Eu

Mª Jesús San José sailburuak amaiera eman dio honako uda ikastaro honi: "Mujeres, víctimas ideales. Intimidad, medios de comunicación y operadores jurídicos"

2018.eko ekainak 29

SAN JOSÉ SAILBURUAK AMAIERA EMAN DIO UDA IKASTAROARI

“Emakume biktima onenak. Intimitatea. Hedabideak eta eragile juridikoak”

Mª JESÚS SAN JOSÉ-REN AGERRALDIA

Arratsalde on guztioi, AGOUÉS andrea, ikasleak, hizlariak, eragile juridikoak…

Eguerdi on guztioi.

Plazer handia da niretzat Genero Indarkeriari Buruzko Uda Ikastaro honi amaiera ematea, eta IZASKUN PORRESi eskerrak eman nahi dizkiot Uda Ikastaroak Fundazioarekin elkarlanean aritzeko Lan eta Justizia Sailari eman dion egokieragatik, eta gogoetak zein azterketa partekatzera gu gonbidatzeagatik.

Askotariko ikuspegiak biltzen dituzten gogoeta eta azterketa horiek desparekotasunaren errealitate bortitz latzena adierazten dute: Emakumeen kontrako Indarkeria.

Uste dut oso aproposa dela hedabideek indarkeria matxistaren kontrako borrokan duten rola aztertzea.

Zer-nolako tratamendua eman behar diote hedabideek gaiari?

Nola tratatu behar da biktimagilea?

Arrazoizkoa da erasotzaileak hedabideetako protagonista izatera pasatzea?

Txanponaren ifrentzua ere hor dugu, eta itzal handiko pertsonek eman dituzte iritziak horri buruz: nola bermatu honelako prozesuetan biktimaren intimitatea.

Duela bi urte jazotako bi gertaerak mahai gainera ekarri dute berriz gaia, Auzitegi batek behin-behinean aske utzi baititu kondenatutakoak, hautsak harrotu dituen erabaki batean.

Ezin dugu utzi horren gertaera larriak audientzien borrokagatik ikuskizun mediatiko bihurtzea.

Genero-indarkeriak mendetan izan da ezkutuan ikusgai bihurtu arte, eta hari buruzko informazio-tratamenduak praktika gaiztoz eta topikoz josita jarraitzen du. Horrek ez die batere mesederik egiten biktimei, ezta izurrite honen desagerpenari ere.

2011n, FLORA MARÍN, JOSE IGNACIO ARMENTIA eta JOSÉ CAMINOS irakasleek argitaratutako lan interesgarri batean, “El tratamiento informativo de las víctimas de violencia de género en Euskadi”, gomendio garrantzitsuak ematen ziren:

- Genero-indarkeria giza eskubideen urraketa gisa tratatu, eta ez gertaeren albiste gisa.

- Edukitzailean zein edukian, sentsazionalismoari zein morboa saihestu.

- Testuingurua eman, eta gertaera fenomeno bakartu gisa ez aurkeztu.

- Naziotasun, kultura edo sinesmenei buruzko estereotipoak saihestu.

- Iturri adituetara jo eta auzokoen zein senitartekoen lekukotzak saihestu, baldin eta zuzeneko lekukoak ez badira edo datu esanguratsuak ematen ez badituzte.

- Baldintza aringarriak aipatzeko orduan, zuhurrak izan, eta argi utzi indarkeria ez dela onargarria.

- Konponbideak proposatu eta informazio erabilgarriak eskaini.

Egun hauetan gertatzen ari dena ikusita, badirudi ia hamar urte geroago, ez dugula gehiegi aurreratu.

Bai ikusten ari gara, ordea, gizarte-erantzuna gero eta handiagoa dela, ez epaileen erabakiari buruz, eta ez naiz horretara sartuko, baizik eta zabor-telesaio horien iragarleen kontra.

Grande-Marlaska barne-ministroak irakasbidea eman du ohartaraziz ez diela elkarrizketarik emango hedabideei, baldin eta La Manadako kideei elkarrizketarik egingo ez dietela aldez aurretik irmo adierazten ez badute.

Gainera, bi egun hauetan, auzibidearen ikuspuntu batetik eta eragile juridikoen interbentzioaren aldetik gaia aztertzeko aukera izan duzue.

Nire jardunaren hasieran nioen genero-indarkeria fenomeno ezkutua izan dela mendetan.

Emakumeak erabateko bakardadean jasaten zuen indarkeria, eta botere publikoek ez zuten batere jarrera ulerkorrik.

Nazio Batuen Erakundeak, azkenik, Emakumeen Mundu Konferentziak antolatzeko ekimena hartu zuen.

Lehendabizikoa Mexikon izan zen 1975ean, eta laugarrena Beijingen 1995ean.

Mugarri garrantzitsuak izan ziren oro har emakumeak eta, fenomeno garrantzitsuenetako bat den aldetik, genero-indarkeriak duten gizarte-rola aztertzeko.

Bigarren Emakumeari buruzko Mundu Konferentzia Kopenhagen egin zen 1980an, eta ondorioztatu zuen emakumeen kontrako indarkeria dela munduan den krimen isilduena.

Laugarren Mundu Konferentzian, berdintasunaren aldeko atal berri bati ekin zitzaion. Arreta jarri zitzaion gizartearen egitura eta emakume-gizonen arteko harremanak oro har berrebaluatzeko beharrari.

Beijingeko Ekintzarako Plataforman, emakumearen aurrerabiderako oztopo nagusitzat jotzen ziren kezka-gune bereziak identifikatu ziren, eta tartean zen indarkeria.

Beraz, 1995. urtetik, Nazio Batuek aitortzen dute genero-indarkeria dela emakumearen askatasun, garapen eta eskubideen erabilerarako oztopo nagusietako bat.

Egoera hori dagoela argitzeak emakumeen eskubide eta askatasunak legez eta gizartean kontuan hartuak izateko mugarri bat zehaztu zuen.

Beraz, arlo guztietatik egindako borroka aktibo baterako premia dagoela irmo iritzita, 2008. urtean, Espainiak aho batez onartu zuen Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Osorako Neurrien Legea parlamentuko talde politiko guztien oniritziaz.

Lege organiko horrek aurrerakada eztabaidaezina eta nabarmena ekarri zuen genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak tratatu, aitortu eta babesteko orduan.

Euskadin, 2005. urtean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zen, eta une honetan arazorako erantzun egokitu eta hobetuak behar dira.

Alde batetik, Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluak, maiatzaren 22an, Lehendakaria buru zuela, VII. Emakume eta gizonen berdintasunerako plana onartu zuen.

Nire iritziz, beharrezkoa da, alde batetik, egin diren lege-aldaketei gure araudia egokitzea eta, bestetik, emakumeen kontrako indarkeriari buruz egun eskaintzen diren prebentzioa eta erantzuna sendotu eta osatzea. Eta lege-egitasmo berezi bat ontzea da nire ustez helburu horiek lortzeko tresna egokiena.

Gizartea, herritarrak, botere publikoei eta Herri Administrazioei galdetzen ari zaizkie erantzuna albait zabalena eta gogobetegarriena emateko.

Apirilaren 27ko 4/2015 Legeak, biktimaren estatutu juridikoari buruzkoak, ere hala ezartzen du.

Atarikoaren lehendabiziko esaldian argi eta garbi dio erantzuna ezin dela bakarrik juridikoa izan, baizik eta gizartekoa ere.

Erantzun horrek, prozesu penal batean kaltea konpondu ez ezik, alde moraletik jasandakoak eragin ditzakeen beste ondorio traumatiko batzuk gutxitu behar ditu, egoera prozesala edozein dela ere.

Lan eta Justizia Sailaren lehentasunezko helburu bat da genero-indarkeriaren emakume eta adingabe biktimei arreta osoa bermatzea, gure eskumenek ematen duten ahalen arabera.

Biktimaren Estatutuko 3.1 artikuluak zehazten du biktima orok duela babes-, informazio-, laguntza-, asistentzia- eta arreta-eskubidea, baita prozesu penalean aktiboki parte hartzearena ere.

Errespetuzko tratua, profesionala eta indibidualizatua jasotzeko eskubidea du, agintariekin edo funtzionarioekin harremanetan jartzen den lehendabiziko unetik diskriminatzailea ez den tratua hartzekoa, eta berdin asistentzia-zerbitzuetan zein justizia konpontzailean egiten diren ekintzetan.

Hala prozesu penal osoan, nola haren ondorengo aldi egokian, eskubide hori edukiko du, arau-urratzailea nor den ezagututa edo ez, eta prozesuaren emaitza edozein dela ere.

Helburua da biktimizazio sekundarioa eragoztea, batzuetan erakunde publikoek eragindako praktika txar edo desegokien ondorioz gertatzen dena.

Alegia, biktimizazio sekundarioa indarkeria instituzionalaren emaitza zuzen bat da, bakarra ez izan arren.

Helburua da Justizia Sistematik pasatzean, eragile juridiko eta Justizia Administrazioko pertsona guztiengandik, haiei heziketa onena emanez biktimek kalitate hobea jaso ahal izatea berdintasunean zein genero-ikuspegian.

Helburua da biktimen arretarako zerbitzua hobetzen jarraitzea.

Hura zerbitzu publiko, boluntario eta doakoa da, eta edozein delitu-ekintzak jotako pertsona guztiekin lan egin eta arreta osoa ematen die.

Eta bereziki genero-indarkeriaren biktimei harrera-elkarrizketak eta jarraipena egiten die, eta doako asistentzia juridikoari zein laguntza ekonomiko espezifikoei buruzko aholkularitza ematen.

Nabarmentzekoa da LAGUNTZA JURIDIKO-TERAPEUTIKOA zerbitzua, helburutzat duena epaitegira deklaratzera behar duen emakumeak hori baldintza onenetan egitea, ahal den neurrian ingurunea ez ezagutzeak, tipo judizialek eta biktimagilearekin aldi berean egoteak eragiten duten larritasuna gutxitzeko.

Joan nadin bukatzen.

Amaitzeko, berriz eskertu nahi dut ikastaro hauen antolakuntza.

Horietako bakoitzaren bidez, hurbilagotik ezagutzen ditugu Genero Indarkeriaren biktimak zein zirkunstantziatan eta nola moldatu behar diren, eta ezagutza horrek hobetzeko balio behar digu, batez ere.

Era horretan, denok elkarrekin hobetuko ditugu haiei harrera, arreta, laguntza eta babesa emateko jartzen ditugun tresnak, bitartekoak eta zerbitzuak.

Izan ere, gure eginbeharra hori da, gure konpromisoa.

Eskerrik asko

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak