Eu

Euskadik Galiziari eskualdatu dio autonomia-erkidegoak Europar Batasunaren aurrean ordezkatzeko egitekoa

2018.eko ekainak 29

Atzo bertan Bilbon egindako ekitaldi sinboliko baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, Elena Morenok, Galiziako Xuntako Ingurumen Kalitateko eta Klima Aldaketako zuzendari nagusia den María Cruz Ferreirari eman zion Espainiako autonomia-erkidegoen jarrera erkidea Europar Batasuneko (EB) Ingurumeneko Ministroen Kontseiluaren aurrean ordezkatzeko eta koordinatzeko egitekoaren lekukotza.

Ferreira Costak eskertu egin zuen gainerako autonomia-erkidegoen konfiantza, Galiziaren eskuetan uzteagatik datozen hilabeteotan haiek ingurumenaren arloan EBren aurrean ordezkatzeko egitekoa. Esan zuen «ohorea» dela eginkizun hori bere gain hartzea, hain zuzen ere Europak sarean lan egiteko erronka duenean, epe laburrean eta ertainean ingurumenaren arloan europar agenda osatuko duten erronka nagusiei aurre egiteko.

Europako Ingurumeneko Ministroen Kontseiluak egindako azken bileran (ekainaren 25ean, Luxenburgon), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak jardun zuen autonomia-erkidegoen ordezkari, eta bertan, sailburuak aldeztu egin zuen EBko ekonomia zirkularreko ekintza-paketea.

Datozen bilerak urriaren 9an eta abenduaren 20an izango dira; Luxenburgon eta Bruselan, hurrenez hurren. Austria izango da jorratu beharreko gai nagusiak zehaztuko dituen herrialdea, berari egokituko baitzaio datorren seihilekoan EBko txandakako presidentetza.

Aurtengo udazkenean Ingurumeneko Ministroen Kontseiluetan itxura guztien arabera landuko dituzten gaien artean, honako hauek nabarmentzen dira: mugikortasun eta garraio jasangarriagoak sustatzeko hartu beharreko neurriak, erabilera bakarreko plastikoen estrategia eta Europar Batasunak Klima Aldaketari buruzko Konferentzian (COP24) hartuko duen jarrera. Konferentzia hori Poloniako Katowice hirian egingo dute, urtearen bukaeran.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak