Berriak Lehendakaritza
Eu

Europa "indartsu, aurreratu, solidario eta hobeago" baten alde “elkarrekin hazten jarraitzeko” erabakitasuna adierazi du Lehendakariak

2018.eko ekainak 29
  • Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeak Iruñean ospatutako Batzar Nagusian parte hartu du Iñigo Urkulluk
  • 2014-2020 Plan Estrategikoa eguneratzea onetsi du Euroeskualdeak
  • Nafarroak hartuko du beregain Europako talde honen lehendakaritza hemendik aurrera

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur goizean parte hartu du Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeak Iruñean ospatutako Ezohiko Batzarrean. Bertan, Nafarroako Foru Komunitatera eskuordetuko da Europako talde honen lehendakaritza. Bertan izan dira baita ere Nafarroako Lehendakari Uxue Barkos eta Akitania Berriko Lehendakari Alain Rousset, hurrenez hurren dagokien ordezkaritzen buruan.

Lehendakariarekin batera joan dira Iruñera Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburu Alfredo Retortillo, Osasuneko Sailburu Jon Darpón eta Segurtasuneko Sailburu Estefanía Beltrán de Heredia.

Uxue Barkosek egin die harrera Urkullu Lehendakariari eta Akitania Berriko Lehendakariari Nafarroako Errege Artxibo Nagusian. Agurren ondoren, Batzar Nagusira bertaratu dira hiru lehendakariak. Bertan, Euroeskualdeko 2014-2020 Plan Estrategikoa eguneratzea onetsi dute.

Lehendakariak Batzarrean jardun duenean adierazi duenez, Plan eguneratuak aukera emango du Euroeskualdea Europar Batasuneko mugaz haraindiko eta lurraldeko ekintzaren erreferentzia-guneetako bat izateko. "Barne-antolamendua eta elkarlana hobetzen jarraitzea da gure erronka. Gure dimentsio berria eta gure helburuen hedadura taxutzen jarraitzea. Gure ahotsa entzutea nahi dugun eta behar dugun foro horietan gure presentzia mantentzen jarraitzea”, nabarmendu du.

Gainera, Lehendakariak bere erabakitasuna adierazi du "elkarrekin hazten, etorkizunari ilusioz begiratzen jarraitzeko, pertsonen ongizatearen alde lan egiteko borondatearekin, eta baita Europa indartsuago, sozialago, integratuago, aurreratuago, solidarioago eta hobeago baten alde ere". “Horixe da elkartzen gaituen xedea Euroeskualdeak adierazten duen hedadura handiko proiektu honetan”, adierazi du.

Ondoren, hiru lehendakariek batera egin duten agerraldi batean, Lehendakariak azaldu duenez, dituzten balioekin eta ahaltasunarekin hobeto egin ahal izango diete aurre mundu aldakor batean sortzen diren erronkei: errefuxiatuen krisi humanitarioa, Brexit, klima-aldaketa, posizionamendu geopolitikoak, populismoak, xenofobia-korronteak, eta hazkundearen eta zerbitzu publikoen jasangarritasuna. “Hori da Euroeskualdearen horizontea", azpimarratu du.

“Europazaleak gara eta Europa da gure konpromisoa. Europa handiago baten alde dihardugu lanean, bere balioak eta askatasunak defendatzearen alde", nabarmendu du Lehendakariak. Gainera, gaineratu duenez, bakean, aurrerabidean eta ongizatean oinarritutako eredu baten alde dihardute lanean, gure arbasoek egin zuten bezala. “Elkarrekin eraiki nahi dugun Europaren irudi da Euroeskualdea", esanez amaitu du.

Iruñeko ekitaldia lehendakaritzaren eskuordetzarekin amaitu da. Hala, orain arte lehendakari izandako Alain Roussetek lehendakaritzaren ikur den “makila” eskuordetu dio Uxue Barkos lehendakariari.

Informazio gehiago

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak