Eu

Muro: “Ekintzailetzak ahalegin handia eskatzen du, eta, erakunde-, hezkuntza- eta enpresa-eragile guztion artean, ekintzailetzarako laguntza ematen jarraitu behar dugu”

2018.eko ekainak 29

 

  • Deustuko Unibertsitateko Egitezko Ekintzailetzako Master Dualaren I. edizioaren itxiera

Bilbo 2018 06 29

Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, gaur, zera esan du: “ekimen berri bat martxan jartzeak eskatzen duen ekintzailetza eta balio, gaitasun eta trebetasunen transmisioa, oraindik bete gabe dagoen egitekoa barik, erronka amaiezinak dira, epe luzeko ahalegina, “tantakako ureztapena”, eta Euskadiko erakunde-, hezkuntza- eta enpresa-eragile guztion artean lankidetzan jarraitu behar dugu horretarako”.

Sailburuordeak Deustuko Unibertsitateko Egitezko Ekintzailetzako Master Dualaren I. edizioaren itxieran parte hartu du, Víctor Urcelay Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza, Etengabeko Prestakuntza eta Prestakuntza Dualeko errektoreordearekin, José Luis Larrea Deusto Social Labe-ko Aholku Batzordeko presidentearekin, Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoarekin eta Carlos Barrabés Barrabéseko sortzailearekin batera.

Marcos Murok azaldu duenaren arabera, “garapen ekonomikoko eta ongizateko maila altuak dituzten gizarteek ekintzailetza-maila baxuagoak izaten dituzte”. Europako Batzordearen 2020rako Ekintzailetzako Ekintza Planak berak zera baieztatzen du: “Europak ekintzailetza gehiago behar du, hazkuntza eta pasa den hamarkadako enplegu maila altuak berreskuratzeko”.

Euskadin, “ekintzailetza ez da etorkizunerako lehentasunezko aukera, antza denez, batik bat gure gazteetan”, esan du. Gaur egun, 20 eta 29 urte bitarteko gazte okupatuen % 6,2k baino ez du bere kontura lan egiten, eta hamar euskal gaztetik zazpik (16 eta 29 urte bitartean) sekula ez diote beren buruari planteatu ekintzailetzarako aukera, Gazteen Euskal Behatokiaren “2017ko Euskadiko Gazteen Egoeraren Diagnostikoa”ren datuen arabera.

Murok zera nabarmendu du: “argi dago kolektibo hori sentsibilizatzeko eta prestakuntza emateko lan egin behar dugula, eta ekintzailetzaren jarduera lanbiderako eta bizitzarako aukera gisa azaldu behar dugula. Betiere, negozio bat martxan jartzeak ezagutza, esperientzia eta laguntza ekonomikoa behar dituela kontuan hartuta, besteak beste, eta ez dela erraza 30 urte baino lehen egitea”.

Muro sailburuordearen hitzen arabera, Euskadik “erronka horri ikuspegi globaletik heltzen dio, eta, horretarako, ekintzailetzaren sustapena funtsezkotzat ulertzen du”, besteak beste honako ekintza hauetan: 2017-2020rako Enpleguaren eta Ekonomiaren Suspertzearen aldeko Esparru Programa, 2017-2020rako Enplegu Plana, 2020rako Ekintzailetzako Erakundeen arteko Plana, Gazte Ekintzailetzarako Plana edo IV. Gazte Plana. “Horiek guztiek ekintzaile direnentzako laguntza dute oinarri, ekintzailetza kalitateko enplegua eta jarduera ekonomiko berria sortzeko bide gisa baliatzen dutenentzako laguntza”.

Murok zera aldarrikatu du: “Euskadiko ekonomia- eta gizarte-historia ekintzailetzaren eta etengabeko berrasmatzearen adibide da”. Adibide gisa 1511n Bilboko Kontsulatua sortu izana jarri du sailburuordeak adibide gisa, “gure arbasoek jakin-mina izan zutela eta Bilbo Europako nabigazio- eta merkataritza-ibilbideetan erreferente gisa kokatzen jakin zutela” nabarmentzeko. “Mende batzuk geroago, jarraitzen dugu etorkizunera begira dagoen herrialdea izaten. Eta, horretarako, etorkizuneko beharrak irakurtzeko gaitasuna izan behar dugu eta egokitzen jakin behar dugu”.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak