Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eroskik eta Energiaren Euskal Erakundeak ibilgailu elektrikoa sustatzeko hitzarmen bat sinatu dute

2011.eko otsailak 03

• Kooperatibak, EEEren laguntzaz, etxez etxeko zerbitzua egiteko ibilgailu elektrikoak erabiliko ditu eta haren establezimenduetako parkingetan ibilgailuak birkargatzeko guneak instalatuko ditu.

• Ekimenaren bidez, garraioan energia-eraginkortasuna hobetu eta herri eta hirietan kutsadura murriztu nahi dituzte EEEk eta EROSKIk.


Bilbo, 2011ko otsailaren 3a.- Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta EROSKIk hitzarmen bat sinatu dute gaur, Euskadin ibilgailu elektrikoaren erabilera bultzatzeko, garraioan energia-eraginkortasuna hobetzeari begira.

Aipatutako hitzarmenaren arabera, EEEk eta EROSKIk elkar hartuta, konpromisoa hartu dute ibilgailu elektrikoa sustatzea helburu duen egitasmo bat gauzatzeko. Egitasmoa, funtsean, ibilgailu elektrikoen erabileraren monitorizazioa eta ebaluazioa egitean eta birkargatzeko guneak instalatzean datza, azken hauek zerbitzu publikoa emateko xedez. Horretarako, EROSKIk bost ibilgailu elektriko eskuratuko ditu, Mercedes Vito E-Cell markakoak, eta bezeroen erosketak etxera garraiatzeko erabiliko ditu, Euskadin dituen hipermerkatu, supermerkatu eta online saltoki batzuetan.

Era berean, ibilgailu elektriko horien erabileraren jarraipena egingo du EROSKIk. Hala, hiru hilabetez behin, EEEri zenbait datu helaraziko dizkio, ibilgailu elektrikoen erabileraren emaitzak aztertzea ahalbidetuko duten datuak, hain zuzen ere.

Hori guztia aurrera eramateko, EROSKIk duen merkataritza sareko aparkalekuetan bost lursail egokitu eta erreserbatu ditu, EEEk partaidetza duen IBIL (Gestor de carga de vehículo eléctrico, S.A.) enpresaren bidez. Lursail horietan birkargatzeko guneak instalatuko dira, eta bertan zerbitzua emango zaie EROSKIren ibilgailu elektrikoei zein supermerkatu horietara jotzen duten bezeroen ibilgailu elektrikoei. Hasiera batean, birkargatzeko guneak honako leku hauetako supermerkatuetan instalatuko dira: Indautxu, Bolueta, Barakaldoko BEC Bizkaian, Ramiro Maeztu Vitoria-Gasteizen eta Arcco Amara Donostian. Etorkizunean, EROSKIk Euskadi osoan dituen establezimenduetako aparkaleku gehiagoetara zabaldu nahi dira birkargatzeko instalazio horiek.

Hitzarmen honen sinatzaile eta Idazkaritza Nagusiko zuzendari Leire Barañanok hauxe nabarmendu du sinadura ekitaldian: "Ingurumenarekiko konpromisoa gure gizarte erantzukizunaren ardatz nagusienetakoa da, eta EEErekin izenpetutako hitzarmen honek lagundu egingo digu bide horretan, gure jardunak eragiten duen ingurumen-inpaktua gutxitzeari begira".


EROSKI eta ingurumenarenganako errespetua

Ibilgailu elektrikoa sustatzea helburu duen hitzarmen hori EROSKIk ingurumenaren aldeko politikaren barruan dago, hasieratik etengabe bultzatzen ari den ingurumenarenganako errespetuaren ildotik, hain zuzen ere. Era horretan, haren industria jarduerak eragiten duen ingurumen-inpaktua gutxitzen saiatzen da.

EROSKIk ekimen ugari garatzen ditu ingurumenaren alde; adibidez, saltokietan hondakinak gutxitzea, garraioan emisio kutsatzaileak murriztea, hornitzaileen ekoizpenaren ingurumen- kudeaketa, birziklatzea, ontzi ekologikoak erabiltzeko hautua, langileentzako berariazko prestakuntza eta kontsumitzaileak sentiberatzeko kanpainak (berriro erabil daitezkeen poltsak, etxean energia aurrezteko neurriei buruzko informazioa), eta abar.

Bestetik, EROSKIrentzat salgaiak banatzen dituzten kamioek gailu berezi bat erabiltzen dute ibilbideak optimizatzeko, kamioek eragiten duten ingurumen-inpaktua gutxitzeko eta karbono-emisioak murrizte aldera. Gailu horren bidez, garraioari lotutako prozesu guztiak planifikatu, monitorizatu eta hobetu ahal dira (irteerak, ibilbideak, ordutegia, kilometroak, etab.). Tresna berritzaile horren erabilerak ahalbidetu du, besteak beste, "ekokudeaketa" elementuak sartzea EROSKIren logistikan. Hala, kamioek egiten duten kilometroen batez besteko kopurua %5 murriztea lortu da. Horren ondorioz, 5 milioi litro erregai aurreztu dira eta 14.000 tona CO2 aireratzea saihestu da urtean. Gainera, kamioi horiek bioerregaiak erabiltzen dituzte, jatorri fosila duten erregaien aldean, ingurumenarentzat hain kaltegarriak ez direnak.
Ildo horretatik, berrikitan, produktuak etxera eramateko edo garraiatzeko sistema bizikletaz ere hasi da eskaintzen EROSKI, nagusiki supermerkatuetan eta online eran egiten diren erosketetarako, Donostia eta Bilboko saltokietan. Bizikleta bidez garraiatzeko esperientzia hori ondo joanez gero, beste herri eta hiri batzuetara zabaltzeko asmoa du EROSKIk.
Aurrekoaz gain, Europar Batasunaren aintzatespena jaso du EROSKIk duela gutxi; izan ere, "Europarentzako Energia Adimenduna" deritzon kanpainan partner ofiziala izateko hautua izan da. Europar Batasunaren ekimen hori 2005. urtean jarri zen abian eta EBko estatu kideek energia iraunkorraren aldeko politikak sustatzeko inoiz egin duten ahalegin handiena dela esan genezake. Energiaren alorrean Europar Batasunaren legeria osatzearekin batera, kanpaina horren helburu nagusiak hauexek dira: energia iraunkorra bultzatzea ahalbidetzen duten teknologietan inbertsio pribatua bizkortu eta areagotzea, praktika egoki eta onak ezagutaraztea eta energiaren arloko liderren arteko akordioak eta itunak sustatzea, ideia, ekimen eta ekintza berriak sortzeko.
Saria edo aintzatespena jaso duen EROSKIren programak, "Energia Eraginkortasuna EROSKI 360º" izenekoak, ikuspuntu bikoitza du, kanpora eta barrura begirakoak, hain zuzen ere.
Barrura begira, kooperatibak zenbait erabaki edo neurri ekoeraginkor hartu ditu saltokietan. Neurri horien bidez, energia aurreztearekin batera, energia berriztagarri eta iraunkorren bitartez lortzen da hornidura.

Adierazitako neurri ekoeraginkorren ezarpenaren erakusle edo adibide bat Donostiako Gros auzoko saltoki batean dugu, uztailean berriz zabaldu den dendan, energia aurrezteko neurriak instalatu eta energia berriztagarrien bidezko hornidura eduki ahal izateko bitartekoak jarri ondoren. Gros auzoko saltoki hori egokitzeko eta prestatzeko 1.800.000 euroko inbertsioa egin du EROSKIk, eta saltoki konbentzionalekin alderatuta, energiaren gastuan %50 aurreztea eta urtean atmosferara 200 tona CO2 ez aireratzea lortu da.

Kanpora begira, berriz, programaren helburua da kontsumitzaileak sentiberatzea energia kontsumo iraunkorraren inguruan. Horretaz gain, energia fakturan aurrezteko aholkuak ere ematen zaizkie bezeroei.

EROSKIren "Aurreztu energia" kanpainaren harira, hainbat ekintza eta jarduera garatu ahal izan dira; esate baterako, aurrezpen potentziala eurotan kalkulatzea bide ematen duen webgunea baten inplementazioa, energia kontsumitzeko era guztiak (berokuntza, elektrizitatea, gasa, garraioa eta abar) kontuan hartuta; baita herritarrek eragiten dituzten CO2 emisioak kalkulatzeko ere. Horrekin batera, energia aurrezteko gomendioak ematen dira eta hartara, 150.000 pertsonak gastua monitorizatu dute. Gainera, Kontsumitzaileen Eskolak direlakoak antolatu eta aurrera eraman dira EROSKIren jabetzako hipermerkatu guztietan. "Itzali gastua, piztu aurrezkia" lelopean antolatutako ekimen horretan Espainia osoko ehunka kontsumitzailek hartu dute parte.

Kontsumitzaileentzako prestakuntza programa 2009ko otsailean jarri zen martxan, eta kontsumitzaileak energiaren balioaz sentiberatzea du helburu. Horretarako, etxeko energia kontsumoari buruzko diagnostikoa egiteko tresna bat jarri du haien eskura eta etxebizitzetan energia eraginkortasuna hobetzeko aholkuak ematen ditu.

Ibilgailu elektrikoa Euskadin

EEE, ezarrita dituen helburuekin koherentziaz, Euskadin ibilgailu elektrikoari sarbidea ematea xede duen egitasmoa garatzen ari da. Horri esker, garraioan energia eraginkortasuna hobetuko da eta Euskadin diharduten autogintzan eta ekipamendu elektriko eta elektroniko alorretan negozio aukera berriak sustatu ahal izango dira.

Egitasmo horrek duen ardatz estrategiko baten arabera, Euskadin ibiltzeko ibilgailu elektriko kopuru edo masa kritiko bat sortu behar da, merkatuan haustura-gunera iristeko edo sartu ahal izateko ahalik eta lasterren, eta hartara, ibilgailu elektrikoa Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde, elkarte eta herritarren eskura jartzeko asmoz.

Ildo horretatik, IBIL, Gestor de carga de vehículo eléctrico, S.A., enpresaren eraketaren bidez, EEEk ibilgailua elektrikoa birkargatzeko azpiegitura ezarri nahi du Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskadin ibilgailu mota horien mugikortasuna bermatzeko.

EEEren nondik norakoa

Energiaren Euskal Erakundea (EEE) Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia da, eta honako zeregin hau du: Euskadiko energia estrategiak proposatzea, horniduraren bermeari, kostuen lehiakortasunari eta iraunkortasunari lotutako irizpideak aintzat hartuta, estrategietan ezarritako helburuak lortzen laguntzea eta sustapen lanak egitea.


Hori erdiesteko, EEEk Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari zerbitzua ematen dio energia eta meatze-geologia baliabideen inguruko gaietan. Horrezaz gain, zenbait proiektu garatzen ditu enpresa eta erakundeekin batera eta haren estrategiak zuzentzen dituzten irizpideak eta balioak zabaltzen ditu gizartean.

Pertsonen lidergoan, konpromisoan eta kualifikazio teknikoan oinarritzen da EEEren jardun gaitasuna. Horrekin batera, dituen baliabideen planifikazioan eta kudeaketa eraginkorrean datza gaitasuna.

EROSKIren nondik norakoa

EROSKIren merkataritza sarean 2.300 establezimendu inguru daude, eta honako hauek osatzen dute: EROSKI hipermerkatuek, EROSKI/center supermerkatuek, Caprabok eta EROSKI/cityk, EROSKI/bidaiak bulegoek, gasolindegiek, Forum Sport kirol dendek, IF lurrin dendek, Abac aisiladi eta kultur dendek eta 22 plataformak. Sare horri erantsi behar zaizkie frankiziako autozerbitzuak (482). Frantzian 39 establezimendu ditu EROSKIk (hipermerkatuak, supermerkatuak eta gasolindegiak), eta Andorran 4 IF lurrin denda.

Azken 40 urte hauetan, EROSKIren etekinen %10 gizarte ekintzak eta ekimenak sustatzera bideratzen dira, EROSKI FUNDAZIOAren bitartez. Etekinen zati hori gizartearen eskura jartzen du EROSKIk, eta nagusiki, hiru zeregin edo premia mota hauetarako erabiltzen da: kontsumitzaileei informazioa eta prestakuntza emateko, ingurumena zaintzeko eta elkartasun ekimenak sustatzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Leire Barañán, Eroskiko idazkaritza nagusiko zuendaria; José Ignacio Hormaeche, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia.