Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek La Navalen akziodun izateko eskatu diote Socaderi

2011.eko otsailak 03

 

Eusko Jaurlaritza eta foru-aldundiak elkartzen dituen erakundeak erabaki du proposamen hori Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan aurkeztea

Euskadiko erakundeek adostu dute Arcelor Mittali jakinaraztea Socadek bere akzioak enpresan saltzeko aukera izatearen inguruan hartu duten erabakia

Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseilua, Eusko Jaurlaritza eta hiru foru-aldundiak elkartzen dituen erakundea, atzo (otsailak 2) bildu zen Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua presidente zela. Bilera hori (gai-zerrendan Inbertsio Estrategikoen Bulegoaren bilera ere azaltzen zen) -kide berberekin- balantze positiboarekin amaitu zen eta proposamen guztiak aho batez onartu zituzten bertaratu guztiek.

Kontseiluak hartutako erabaki nabarmenen artean, honako hau aipatu behar da: Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek Socade (Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea, eta hor lau erakundeak daude sartuta) Construcciones Navales del Norte (La Naval bezala ezagutzen da) sozietatearen akziodun izan dadin nahi dute eta horren aldeko apustua egin zuten.

Proposamen hori hilabete honetako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan aurkeztuko da berrets dezaten. Kapital publikoa ontzigintza-enpresan sartzeko, Erkidegoko agintarien onespena beharko da, eta, horretaz gain, CNN sozietatearen egungo akziodunek eragiketa onartu egin beharko dute.

Honako proposamen hau egin da: La Navalek akziodun gisa izango duen partaidetza aldi baterakoa izango da eta oso ehuneko txikian. Erakundeen ustez inbertsio hori estrategikoa da Euskadiko ontzigintzaren sektorean, eta, hortaz, eragiketa gauzatzeko gehienez ere bost milioi euroko ekarpena egitearen alde daude.

Era berean, Inbertsio Estrategikoen Bulegoak atzo erabaki zuen Socaderi eskatzea Sestaoko Arcelor Mittalen duen partaidetza saltzeko aukera baliatzeko. Sozietate publiko hori 1994an sartu zen siderurgia-enpresan kapital sozialaren % 10ekin, Acería Compacta de Bizkaia (ACB) izena zuenean.

2006an, bazkide gutxiengodunek saltzeko aukera -2009ko apirilean bukatzen zena- sinatu zen. Negoziazio asko egin ondoren, 2009ko irailean akziodunen akordio bat sinatu zen, eta akordio horren bitartez saltzeko aukera luzatzen zen hainbat baldintza betez. Baldintza horien artean, aldez aurretik ezarritako irteera-prezioa zegoen, eta gehieneko epe bat (2011ko apirilaren 15a), horretaz gain, enpresak konpromisoa hartzen zuen jarduerarekin Sestaon jarraitzeko.

Euskadiko erakundeek, Inbertsio Estrategikoen Bulegoaren eremuan, atzo onartu zuten Arcelor Mittali jakinaraztea salmenta-eragiketa hori egiteko baimena zegoela.

Bilera horretan, gainera, hainbat gai onartu ziren: alde batetik, higiezinen arloko aktiboen kapitalizazioa Ulma Forja Lazkano proiektuan bere tasazio-balioarengatik, eta, bestetik, Socade Alfa Lan enpresaren akziodun izateko epea sei urtez luzatzeko proposamena.

  

Lurzoruaren Funts Estrategikoa

Atzoko bileran beste erabaki batzuk ere hartu ziren. Lurzoruaren Funts Estrategikoaren inbertsio-plana onartu zen, iaz eratu zena. Funts horrek 30 milioi euroko ekarpena du; garai bateko Inbertsio Estrategikoen Funtsetik eratortzen da diru hori eta horren kudeatzailea Sprilur da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan