Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

Merkataritzako beka programak milioi erdi euroko zuzkidura du, eta lehenengoz eskaintzen du prestakuntza atzerrian (Gobernu Bilera 2018-07-03)

2018-07-03

Gobernu Kontseiluak Merkataritzako Beka Programa onetsi du, 499.400 euroan; programa unibertsitate-tituludunei zuzentzen zaie eta, pasa den deialdiko esperientzia positiboaren ondoren, zabalik dago, halaber, Marketineko eta Publizitateko edo Salmenta eta Merkataritza Espazioetako Kudeaketako titulazio teknikoetara.

Programak 29 beka eskaintzen ditu eta horiek ematean kontuan hartuko da helmuga nazionala edo nazioartekoa den; zenbatekoa 11.250 eta 18.450 eurora bitartekoa izango da. Bekek, lehen aldiz, aukera ematen dute nazioarteko helmugetan baliatzeko, Parisko eta Milango merkataritza-ganberetan, hurrenez hurren.

Bekek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren helburuetako bat betetzen dute, alegia, programen bidez, Euskadiko merkataritza-sektorearen gaikuntza, prestakuntza eta profesionalizazioa sustatzea, eta, horretarako, programa honek eragina du lanbide-kudeaketako arloetan profesional kualifikatuak sortzen.

Bekaren aldia bederatzi hilekoa da, ikasturte batekoa, eta prestakuntza EAEko merkataritza-enpresetan, merkataritza-ganberetan edo merkataritzako bulego teknikoetan emango da. Hautatuek hautaketa-fasean prestakuntza-programa bat egingo dute. Hautatzen diren bekadunei Gizarte Segurantzan emango zaie alta,  Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontuaren kargura, eta istripu eta gizarte-erantzukizuneko asegurua izango dute. Hautatutako pertsona bakoitzak prestakuntza-aldian banako tutore baten tutoretza izango du; tutoreak prestakuntza praktikoaren ibilbidean gidatuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko