Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren ustez “denbora asko geratzen da akordioetara heltzeko” Autogobernuko Ponentzian

2018.eko uztailak 06

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, Autogobernuko Ponentzia ezarritako epeak betetzen ari da eta oraindik “denbora asko geratzen da akordioetara heltzeko”. Onda Vasca irratian egin zaion elkarrizketan, Lehendakariak bere “harridura” adierazi du PSEko Idazkari Nagusi Idoia Mendiak tonua altxatu izanagatik Autogobernuko Ponentziaz jardutean, gobernu-koalizioaren itunean askatasuna ematen baitzitzaien talde politikoei gai horri heltzeko. Lehendakariak azaldu duenez, Euskadik errealitate politiko propio bat du, Europara begira, eta azpimarratu du denbora dagoela akordioetara iristeko: “zenbat eta handiagoa adostasuna, orduan eta hobea izango da ituna”.

Autogobernua eta Gernikako Estatutuaren Betearazpena izan dira elkarrizketan heldu zaien gaiak. “Lege organiko bat betetzeaz ari gara hizketan, oraindik betetzeko dagoenaz”, gogora ekarri du Lehendakariak. Izan ere, hark planteatu zion gai hori Pedro Sánchez Lehendakariari joan den ekainaren 25ean izan zuten bileran. Lehendakariak espero du hilabete honetan Batzorde bilaterala eratzea, eta baita Transferentzietako Batzorde Mistoa ere, Gernikako Estatutuaren arabera oraindik transferitzeko dauden 37 arloei eta funtzioei buruzko hausnarketa bat egiteko.

Lehendakariak adierazi duenez, Legealdi honetarako Gobernu Programan lehentasunezko bi transferentzia biltzen dira: espetxeak eta Gizarte Segurantzako erregimen ekonomikoaren kudeaketa.

Lehenengo gaiari dagokionez, Lehendakariak adierazi du planteatzen dena dela “legea betetzea”, horrela presoak “gizartetik deserrotzea” eta haien senideak zigortzea saihesteko. Gizarte Segurantzako erregimen ekonomikoaren kudeaketari dagokionez, Lehendakariak adierazi duenez lehentasunetako bat da, Gernikako autonomia Estatutuan jasota baitago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak