Berriak Lehendakaritza
Eu

“Denon Artean” sariak aintzatesten duen mundu kooperatiboaren idearioa nabarmendu du Lehendakariak, erantzukizunean, berdintasunean eta solidaritatean oinarritua

2018.eko uztailak 05
  • Euskal kooperatibismoaren “Denon Artean” sari-banaketan izan da Lehendakaria
  • José María Arizmendiarreta saritu dute “in memoriam”, lehen edizio honetan
  • Kooperatiben Nazioarteko 96. Egunaren esparruan egin da ekitaldia

 

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Lan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San Josérekin batera, Donostian izan da gaur goizean “Denon Artean” sari-banaketan. Euskal Kooperatibismoaren sari hau Kooperatiben Nazioarteko 96. Egunaren esparruan eman da. Hala, Lehendakariak nabarmendu duenez, “Denon Artean” sariak aintzatetsi eta hedatzen laguntzen du mundu kooperatiboaren idearioa, erantzukizunean, berdintasunean eta solidaritatean oinarritua.

Kursaal Kongresu Jauregian izan den “Denon Artean” sariaren lehen edizio honetan, “in memoriam” saritu dute José María Arizmendiarreta, joan den mendeko 60ko hamarkadan sortutako “Mondragon Kooperatiba Esperientzia” izenekoaren aitzindaria.

Lehendakariak adierazi duenez, sari honek eta José María Arizmendiarrieta lehen aldiz saritu izanak lagundu egiten dute Eusko Jaurlaritzaren helburu bikoitz batekin: pertsonen prestakuntza eta trebakuntza integrala sustatzea, berdintasuna bermatuz; eta gazteak lan-munduan txerta daitezen laguntzea, gizarte bidezkoago batean aurrera egiteko. “Eskertu egiten dut ekimen hau, jakin baitakigu helburu bikoitz hori, gure Herrialdearentzat funtsezkoa, elkarlanean, denon artean bakarrik lortu ahal izango dugula”, gaineratu du.

Arizmendiarrietak sustatutako ereduak printzipio eta balio kooperatiboetan oinarritutako hiru ardatz ditu euskarritzat: solidaritatea, barne-kooperazioa eta demokrazia. Horren haritik, Lehendakariak nabarmendu duenez, enpresa, orokorrean, eta kooperatiba, zehazki, denon ondare bat bezala ikusten du, eta balioetsi egiten du kooperatibetatik egiten duten ahalegina erantzukizunaren, ekitatearen, berdintasunaren eta solidaritatearen balioak bultzatzeko.

Ereduaren berdintasunaren eta solidaritatearen balioak aipatzean, Lehendakariak adierazi duenez, eredu kooperatibo horrek “pertsona du ardatz nagusitzat”, eta “baterako lanaren eta partaidetzaren alde egiten du apustu”. Gainera, gure Herrialdeko gizartearen eraldaketarekin hartua duen konpromisoa erakusten duen eredu bat dela esan du.

Lehendakariak adierazi du Kooperatiben Nazioarteko Eguna aukerako eguna dela kooperatiba-eredu honen balorea eta balioak Nazio Batuek aintzatetsi dituztela gogora ekartzeko. “Eredu sozioekonomiko hau mundu osoan zehar zabaltzeko egokitasuna eta helburua planteatu ditu gainera”, zehaztu du.

San José sailburuarekin batera izan dira ekitaldian parte hartzen Kooperatiben Kontseilu Nagusiko Lehendakari Javier Goienetxea, Konfekoopeko Lehendakari Rosa Mª Lavín, Legebiltzarreko Lehendakari Bakartxo Tejeria, eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak