Berriak Lehendakaritza
Eu

“Nazioartekotzeko etenik gabeko bidean” lanean diharduen Euskadi bat defendatu du Lehendakariak kidego kontsularraren aurrean

2018.eko uztailak 02
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • “Euskal Herria munduari ezagutzera emateko” premia aitortu du Urkullu Lehendakariak Ajuria Enean egindako harreran

Iñigo Urkullu Lehendakariak harrera egin die gaur Ajuria Enea jauregian Euskadin kreditatutako kidego kontsularreko ordezkariei. Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi Marian Elorza ere izan dira ekitaldian. Haien aurrean, “internazionalizazioan sinesten duen” Euskadi bat deskribatu du Lehendakariak, “Euskal Herria munduari ezagutzera eman” nahi diona, eta eskertu egin du kidego kontsularraren lankidetza helburu hori lortzeko bidean. 

Kanpo-ekintzen eta nazioarteko harremanen arloan aurten izan diren mugarrien errepaso bat eginez ekin dio bere jardunari Lehendakariak, “bereziki emankorra izan da aurtengoa Euskadi nazioartekotzeko” adieraziz. Hala, gogora ekarri du Euskadi Basque Country 2020 Estrategiaren onespena, 1.900 ekintza biltzen dituenarena internazionalizazioari lotuta. Hala, aurten burututako jardueretako batzuk nabarmendu ditu Lehendakariak, besteren artean: Elkar Aditze Memoranduma sinatu izana Estatu Iberoamerikarren Erakundearekin; Kanadara eta Quebecera egindako bidaia ofiziala; Learning Tour bat Estatu Batuetako Ordezkaritza batekin; eta Eskualde Batuen Erakundearen eta Eskualdeen Mundu mailako Foroaren Batzar Nagusia, Gasteizen.

Lehendakariak azpimarratu duen beste mugarrietako bat izan da Europaren Etorkizunaren inguruko Ikuspegia onetsi izana; Europaren etorkizunari buruzko Liburu Zuriarekin 2017ko martxoan Jean Claude Junckerrek egindako hausnarketa irekiari Eusko Jaurlaritzak egindako ekarpena, alegia. Horri dagokionez, 15 Enbaxadorerekin egindako lan-bilerak nabarmendu ditu, eta baita ere Madrilen izandako elkarraldia Europar Batasuneko 25 Enbaxadorerekin, “Elkarrizketak herritarrekin” ekimena berrikuntzaren, maila anitzeko Gobernantzaren eta gazteen Enpleguaren inguruan, eta maiatzaren 9an, Europaren Egunean, Lagun Onari saria Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua-Eurobasqueri eman izana.

Gainera, apirilaren 11n onetsitako Euskadi Basque Country 2030 Agenda nabarmendu du Lehendakariak, aipatu dituen mugarrietatik hirugarrena, alegia. Hala, adierazi duenez, Estatuko lehenengo Administrazio Publikoa da Euskadi Nazio Batuen ekimen estrategiko horrekin hartua duen konpromisoa islatzen. “Eragile global bat izatea eta gure ahotsa kontuan hartua izatea nahi dugu”, zehaztu du. Hala, erronka horri jarraitasuna emango dioten epe laburreko ekimenen aurrerapen bat eskaini du: bisita ofizial bat Galesera, datorren astean; uztailaren 16an High Level Political Forum-ean parte hartzea, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren jarraipena egiteko Nazio Batuen elkarraldian, alegia; eta “Euskal Diasporaren Eguna” antolatzea Euskadin, irailaren 8an.

Bestalde, Lehendakariak gaineratu duenez, berrikuntzaren, berdintasunaren, hazkunde jasangarriaren eta giza garapenaren alde apustu egiten duen Herrialde bat da Euskadi. Pertsonekin konpromisoa hartua duena; hemen bizi direnekin eta, baita ere, etorkizun hobeago baten bila euren etxeak eta familiak atzean uztera behartuta daudenekin. "Europaren barruan, gero eta gehiago, bere halabeharraren jabe izan nahi duen Herrialde bat", zehaztu du. 

"Zuek zarete munduko gure enbaxadoreak. Fidagarritasuna, segurtasuna eta egonkortasuna eskaintzen dituen Euskadi batena, Herrialde batena. Lau hamarkadatan akordio integratzaileetan oinarrituta bere burua gobernatu izan duena. Eta, zalantzarik gabe, etorkizunean ere hori egiten jarraituko duena. Ez dago beste biderik", adierazi du.

Azkenik, Kirmen Uribe idazlearen “Abangoardia maite duen antzinako herria” obra aipatu du Lehendakariak eta, adierazi duenez, Euskal Herria munduan ezagutzera emateko asmoarekin sortutako liburu hori da gure aurkezpen-gutuna. Hala, kidego kontsularraren lankidetza eskertu du Basque Country-k nazioarteko agertokian esan nahi duena transmititzen laguntzeagatik. “Eskerrik asko Euskadi Basque Country nazioartekotzeko etenik gabeko bidean bidelagun izateagatik”, esanez amaitu du.

Frantziako kontsul eta kidego kontsularreko dekanorde nagusi Sameh  Safty-k ere esku hartu du ekitaldian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak