BANDAZABALA

Gaurko prentsaurrekoan aipatutako beste gai bat “Banda Zabal Ultralasterraren Euskal Behatokia” abian jartzearekin lotuta egon da. Ekimen horren bitartez, herritarrek eta enpresek, denbora errealean, Euskadiko udalerrietan eta industria-poligonoetan zuntz optikorako irisgarritasuna ezagutu ahal izango dute.

Zentzu horretan, Erkorekak azaldu du banda zabala Euskadi osora zabaltzea “2020rako Euskadi Agenda Digitalean” jaso den proiektu estrategikoa dela. “Euskadi lurralde adimendun gisa finkatzea —“Euskadi Smart Country”—, lurralde osoan belaunaldi berriko banda zabal bidezko konektagarritasunari lotuta doa. Halaber, sailburuak helburu hori lortzeko zenbat diru inbertituko den adierazi du: 25 milioi euro.

JOSE MARIA SETIENEN HERIOTZA

Hil berri den Jose Maria Setien gotzainari buruz galdetuta, Josu Erkoreka bozeramaileak, ezer baino lehen, bere dolumina helarazi die Setienen familiakoei eta hurbilen zituen pertsonei. “Bere maila intelektuala, konpromiso etikoa eta bokazio soziala azpimarratu nahiko nituzke”, azpimarratu du sailburuak. Gainera, Erkorekak azpimarratu du Setien sozialki konprometitua zegoen pertsona zela, eta “bere jarduera elizaren mugetatik haratago joaten zela” ñabartu du. 

BALORAZIO BATZORDEA

Bestalde, “Polizia-gehiegikerien Legeari" buruz galdetuta, Josu Erkoreka sailburuak adierazi du gaur bertan "Balorazio Batzordea" eratuko dela, “Polizia-gehiegikerien Legea" deitutakoa onartu izanaren ondorioz. “Espainiako Gobernuak aurki Konstituzio Auzitegian jarri zuen errekurtsoa kentzea eta batzordeak berau sortu denerako lana burutu ahal izatea espero dugu”, gaineratu du Jaurlaritzako bozeramaileak.

Gai ordena

Prentsa dossiera

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)