Eu

Eusko Jaurlaritzak Durangoko Udalaren eskuetan jarri du trenbideko instalazioek hartzen zuten lur-sailaren urbanizazio plana

2018.eko ekainak 29
  • Faseka egingo den jarduketak 10,9 milioi euroko aurrekontua du, eta 32,5 hilabetetan egingo da. Halaber, sei etxebizitza eraikin eraikitzea aurreikusten du, horietako bat babes ofizialekoa, parkeak, umeentzako jolas guneak, kirol kantxak; eta behin betiko lotuko ditu trenbideak aspalditik bereizi dituen bi gune.
  • Durangoko Udalak beharrezkoa den jende aurreko izapidean jarriko du proiektua, herritarren alegazioak eta iradokizunak jasotzeko

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuordeak, hamarkada luzez herriaren erdialdean trenbideko azpiegiturek bete duten 60.000 metro karratu inguruko lur-sailaren urbanizazio plana eman dio gaur Aitziber Irigoras Durangoko alkateari. Irigorasek iragarri duenez, denbora gutxi barru proiektuak jende aurreko izapidea igaroko du. Epealdi horretan, taldeek edo norbanakoek alegazioak edo iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte, eta udal teknikariek aztertu ondoren, azterlanean sartu edo ez erabakiko da.

Lur-saila Alluitz, Sasikoa eta Geltoki kaleen artean dago, eta hegoaldetik Askatasun Etorbidearen aurrealdean dauden eraikinekin egiten du muga. Hirigintza lanei esker behin betiko konponduko dira geltoki berrirako sarbideak, eta geltokia ingurunean integratuta geratuko da, trenbidea lur azpian sartu ostean trenbide sarearen trazatu zaharrak eragiten zuen hesia desagerraraziz.

Espazioen antolakuntza, Durangoko hirigintza planeamendua definitzen duten arau subsidiarioen jarraibideetara egokitu da. Aurkeztutako proiektuaren helburuen artean ingurunea hirigintzaren ikuspegitik hobetzea bilatzen da, eta horren ondorioz ingurunea birgaitu egingo da, eta mugikortasuna eta auzoen arteko harremanak hobetuko dira.

Espazio horretan sei etxebizitza bloke eraikitzea dago aurreikusita, horietako bat babes ofizialekoa. Babes ofizialeko etxebizitza blokea 4.354 metro karratuko azaleran egingo da, sestratik zazpi solairuko altuera eduki ahal izango du, eta eraikigarritasuna 12.400 metro karratu ingurukoa izango da. Gainerako bost blokeetako bakoitza 1.900 metro karratu inguruko azaleran egingo da, eta gehieneko eraikigarritasuna 11.000 metro karratukoa izango da. Gehienez ere 18 solairuko altuera izango dute, beheko solairua barne.

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuordea pozik agertu da azkenean aurrera egin ahal izan delako trenbidea lur azpian sartu eta tailerrak eta kotxetegiak eraitsi ondoren libre geratu diren trenbideko lurrak urbanizatzeko lanetan. Gune berde zabalak etxebizitzekin eta herritarrentzako ekipamenduekin uztartuko dituen jarduketa “aukera bikaina izango da udalerrirako. Planteatutako erabileren ondorioz gune hori aisiarako gune bilakatuko da, herriaren bihotzean”.

Aizek “Eusko Jaurlaritzak operazio horretan egindako inbertsio garrantzitsua” azpimarratu du, “250 milioi euro baino gehiagokoa”. Trenbidea eta hori lur azpian sartu izana hiri eraldaketarako elementuak izan dira Durangon “Durangaldeko erabiltzaileei Euskotrenen zerbitzu publiko modernoa, fidagarria eta segurua emateko xedez”. Bere iritziz, “Eusko Jaurlaritza etorkizuneko garraiorako ari da prestatzen, eta jarduketa horrekin durangarrak eguneroko jatorri-jomuga gune nagusiekin lotzen ditugu”.

Sailburuordeak Durangoko geltoki berriaren erabiltzaile kopuruaren goranzko joera nabarmendu du “2017an 825.950 pertsona erabiltzaile izan zituen”. Dagoeneko indarrean dagoen ekitaldi honetan, lehen 5 hilabeteko konparaketa egiten bada, %7,4eko igoera eman da, 343.591 pertsona erabiltzaile erregistratu ziren denbora tarte honetan 2017an eta 368.860 berriz 2018an.

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, bere aldetik, eskertu egin du azkenengo urteetan Durangok izan duen proiektu garrantzitsuenetako batean ETSk erakutsi dituen konpromisoa eta inplikazioa. Irigorasek azpimarratu duenez, trenbidea lur azpian sartzeari esker, Durango erdialdean zeuden trenbideek eragiten zuten hesi fisikoa kendu ahal izan da, eta udalerriaren bi aldeak berriro ere elkartu egin dira. Horrez gain, 27 trenbide pasagune kenduz segurtasuna hobetzeaz gain, Durangok durangarren erabilerarako eta gozamenerako espazio handia, 62.000 m² baino gehiago, berreskuratuko duela adierazi du alkateak. “Trenbideak hartzen zuen espazioa berreskuratzean eta urbanizatzean, Durangori birika berdea ematen zaio, biztanle guztientzako ekipamenduak eskainiz”.

Proiektuaren deskribapena 

Libre geratu den espazioa lur jarraituaren gaineko parke handi gisa egituratu da Durango erdialdean, auzoak lotuz eta hirigintza aldeko egungo haustura josiz. Motordun joan-etorrietatik libre egongo den lurzorua izango da, protagonismoa oinezkoentzako ardatz jarraituei eta bidegorriari emanez, eta horien artean hainbat gune berde eta jarduera uztartuz.

Horretarako, elkarren artean erlazionatuta egongo diren hiru elementu multzotan jardun da:

  1. Parkea iragazkorra izango da perimetro osoan. Bi ardatzetan (ekialdea-mendebaldea eta zeharkakoa) oinarrituko da. Luzexkako ardatzaren muturretan bi plaza egongo dira, parkerako sarbide nagusi gisa, auzoen (Errotaritxuena) edo hiriguneen (Ezkurdi plaza) konexiorako aukera emanez. Espazio horietan oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza emango da, lehentasuna oinezkoek izanik. Parkearen perimetroaren iragazkortasuna oinezkoen bideen bitartez indartzen da iparraldeko eta hegoaldeko muturretan, eta baita lehentasuna oinezkoek izango duten bizikidetzarako bideen bitartez ere. Parkearen ipar-mendebaldean egongo diren bide horietan litekeena da gurpil gaineko trafikoa egotea, abiadura 20 Km/h-ra mugatuz. Horrez gain, intermodalitate izaera emateko xedez, Ekialdeko muturrean, geltokiko sarbidetik gertu, autobusak eta taxiak geratzeko gunea egokitzea aurreikusi da. Horrela, hiri arteko komunikazio zerbitzu guztiak iristerrazak eta erraz lekutzeko modukoak izango dira.
  1. Espazio berriari, euren artean eta hiri egiturarekin artikulatuta egongo diren zirkulazioen barne egitura emango zaio, gaur egun daudenei lotura eta jarraipena emango dieten oinezkoen zirkulazioak eta bidegorriak sortzeko aukera gehituz (une honetan ez dago loturarik euren artean), luzexkako ardatzean (oinezkoen ardatza trenbidearen trazatuan zehar luzatuko duena) eta zeharkakoan (eremuaren iparraldean eta hegoaldean dauden ikastetxeak eta etxebizitza guneak lotuz).
  1. Proiektatutako trazatuak espazio ludikoak eta harremanetakoak lotzeko aukera emango du, eta baita espazio dinamikoagoak ere, kirol eta aisia jarduerak aurrera eramateko. Gune hauek aurreikusi dira:
  • Geltokiko plaza.
  • Umeentzako jolas guneak
  • Jarduera bio-osasungarrirako gunea.
  • Jarduera dinamikorako gunea.
  • Loreen plaza.
  • Ezki gunea.
  • Jarduera ludikorako gunea.

Materialen aukeraketa eta hiriko elementuak eta landaredia jartzeko modua, urbanizatu beharreko eremu horren erabilera, funtzionaltasuna eta kalitate estetikoa kontuan izanda planteatu dira. Argiztapen publikoa argiztapen tipologia desberdinak kontuan izanda diseinatu da, aurreikusitako erabileraren eta jardueren arabera, parkea espazio jarraitua, koherentea, funtzionala eta ondo konektatua izan dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Aitziber Idigoras (Durangoko alkatea)