
Bakea eta Bizikidetzari buruzko Ikerketa
Ikerketa honen helburua izan da herritarren iritzia jasotzea, oro har, bakea eta bizikidetzaren inguruan, eta zehatzago erlijio musulmaneko komunitateari dagokionez. Landa lana 2018ko ekainaren 11tik 13ra bitartean egin zen.
Nazioarteko terrorismoa eta gerrateak dira kezka handiena sortzen dutenak
Aurkeztutako gai ezberdinen artean, nazioarteko terrorismoa eta gerrateak dira herritarrak gehien kezkatzen dituena (%70 asko eta %20 nahikoa). Kezka dezente sortzen dute ere Euskadiko bake eta bizikidetza prozesuak (%63 eta %22, hurrenez hurren) eta immigrazioa eta errefuxiatuak (%54 asko eta %30 nahikoa). Arraza edo erlijio ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitzak kezka apur bat gutxiago sortzen duen arren, erdia baino gehiago dira ere kezkatuak agertu direnak (%38 asko eta %27 nahikoa). Bizikidetzarekiko kezka apur bat handiagoa da Araban eta Bizkaian Gipuzkoan baino.
Egoki ikusten da Eusko Jaurlaritzak bake eta bizikidetza prozesuan egindakoa
Bake prozesuari dagokionez, herritarren erdiak baino gehiagok uste dute aurrera egiten ari dela (%55), aurreko urteetan baino dezente gehiago (2006an soilik %23k uste zuten aurrera egiten ari zela, eta 2014an %28k).
Soilik %9k uste dute Espainiako Gobernua ondo edo oso ondo ari dela gai honetan, 2014tik egonkor mantendu den portzentajea. Aldiz, Eusko Jaurlaritza ondo edo oso ondo ari dela uste dutenak %50 dira, eta portzentajeak etengabeko gorakada izan du 2014tik hona (garai hartako %31tik egungo %50era). Zentzu berean, biztanleriaren %65ek adierazi du Eusko Jaurlaritzak indarrean duen bake eta bizikidetza planaren helburuekin gehienbat ados daudela.
Elkarrizketatuen herenak baino gehiagok ezagutzen dute Gogora, Memoriaren Institutua (%36), eta ezagutzen dutenen artean ia bi herenek positiboki baloratzen dute egiten duen lana (%61).
Bestalde, elkarrizketatuen %50ek uste dute Eusko Jaurlaritza ondo ari dela giza eskubideen babesean, %43k biktimei dagokionez, %42k errefuxiatutako pertsonekin eta %37k nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokan. Aldiz, %15 baino ez dira giza eskubideen defentsan gaizki ari dela uste dutenak, %9k biktimekin, % 22k errefuxiatuekin eta %13k nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokan.
Immigrazioarekiko jarrera irekia eta babesa bizikidetzari
Adostasun handiena jaso duten iritziak dira bizikidetza hobetzeko guztiok egin behar dugula ahalegin bat, bai pertsona atzerritarrek zein hemengoek (%91 erabat ados edo ados), eta beste talde etnikoetako etorkin atzerritarrek Euskadiko bizitza kulturala aberasten dutela (%65).
Bestalde, gehiengoa dira iritzi hauen kontra agertu direnak: immigrante batzuen erlijio jarduerek arriskuan jartzen dutela gure bizimodua (%57 erabat kontra edo kontra), eta erlijioak sortutako indarkeria fanatikoa arazo bat dela Euskadin (%49). Iritziak banatuagoak agertu dira beste kultura eta erlijioetako pertsonak Euskadin bizi direnean beren ohituren arabera janztearen inguruan (%45 ados agertu da baieztapen horrekin eta %35 kontra, gainerakoak ez dute iritzirik eman).
Bertakoen eta atzerritik etorritakoen arteko udalerriko bizikidetza eta harreman-giroa ona dela uste da (6,3, 0tik 10erako eskalan). Balorazioa apur bat positiboagoa da atzerritik etorritakoen artean (7,4) bertan jaiotakoen artean baino.
Aldiz, Islamarekiko konfiantzari dagokionez, non 0ak konfiantzarik eza eta 10ak erabateko konfiantza esan nahi duten, euskal gizartea 4,4n kokatu dute inkestatuek, eta euren burua 5,0an. Konfiantza hori handiagoa da erlijio islamikoa duten pertsonekin nolabaiteko harreman dutenen artean (6,1 harremana dutenen artean eta harremanik ez dutenen artean 3,7).
Testuinguru honetan, erlijio islamikoa duen komunitatearekin elkarbizitza sustatzeko Eusko Jaurlaritzak abian duen jarduera-programa oso edo nahikoa garrantzitsua dela uste dute hamarretik zortzik (%81).
Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 900 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±%3,3koa da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2018ko ekainaren 11tik 13ra bitartean egin zen.