Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Ekintzailetza. Inbertsioa. Espezializazioa. Teknologia. Berrikuntza. Horiek dira La Salve-ko proiektuan eta giza taldean topatzen ditugun gakoak.”

2018.eko uztailak 06
  • Bilboko La Salve garagardo-enpresaren instalazioetan izan da gaur Lehendakaria
  • La Salve-k ahalbidetu egin du Euskadik bolumen handiko garagardo-enpresa bat izatea, produkzio-planta propio batekin

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, gaur goizean bisitatu du Bilboko Cervezas La Salve enpresa. Bertan, Lehendakariak nabarmendu ditu proiektu honek adierazten dituen “ekintzailetza-gaitasuna eta ilusioa”, eta gaineratu duenez, produktu bereizi eta berritzaile bat sortu dute, kategoria honetan garapen berriei atera irekitzen diena.

4 urteko “ametsaren” ondoren Bilboko garagardo-enpresa enblematikoa berriro zabaltzeko egin den ekitaldian izan dira, Tapia sailburuaz gain, Cervezas LA SALVEko Zuzendari Eduardo Saiz de Lekue, fabrikako Zuzendari Jon Ruiz, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuorde Bittor Oroz.

Lehendakariak adierazi du, 80ko hamarkada eta gero, lehen aldiz, La Salve proiektuak ahalbidetu egin duela Euskadik bolumen handiko garagardo-enpresa bat izatea, produkzio-planta propioarekin, eta orain arte ingurunetik urrundutako sektore ekonomiko baten susperraldia adierazten duela horrek. “Ekin, inbertitu, arriskatu eta aukera ekonomikoak eta enplegukoak sortzen laguntzen duten bi pertsonaren gaitasunaren adibide da”, azpimarratu du.

Bestalde, “berrikuntza lankidetzan” espresioa erabili du Lehendakariak etengabeko hobekuntzaren alde enpresak erakutsitako lankidetzazko jarrera definitzeko. “AZTIrekin ahaleginak batuz produktu bereizi bat eta berritzaile bat sortu duzue”, zehaztu du Urkullu Lehendakariak. Hala, azaldu duenez, La Salvek lehengaien produkzioa bultzatzen du, lupuluarena besteak beste, eta handitu egiten du Araban ekoiztutako garagarraren eskaria. “Nekazaritzako elikagaien industria aukera-eremu bat da Euskadirentzat espezializazio adimendunaren estrategian, eta enpresa hau aurrera doa etorkizun-norabide horretatik”, azpimarratu du Lehendakariak.

Horren haritik, Lehendakariak adierazi duenez, Euskadiko Gastronomia eta Elikadurako Plan Estrategikoak bultzatzen diharduen proiektuen adibide bat da La Salve. Hala, kalitateko produktuak, jasangarriak, aipatu ditu; produktu horiek dira balio-katearen ardatza, elikatze-katearekin lotzen dute gastronomia, eta eragile guztien lankidetza sustatzen dute, berrikuntza erabiliz balioa sorrarazteko bultzatzaile bezala. “Euskadin ekonomia suspertzeko eta kalitateko enplegu-aukerak sortzeko Estrategia bat partekatzen dugu”, nabarmendu du Lehendakariak.

“Ekintzailetza. Inbertsioa. Espezializazioa. Teknologia. Berrikuntza. Horiek dira La Salve-ko proiektuan eta giza taldean topatzen ditugun gakoak. Eskertu egiten ditugu proiektu honek adierazten dituen ekintzailetza-gaitasuna eta ilusioa”, esanez amaitu du Lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak