Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Tabakoaren aurkako legearen helburua ez da inposatzea, konbentzitzea baizik

2011.eko otsailak 03

Eusko Legebiltzarrak tabakoaren aurkako legea onartu du

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak berriro adierazi duenez, arauaren helburua ez da erretzaileak kriminalizatzea, osasun publikoa babestea baizik. Droga-mendetasunen arloko prebentzio, laguntza eta gizarteratzeari buruzko Legea aldatzen duen legea defenditu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Eusko Legebiltzarrean, eta lege hori onartzea "herritarren osasunarekiko konpromisotzat jo du, bereziki Euskadiko langileen osasunarekiko".

Zabaletaren iritziz, tabakoaren aurkako lege berriarekin, "Europako tabako gabeko gune berrian kokatu da Euskadi; horrela, ez erretzaileak ez dira behartuta egongo erretzaileen kea arnastera leku publiko itxietan, eta haien osasuna babestuko da, bereziki ostalaritzako langileena eta adingabeena".

Legearen eztabaidan legebiltzarreko taldeen artean lortutako adostasun-maila goraipatu ondoren, sailburuak azpimarratu du lege berriaren helburua ez dela "inposatzea edo zigortzea, konbentzitzea baizik". Horren ildotik, Zabaletak zehaztu duenez, "helburua ez da erretzailea kriminalizatzea, osasun publikoa babestea baizik; izan ere, begien bistakoa da gaurko egunean inork ez duela zalantzan jartzen inguruneko tabako-kea arnasteak ondorio larriak eragiten dituela pertsonen osasunean".

"Hizpide dugun legea, nahiz eta gizartean berebiziko interesa piztu, normaltasun osoz aplikatzen eta garatzen ari da, guk baino lehenago ezarri duten Europako beste herrialdeetan gertatu den bezala, eta horrek agerian uzten du euskal gizartearen heldutasun- eta zibismo-maila", gaineratu du sailburuak.

Aldaketa horrek tabakoaren alorreko antolamenduaren egiturazko elementuei eragiten die, hau da, tabakoaren publizitateari eta sustapenari, salmentari eta hornidurari, kontsumoari eta zehapen-erregimenari. Legeak zehazten du zein izango diren ikuskaritzaz eta zehapenak ezartzeaz arduratuko diren organo eskudunak: Ikuskaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko ikuskapen-unitateek gauzatuko dute. Zehapen arinak jartzea droga-mendekotasunei buruzko eskumenak dituen saileko lurralde-ordezkaritzen zeregina izango da. Zehapen larriak Saileko organoen esku egongo dira, eta Jaurlaritzaren Kontseilua arduratuko da arau‑hauste oso larriez.

Horez gain, indarrean urtebete betetakoan eragin ekonomikoari buruzko azterlana egiteko betebeharra ezartzen du lege-testu berriak.

Urtarrilaren 21era arte, droga-gaien gaineko eskumena Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarena zen, baina egun hartatik aurrera Osasun Sailak du bere gain, Eusko Jaurlaritzaren arloetan izandako berregituraketaren barruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta