Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzaren aurtengo udako prebentzio-mezuaren ardatzak arreta-galtzeak, abiadura, alkohola eta drogak dira

2018.eko ekainak 29

Aurreikuspenen arabera, aurten 1.830.000 ibilgailuk zeharkatuko dute Euskadi nazioarteko joan-etorrietan

(2018/06/29) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu du Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan Elige Conducir / Gidatu, besterik ez kanpainaren bigarren fasea. Aurtengo udan gidariei gogora ekarriko dizkie gidatzean arreta galtzeak, abiadura desegokiak edo alkohola eta drogak kontsumitzeak dituzten arriskuak.

Euskadin izandako trafiko-istripuen % 30etan batera gertatzen diren hiru faktoreetara ekarri nahi izan da arreta: abiadura desegokia edo gehiegizkoa, alkoholaren eta drogen kontsumoa eta mugikorrekin arreta galtzea. Kontuan izan behar da udan ibilgailuen joan-etorri ugari izango direla Euskadiko errepideetan, eta garrantzizkoa da, beraz, prebentziorako eta erantzukizunerako deia egitea”, adierazi du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak.

Ertzaintzaren datuen arabera, 2017ko uztailean eta abuztuan 1.251 istripu gertatu ziren Euskadiko errepide-sarean. Istripuotan 70 pertsonek zauri larriak izan zituzten eta 5 pertsona hil ziren, aurreko udan baino bi gehiago (1 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan).

Udako irteera/itzulera operazio berezia

Trafiko Zuzendaritzak egindako kalkuluen arabera, gaurko, ostirala, 15:00etatik hasi eta uda amaierara arte, 1.830.000 ibilgailuk gurutzatuko dute EAE nazioarteko joan-etorrietan, iaz baino % 2,25 gehiagok. Joan-etorrien % 60 uztailean eta abuztuan egingo dira.

Irteera-operazioan joan-etorri gehien uztaileko azken astean espero dira, hilaren 27tik 29ra. Frantziarako itzulera mailakatua izango da eta joan-etorri gehien abuztuko azken asteburuetan –irailak 1 eta 2 barne–, ostegunetik igandera, espero dira.

Opor-garaian Euskadiko errepide-sareko punturik gatazkatsuenak izaten dira A-8 Kantabriarako noranzkoan, Behobiako muga, AP-8tik AP-1erako sarbidea, A-1etik AP-1erako sarbidea Armiñonen, eta AP-1 eta N-622 errepideen arteko lotuneak Gasteizerako noranzkoan eta N-622 eta AP-1 artekoak Burgoserako noranzkoan.

AP-8tik AP-1era sartzeko puntuan, Maltzagan, bigarren errei bat egokitzeko lanak amaituta izango dira uztailaren amaieran. Puntu horrek, beraz, utzi egingo dio kritikoa izateari eta Gasteizko noranzkoan trafikoa arindu egingo da. Bestalde, A-63an, Biriatu eta Miarritze artean, oraintsu zabaldutako hirugarren erreiari esker, mugako trafikoa aurrerantzean arinagoa izatea dago aurreikusita.

Udako oporretako irteera eta itzulera operazioan trafikoaren dentsitateak sortuko dituen arazoak gutxitzeko helburuarekin, honako jarduerak burutuko ditu Trafiko Zuzendaritzak:

 

  • Seinale lagungarriak jarriko dira bide-sare nagusiko eta zerbitzu guneetako puntu estrategikoetan.

 

  • Irteera-operazioan, egunik kritikoenetan (uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan), seinale bereziak ipiniko dira AP-1 eta N-622 errepideak Gasteizerako noranzkoan lotzen diren puntuan, Etxabarri Ibiñan. Hortik 5 km-ra, Gasteizen, N-622 eta A-1, Burgos/Madrilerako noranzkoan, lotzen diren puntuan, Trafiko Zuzendaritzak beste seinale-dispositibo bat aktibatuko du nazioarteko trafikoa errazteko.

 

  • Armiñongo lotunean, irteera-operazioan, eta Europistasekin AP-1ekin koordinatuta, behin-behineko seinaleztapena erabiliko da A-1 autobiaren paraleloan doan N-1 errepidea ordezko bide gisa erabiltzea gomendatzeko Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbideen artean.
  • Itzulera operazioan, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen berezia erabiliko du Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1eko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. 8 egunetan egongo da abian dispositiboa, abuztuko azken bi asteburu luzeetan, ostegunetik igandera bitartean.

Era berean, eta uda osoan zehar, informazio-mezuen panelak eta Trafiko Zuzendaritzaren kanal guztiak, trafikoa-eus web-orria, APPa, Twitterra eta 011 telefono-zenbakia (24 orduz erabilgarri dagoena) erabiliko dira informazioa emateko.

Ertzaintzako Trafiko Unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.

Sentsibilizazio-kanpainak

Elige conducir / Gidatu, besterik ez kanpainaren bigarren fasea aurkezteaz gainera, Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak, gaurko agerraldia baliatuz, aurtengo udan zuhur eta arduratsu izateko eskatu die Euskadiko errepideak erabiliko dituzten pertsona guztiei, eta, bereziki, erabiltzaile-talde ahulenetakoa osatzen dutenei, motozaleei. Aurten Euskadiko errepideetan 6 motozale hil dira. “Bide-segurtasunari buruzko hausnarketa-prozesu parte-hartzaile batean murgilduta gaude, eta Euskadiko motozaleen kolektiboekin egiten ari garen prozesu horretatik prebentziorako eta sentsibilizaziorako estrategia aterako da Trafiko Zuzendaritzak sustatuta eta kolektiboarekin lankidetzan”, adierazi du Trafikoko zuzendariak.

Don,t be dummy / Zuk ez duzu ordezkorik lehiaketa

Bestalde, gaur banatu dira Don´t be Dummy’ prebentzio-proiektuaren baitan antolatutako lehenengo ‘Zuk ez duzu ordezkorik – Para ti no hay repuesto(s)’ lehiaketako sariak. Euskadiko hiru lurraldeetako hogei bat gaztek hartu dute parte bertan bideo eta audio modalitateetan.

16 urtetik 20 urtera bitarteko neska-mutil saridunek Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzak emandako garraio publikorako hainbat bono edota bizikleta –arauzko ekipamendu guztiarekin– jaso dituzte.

Trafiko Zuzendaritzak azpimarratu egin du “aurkeztutako lanen sormena eta orijinaltasuna, guztietan argi geratu da portaera desegoki baten aurrean guk ez daukagula ordezkorik”.

‘Don’t be Dummy’ proiektua 2017ko irailean jarri zen abian, eta ordutik gaur arte 7.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte Euskadiko 22 udalerritan egindako 33 saioetakoren batean. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak asmoa du hiru hiriburuetara iristeko, eta gutxienez beste 11 ekitaldi egiteko urtea amaitu aurretik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak