Berriak Hezkuntza
qrcode

26 milioi euro 2018-2019 ikasturteko unibertsitate-beketarako (Gobernu Bilera 2018-07-03)

2018-07-03

2017-2018 ikasturtean 11.803 euskal ikasle izan dira unibertsitate-beken onuradun

Deialdi berriak handitu egiten ditu familia ugarikoa izateagatiko kenkariak

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu du 2018-2019 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko diru-laguntzetarako deia egiten duen agindua. Deialdi honetan, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak eta etekin handiko unibertsitate-ikasleak aitortzeko eta saritzeko bikaintasun akademikoko bekak ere jasotzen dira. Orotara, Hezkuntza Sailak 26 milioi euro bideratzen ditu unibertsitate-beketarako, gorago aipaturiko hiru laguntza-lerroetan:

1.- 2018-2019 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak: 25, 78 milioi euro

Beken deialdi hau, 25.780.000 euroko diru-kopuruarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten ikasleentzat da, 2018-2019 ikasturtean Autonomia Erkidego honetan edo Estatuaren gainontzeko tokietan kokatuta dagoen edozein zentrotan ondorengo ikasketak egin behar badituzte:

  • Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
  • Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
  • 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak
  • Goi-mailako arte-ikasketak.

Aurtengo deialdiak dakarren berritasun nagusienetakoa familia ugarikoa izateagatik aplikatzen diren kenkarietan dago. Kenkari hauek aurreko urteetakoak baino handiagoak izango dira, familia hauen mesedetan. Kategoria orokorreko familia ugariaren kasuan, familia-errentaren gaineko kenkaria 500 eurokoa beharrean 525ekoa izango da deialdi berrian, ohiko bizilekuan bizi den neba-arreba bakoitzeko, eskatzailea barne hartuta. Kategoria bereziko familia ugarikoa bada (5 seme-alaba edo gehiago), kenkaria 765 eurokoa beharrean 800 eurokoa izango da.

Bestalde, eta iaz egin zen bezala, Euskaditik kanpora unibertsitatez besteko goi-mailako ikasketak burutzen ari diren ikasleak ere matrikula osagaiaren onuradun izango dira aurten ere.

2017-2018 ikasturte honetan, 11.803 euskal ikaslek eskuratu dute unibertsitateko beka orokorra, bere osagaietakoren batean edo zenbaitetan, hala nola:

  • Matrikula osagaia: matrikularen zenbatekoa prezio publiko ofiziala izango da, 2018-2019 ikasturtean zerbitzu akademikoetarako ezarritakoa.
  • Material didaktikoa: unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten liburuen eta materialaren gastuak arintzea da osagai honen helburua.
  • Hiriarteko joan-etorriak: osagai honen helburua da ikasleari laguntzea familia-egoitzatik ikastetxerako (Euskadi barnean) garraioaren gastua arintzen.
  • Probetxu akademikoa: ikasleen lana saritzen du osagai honek, baldin eta ikasleek aurreko ikasturtean gutxienez 54 kredituko matrikula egin bazuten, eta 2017-2018 ikasturtean emaitza akademiko onak izan badituzte.
  • Egoitza: ikasleek, ikasketak direla-eta, egoitzaz aldatzeko egin behar dituzten gastuak ordaintzen laguntzen duen osagaia da
  • Ezohiko osagaia: ezohiko osagaia erabiliko da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasten laguntzeko.

2.- Beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak: 100.000 euroko diru-kopurua

Diru-laguntza hauek ematen dira mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleek euren ikasketa-zentrora iristeko garraiobide publikoak, egokituak izanik ere, ezin badituzte erabili; edo garraiobide publikoak erabili ahal izan arren, beste pertsona baten laguntza behar badute. Azken 2017-2018 ikasturte honetan 14 unibertsitate ikaslek eskuratu dute laguntza hau Euskadin.

3.- Bikaintasun akademikoko bekak: 120.000 euroko diru-kopurua.

Bikaintasun akademikoko bekak etekin akademiko handia duten ikasleei zuzenduta daude. Ikasleek Euskadiko edo Estatuko unibertsitateetan matrikulatuta egon behar dute, gradu-ikasketak egiteko. Beka hauen helburua da, unibertsitateko ikasleen ikasketetan eta ikerketa-zereginetan bikaintasuna sustatzea, ikasle horien etekin akademikoa sarituz. Urtero 120 beka ematen dira modalitate honetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko