Eu

Tapia: “Enpresa traktoreen hornitzaile diren ETEak babesten ditugu”

2018.eko uztailak 04
  • Gaur Siemens Gamesak bere hornitzaileekin antolatu duen jardunaldia SGREren eta Eusko Jaurlaritzaren artean pasa den maiatzaren 8an sinatutako hitzarmena garatzeko ekintzetako bat da

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, gaur, Siemens Gamesak bere hornitzaileen lehiakortasuna sustatzeko antolatu duen jardunaldian parte hartu du.

Tapiak, jardunaldiaren irekieran nabarmendu du helburua dela Siemens Gamesaren hornitzaile diren sektoreko ETEei benetako babesa eta aurrerapausoa ematea, ekintza zehatz eta neurgarrien bidez, Eusko Jaurlaritzak beti defendatu izan dituen printzipioei erantzuteko: enpresa traktorea benetan eragile izatea enpresa laguntzaile hornitzaileentzat eta, horrela, ETEen gaitasun lehiakorra hobetzen laguntzea, eta, aldi berean, inguruneko enpresa-egituraren eragile izatea.

Tapiak SGRE gonbidatu du ETE hornitzaileei arreta ematera. Nazioarteko ibilbidea duten eta ikuspegi teknologikotik balio erantsia emateko gai diren sektore eolikoko ehun enpresa baino gehiago.

Siemens Gamesa - Eusko Jaurlaritza hitzarmena

Maiatzaren 8an Jaurlaritzak eta Siemens Gamesak  sinatutako hitzarmenaak elkarlaneko arlo estrategikoak hauek finkatzen ditu:

  • Hornitzaileen kudeaketa aurreratuko proiektuak bultzatzean, hornidura-katearen etengabeko hobekuntzan eta aerosorgailuen diseinuan hasiera-hasieratik inplikatzean datza. Horren adibide da BIND 4.0 azeleragailuaren esparruan partekatzen dugun esperientzia
  • Aerosorgailuen osagaien digitalizazioa eta aerosorgailuen inguruko soluzioak sustatuko dira. Turbinek informazio kantitate handia sortzen dute, eta portaerak aurreikusteko erabil daiteke. Era horretan, diseinuak optimiza daitezke energiaren produkzioa eta errendimendua maximizatzeko. Digitalizazioak, zehazki, honako hauen inguruko soluzioak landuko ditu: sensorika, monitorizazioa, big data analytics eta zibersegurtasuna.
  • Aerosorgailuen osagaietarako saiakuntzekin jarraitu ahal izango da WINDBOX zentroko saiakuntza-bankuetan. WINDBOX Euskadiko fabrikazio aurreratuko lehen zentro eolikoa da.
  • Lankidetza publiko-pribatu horrek euskal industria eolikoaren premia espezifikoei erantzuteko prestakuntzako eta praktiketako programen garapena erraztuko duten lankidetza-akordioak sustatuko ditu unibertsitateekin eta euskal berrikuntza-zentroekin. Arlo estrategiko horren bidez, konpainiak bere ezagutzak eskainiko dizkie gazteei unibertsitate-ikasketen eta lanbide-heziketaren hasierako faseetatik. Trakzio-enpresen eredu bat ez ezik, beren lanbide-karrera garatzeko konpainia erakargarri bat aurkeztuko die.
  • Eusko Jaurlaritzak bultzatutako startupen programa eta ekimenetan parte hartuko du Siemens Gamesak, hala nola Bind 4.0 programan. Hortaz, konpainia enpresa-ekimen berrien parte izango da 4.0 Industriari eta digitalizazioari lotutako jarduerak egiten dituzten startupekiko lankidetzaren bitartez. Horren adibide da BIND 4.0 azeleragailuaren esparruan partekatzen dugun esperientzia

Euskadiko industria-osasuna

Gaur bertan, publiko egin dira industria-ekoizpeneko indizearen datuak, eta, 2018. urtean, Euskadik % 2,5eko hazkunde metatua du.

Sailburuak lurraldearen hazkuntzari dakarkion enpresa-egitura garrantzitsuaren balioa nabarmendu du, beti zailtasun-egoeran dauden enpresak daudela ahaztu gabe.

Tapiak esan du gaurko jardunaldia, non enpresa traktorearen eta ETEen lankidetza bilatzen baita, 2020rako Industria Planaren ekintza-ildoetako baten isla dela. Industrializazio-plan horrek 1.225 M €-ko aurrekontu zuzena aurreikusten du, 2017-2020 aldirako, bai eta urteko ia 1.000 M-ak ere, abaletan eta beste finantzaketa-figura batzuetan, 2020rako industriak euskal ekonomian % 25eko ekarpena egitea helburu bakarra izanik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak