Berriak Lehendakaritza
Eu

26 milioi euroko gastua onetsi du Gobernu Kontseiluak gazteek unibertsitate-ikasketak edo goi-mailakoak egiteko.

2018.eko uztailak 03

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka gaur eguerdian izan da Gobernu Kontseiluan heldu zaien gaien kontu emateko.

Gobernu Kontseiluaren ondoren izandako prentsaurrekoan Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak jakinarazi duenez, onetsi egin da 26 milioi euroko gastu bat gazteek euskal unibertsitateetan prestakuntza jaso ahal izateko Euskaditik kanpo ere, edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egin ahal izateko. Bozeramaileak adierazi duenez, unibertsitateko beka-programa horren azken helburua da familiei ekonomikoki laguntzea.

Hala, Erkorekak nabarmendu ditu, batetik beka orokorrak, matrikula, material didaktikoa, egoitza edo hiriarteko garraioa ordaintzeko. “Aurtengo berritasuna da gehitu egin direla familia handia izateagatiko kenkariak. Lehen 500 euro ziren eta orain 525 euro anai-arreba bakoitzeko, ohiko bizilekuan bizi denean”, azpimarratu du. Gainera, adierazi duenez, amaitzeko dagoen ikasturte honetan unibertsitateko 11.800 ikaslek ikasi dute mota honetako beka bati esker.

Bestetik, egoera fisiko nahiz psikikoengatik mugikortasun-zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzak aipatu ditu; eta azkenik, bikaintasun akademikoko bekak.

GARDENTASUN BALANTZEA 2017

“Erkidegoko Administrazioan eta bere sektore publikoan gardentasunaren ezarpenari buruzko 2017ko Balantzearen” onespenaren ingurukoa izan da gaurko prentsaurrekoan heldu zaion beste gaietako bat. Bozeramaileak azpimarratu duenez, gaur onetsitako Gardentasun Balantzearen arabera, gaindituta dago datuak eta garrantzizko informazio berria argitaratzeko premiaren etapa.

Horren haritik, Erkoreka sailburuak nabarmendu ditu lortu diren aurrerapauso handiak” gardentasunaren, informazio publikorako sarbidearen eta gobernu onaren eremuetan. Gainera, sailburuak azpimarratu duenez, “zorrotz eta kalitate-maila handiarekin bete dira” gardentasunari buruzko araudiaren betebeharrak.

“Hortaz, fase berri baten aurrean gaude, eta orain Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da dagoeneko argitaratzen den informazioaren egituran, irisgarritasunean eta argitasunean lanean jardutea. Orain, kuantitatiboa baino, kualitatiboa da gure helburua”, gaineratu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

BIDAIA OFIZIALA GALESERA

Bestalde, gaurko bileran Josu Erkorekak jakinarazi du datorren astean Lehendakariak bidaia ofizial bat egingo duela Galesera. Izaera ekonomiko eta instituzional nabarmena izango duen bisitaldi bat dela azaldu du. Gainera, Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi duenez, “eskualde estrategikotzat” hartzen da Gales, Euskadi Basque Country Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren arabera. “Galesekin lankidetzan aritzeko lerro estrategikoen artean nabarmentzekoak dira: industria, berrikuntza, mugikortasun- eta garraio-azpiegiturak, gizarte-politikak eta lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko politika”, gaineratu du sailburuak.

PRESOEN HURBILKETA

Bestalde, presto politiko katalanen hurbilketari buruz galdetuta, Josu Erkorekak adierazi du ez zuela zentzurik preso dauden politikari katalanak urrun izateak. “Duen askatasunaz gabetutako pertsona orok bete behar du zigorra bere gizarte- eta familia-sustraiak ahalik eta gehien zainduz”, adierazi du sailburuak.

ETAko adineko presoak edota gaixo daudenak hurbiltzeari dagokionez, Erkorekak esan duenez, legea eta espetxe-erregelamendu arrunta aplikatzea espero dute, “ez gehiago, ez gutxiago”, zehaztu du. Gainera, azaldu duenez, Espainiako legeriak eta nazioarteko gomendioek neurri horiek hartzea aholkatzen dute, arrazoi humanitarioengatik, duintasunagatik, familian bizitzeko duten eskubideagatik eta abar.

Gai ordena

Prentsa dossierra

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)