Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak sindikatuei lanbide garapenerako deialdi berriak negoziatzeko borondatearen berri eman die

2018.eko uztailak 03
  • Giza Baliabideen Zuzendaritzak mahai sektorialean plantilla osoari onurak ekarriko dizkion akordioa adosteko beharra defendatu du 
  • Gaur egin den bileran, mahai gainean jarri da mugikortasun-ereduaren zirriborroa Osakidetzan; funtsezko ardatza lekualdatzeen lehiaketa irekia eta etengabea egitea da

 

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak, gaur egin den mahai sektorialaren bileran, sindikatuei lanbide-garapenerako deialdi berriak negoziatzeko borondatearen berri eman die; tresna horren helburua da Osakidetzako profesionalak inplikatu eta motibatzea, eta erakutsi da eraginkorra dela euskal herritarrei kalitateko osasun-zerbitzua emateko. Osakidetzaren iritziz, akordioa adostu behar da plantilla osoaren onerako izango den negoziazio kolektiboaren esparruan. Bitartean, zerbitzu juridikoek zehaztu dute komenigarria dela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2011ko lanbide-garapenaren deialdien inguruan emandako epaia errekurritzea.

Osakidetzak epai hori beteko du, errekurtso hori ebatzi arte. Gainera berehala ekin die betetzeko dauden jarduketei. Pasa den ekainaren 28an, lanbide-garapeneko mailen behin-behineko esleipena argitaratu zen, eta, erreklamazioak aztertu ondoren, aurreikusten da behin betiko zerrenda azarorako argitaratuta egon ahal izatea. Horrela, borondatea da 2019rako maila berrien lanbide-karreraren osagarria ordaintzen hastea.

Gogoratu behar da 2011ko lanbide-garapeneko deialdia etenda dagoela, 2012ko, 2013ko eta 2014ko Aurrekontuen Legea aplikatu delako. 2014an, Osakidetzak deialdia mahai sektorialera eraman zuen, sindikatuekin akordio batera iristeko ahalegina egiteko. Harrezkero, izoztuta dago. Gaur egindako bileran, Osakidetzak berriz ere esan du prest dagoela langile guztien onerako izan daitezkeen lanbide-garapeneko deialdi berriak egin ahal izateko akordioa adosteko. 

Zuzendaritzak beste gai batzuen inguruan negoziatzeko Osakidetzan mugikortasun-eredua ezartzeko zirriborroa eman du; haren ardatz nagusia lekualdatzeen lehiaketa irekia eta etengabea da. 2017ko Lekualdatzeen Lehiaketa dela eta, jakinarazi da, gaur arte, ospitale-eremuko langile fakultatibo-medikuen eta lehen mailako arretako medikuen behin-behineko esleipenak argitaratu direla. Uztailaren 6rako, osasun-arloko teknikari espezialistaren behin-behineko helmugak argitaratzea aurreikusten da, eta, uztailaren 20rako, erizaintzako langileena. Era berean, sindikatuei eman die 2017ko Lekualdatze Lehiaketaren esparruan helmuga baten langile adjudikaziodunak Zerbitzu Erakundeen antolamendu-unitateei atxikitzeko jarraibideen zirriborroa.

Azkenik, Osakidetzak sindikatuei 2016-2017ko LEPen egungo egoeraren berri eman die, bai eta etendako deialdien eta informazio-espedientea duten deialdien berri ere. Gaur egun, lau espezialitateren administrazio-prozesuak eten dira: Angiologia eta Hodietako Kirurgia, Anestesia, Kardiologia eta Kirurgia Plastiko Estetikoa eta Konpontzailea. Gainera, emaitzen koherentziaren inguruko analisi estatistikoa agindu dio kanpo-aditu bati, eta emaitzen berri Legebiltzarrean emango da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak