Berriak Osasuna
Eu

Gobernu Kontseiluak ESI-ak egitura organiko bateratu gisa finkatzen dituen Dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2018-07-03)

2018.eko uztailak 03

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea garatuz, jada Euskadi osoan zabaldu den eta arreta integrala eta osasun-arloan emaitza hobeak ekarri dituen ereduaren funtzionamendua arautu du.

Gaurko bileran, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoaren erakunde sanitario integratuen (ESI) Dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak. Dekretu horren bitartez, egitura organiko bateratu gisa Euskadin zabaldutako laguntza-erakundeko eredu berria finkatzen da. Erakunde horien barne hartuko dira lehen mailako arreta eta ospitaleko arreta, autonomia ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketako autonomiaren printzipioa jarraituz.

Dekretua eman da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioko ekainaren 26ko 8/1997 Legean ezarritakoa jarraituz, eta arreta integratuaren inguruan —bereziki zahartzaroaren, kronikotasunaren eta menpekotasunaren erronken aurrean— Osasun Sailaren ardatz estrategikoekin bat etorriz, osasun-arloko zainketak hain zatituak ez egoteko eta eraginkorragoak izateko eta, azken batean, kalitate handiagokoak izateko.

Dekretu hau onartu aurretik, baina jarduketa-ildo horiekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko administrazio-kontseilua, Euskadi osoan, ESIak pixkanaka ezartzen joan da, iaz lan hori erabat amaitu zuen arte.

Orain, Dekretu honek Osakidetzako zerbitzuen erakundeen tipologia zehaztu du, erakunde sanitario integratuekin batera, beste antolakuntza-modalitate batzuek lekua izan dezaten. Tipologia berri horretara egokitu beharko dira gaur egungo laguntza- eta kudeaketa-egiturak, arreta integratua garatzeko eta laguntza-prozesu berean diharduten profesionalen arteko elkarrekintza klinikoak sustatzeko. Hori guztia, arreta jasotzen duten pertsonen osasun-arloko emaitzak hobetzeko xedearekin. 

Zehazki, Dekretuak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Erakunde Publikoaren mende dauden osasun-zerbitzuetako erakunde gisa konfiguratzen ditu ESIak, osasun-zerbitzuak emateko jarduera burutzeko. Bertan, lehen mailako arretako laguntzako prozesuak eta gailuak ospitaleko arretakoekin lotzen ditu, pazientearen arreta-prozesuan integrazio klinikoa bultzatzeko azken helburuarekin. Hala, osasun-arreta pertsonaren inguruan artikulatuko da, bera baita laguntza-jardueraren zentroa 

Era horretan, bi ESI mota bereizten dira: ESI orokorra, non, lehen mailako arretako unitateekin eta zerbitzuekin batera, zerbitzu orokorreko ospitaleak biltzen diren. Bertan, hainbat espezialitatetako laguntza-unitate eta -zerbitzu desberdinak elkartzen dira. Eta ESI monografikoa. Bertan, laguntza-jarduera esparru espezifiko baten inguruan ematen da normalean.

Gainera, tamainaren eta konplexutasunaren arabera, lau ESI mota finkatzen dira, ondorengo irizpide hauek kontuan hartuta: atxikia duten biztanleria, ospitalearen erreferentziagarritasuna, atxikita edukiko dituzten lehen mailako arreta-unitateen kopurua, unibertsitate-izaera, ikerketa-jarduera egitea eta jarduera horren garrantzia, eta sakabanatze geografikoa, beste hainbaten artean.

Dekretuaren bidez ere ESIen antolakuntza-egitura arautzen da haien zuzendaritza-organoen bitartez (Gerentziako Zuzendaritza; Zuzendaritza Medikoa; Arreta Integratuko Zuzendaritza; Erizaintzako Zuzendaritza; Pertsonen Zuzendaritza; Zuzendaritza Ekonomiko-Finantzarioa eta Zuzendaritza Kontseilua). Egitura hori aldatu egiten da tipologiaren eta bertan parte hartzen duten organoen arabera (Kontseilu Kliniko eta Asistentziala, Gizarte Kontseilua eta Batzorde Soziosanitarioa); baita ESIen laguntza-antolakuntzaren (ospitaleko zerbitzuetan eta lehen-mailako arretako unitateetan egituratzen da) arabera ere. 

Era berean, arauak zuzendaritza-organoen funtzioak, organo horietan sartzeko eta ateratzeko modua, eta beren ebaluazioa erregulatzen ditu. Horietaz gain, ordezkaritza-organo bakoitzaren funtzioak, osaketa, kideak izendatzeko modua eta funtzionamendu-erregimena ere arautzen ditu.

ESIen antolakuntzari dagokionez, alde batetik, ospitaleko zerbitzuak (definizioa, jarduteko ildoak eta helburuak, eta eratzeko, aldatzeko eta suntsiarazteko moduak) eta ospitaletako zerbitzuetako buruzagitzen ezaugarriak eta funtzioak erregulatzen dira. Eta bestetik, lehen arretako unitateak (definizioa, jarduteko ildoak eta helburuak, eta eratzeko, aldatzeko eta suntsiarazteko moduak) eta lehen mailako arretako unitateetako buruzagitzen ezaugarriak eta funtzioak erregulatzen dira.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @osakidetzaEJGV
    2018.eko uztailak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 🔵 Gobernu Kontseiluak ESI-ak egitura organiko bateratu gisa finkatzen dituen Dekretua onartu du ➡︎ https://t.co/XrVMCMO1ww

Komunikabideek behera kargatzeko