Eu

BIND 4.0 industria-proiektuen azeleratzaile publiko-pribatuak uztailaren 6an aurkeztuko ditu bigarren edizioko emaitzak Donostian, eta zifra guztiak bikoiztu ditu

2018.eko uztailak 02
  • Parte hartu duten 27 startup-etatik gehienek Euskal Herrian dute egoitza, baina badira Espainiako gainerako erkidegoetatik eta Portugal, Norvegia, Alemania eta Kanadatik etorritakoak ere
  • Martxan jarritako proiektuak, besteak beste, esparru hauek hartzen dituzte: Big Data, errealitate birtuala eta areagotua, gauzen Internet, fabrikazio gehigarria, sistema ziberfisikoak, zibersegurtasuna eta ikusmen artifiziala
  • Ezarritako hobekuntzek hainbat ingurune barne biltzen dituzte, hala nola prozesuen ingeniaritza, industria-mantentzea, biltegien kudeaketa adimenduna, diseinu- eta fabrikazio-prozesuak, kalitate-kontrola, aurrezpen energetikoa eta laneko segurtasuna eta osasuna, besteak beste
  • Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen Sailak abian jarritako ekimen hau puntako 27 enpresak babestu eta lagundu dute bigarren edizio honetan, trakziogile lanak eginez esparru digitaleko proiektu berritzaileak bultzatzeko zereginean
  • Programaren bigarren edizio honetako Demo Day jardunaldian Arantxa Tapia sailburua izango da, eta harekin batera, startup eta enpresa trakziogile partaideak, inbertitzaileak, eragile ekonomikoak eta komunikabideak
  • Era berean, Demo Day jardunaldi horretan jarriko da abian Programaren hirugarren edizioa
  • Nazioarteko puntako konpainiek, hala nola Google, Siemens, Microsoft eta Amazonek, programan parte hartzen jarraituko dute, laguntzaile teknologiko gis

Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian egingo da datorren ostiralean, uztailak 6, Bind 4.0 programaren Demo Day jardunaldia, eta talentua erakartzea eta Euskal Herriko industria adimenduna garatzea xede duen asmo handiko ekimen publiko-pribatu honen emaitzak aurkeztuko dira bertan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila eta Euskadin errotutako enpresa nagusi ugari elkarlanean ari dira proiektu honetan eta, horren adierazle, proiektuaren 2. edizio honetan bikoiztu egin dira bai startup partaideak bai babestutako proiektuak.

Jardunaldian, Bind 4.0 programaren bigarren deialdiaren balantzea egingo da (2017ko uztailean jarri zen abian) eta hirugarren edizioaren gidalerroak aurkeztuko dira. Horretarako, besteak beste, honako hauek izango dira ekitaldian: Arantza Tapia sailburua eta Saileko hainbat arduradun, ekimenean partaide diren startup eta enpresa trakziogileak eta inbertitzaileak, eragile ekonomikoak eta komunikabideak.

Talentua eta startup onenak erakartzeko mundu mailako lehia horretan, Euskadik Laugarren Industria Iraultza deritzona garatzeko (fabriken digitalizazioa da iraultza horren bereizgarria) eta ekintzailetza teknologiko eta aurreratuan erreferentzia izateko apustu irmoa egin du eta, hain zuzen, apustu horren emaitza da Bind 4.0 programa. Helburu horretan bat egin dute EAEko eragile publikoek (Eusko Jaurlaritza, SPRI Taldea, Foru Aldundiak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak) eta Euskadin egoitza duten enpresa-korporazio pribatu nagusiek, baita nazioarteko punta-puntako konpainiek ere, hala nola Google, Siemens, Microsoft eta Amazonek (hauek laguntzaile teknologiko gisa esku hartzen dute).

Programak aldi bien interesak uztartzen ditu: alde batetik, euskal enpresa handiek soluzio teknologiko berriak proposatzeko gai diren startup-ak behar dituzte, eta bestetik, Bind 4.0 programak laguntza ematen die startup horiei hainbat esparrutan: fakturazioan, entzute handiko bezeroen bidez merkaturako bidea zabaltzen eta garapeneko hasierako fasean inbertitzeko eta/edo finantzatzeko baliabideak ematen. Modu horretara bi helburu konbinatzen dira: gora bidean diren enpresa-proiektuak azeleratzea eta sendotutako konpainiei eraldaketa digitalerako bultzada ematea.

Bigarren edizioaren emaitzak

Bigarren edizioan, Bind 4.0 programak bikoiztu baino gehiago egin ditu zifra nagusiak, bai startup partaideen kopurua (lehen edizioan 11 izan ziren eta oraingoan 27) bai garatutako proiektuena ere (40 oraingoan, eta 16 aurrenekoan). Programan sartzeko, berriz, 385 hautagai aurkeztu dira 2018an, eta iaz 257 izan ziren; aurkeztutako lautik hiru (%75) lau kontinentetako 56 herrialdetatik iritsi dira.

Bind 4.0 programaren bigarren edizio honetan parte hartu duten startupen jatorri geografikoari dagokionez, 16 Euskadikoak bertakoak dira (Arabako 6, Bizkaiko 5 eta Gipuzkoako beste 5), zazpi Estatuko gainerako erkidegoetakoak, bada ekimen misto bat Espainia eta Norvegiaren artekoa, eta beste hiru enpresa Portugal, Alemania eta Kanadakoak dira.

Gora bidean diren 27 enpresa hautatu horiek 40 proiektu jarri dituzte martxan 24 euskal konpainiarekin elkarlanean (joan den urtean 11 izan ziren) eta kontratuen batez besteko zifra 50.000 eurokoa izan da.

Esparru teknologiari dagokionez, proiektuek Bind 4.0 programaren lehen edizioan garatu ziren hainbat arlo hartzen dituzte; besteak beste, Big Data, errealitate birtuala eta areagotua, gauzen Internet, fabrikazio gehigarria eta sistema ziberfisikoak. Baina beste aplikazio-esparru batzuetan ere badira hainbat proiektu: zibersegurtasunean, adibidez, zazpi jarri dira martxan eta ikusmen artifizialean bost.

Demo Day jardunaldiaren garapena

Datorren ostiralean Kursaal jauregian egingo den jardunaldia egokiera paregabea izango da oraindik ere Bind 4.0 programan parte hartzen ez duten konpainiek, inbertitzaile potentzialek, eragile teknologikoek eta komunikabideek “fabrikazio adimenduna” deritzon esparruan indar hartzen ari diren enpresa-proiektu hauen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko.

Alex Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusiak egingo du hasierako aurkezpena, eta ondoren, Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak hartuko du hitza, eta BIND 4.0 Programaren bigarren edizio honetako adierazle nagusien laburpena egingo du. Jarraian, protagonistek beraiek, enpresa trakziogileek eta startup-ek, aurkeztuko dituzte beren gaitasunak eta gauzatutako proiektuak, 10 minutuko agerraldi laburretan.

Aurkezpen hauekin batera, bertaratuek aukera izango dute startupen erakusmahaiak bisitatzeko, propio egokitutako erakusketa-eremu batean, eta ondoren, Aitor Urzelai Ekintzailetza arloko zuzendariak hartuko du berriro hitza, Bind 4.0 programaren III. edizioa aurkezteko. Amaitzeko, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak esku hartuko du, jardunaldia ixteko.

EGITARAUA

10:00 Jardunaldiaren irekiera

10:05 Hasierako aurkezpena

Alex Arriola –SPRI Taldea, Eusko Jaurlaritzaren enpresa-garapenerako euskal agentziaren zuzendari nagusia

10:15 BIND 4.0 Programaren bigarren edizioko adierazle nagusien aurkezpena

Aitor Urzelai, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria

10:20 Startup partaideen aurkezpen paraleloak (I)

12:00 KOMUNIKABIDEEN DEIALDIA KAFE-ATSEDENALDIAN

12:30 Startup partaideen aurkezpen paraleloak (II)

13:25 Bind 4.0 Programaren III. Edizioaren aurkezpena

Aitor Urzelai, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria

13:40 Jardunaldiaren itxiera

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua

13:50 Networking

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak