Berriak Hezkuntza

Eskola Txikiek topaketa antolatu dute Eibarren biharko, Neurozientzietan izan diren aurrerapenak ardatz hartuta

2018-06-27
  • “Neurozientzia eta eskola” hitzaldia emango du Marta Portero Tresserra Neurozientzietan doktoreak
  • Eskola Txikietako arduradunek euren geletan abian dituzten esperientziak partekatuko dituzte gainerako eskoletakoekin

Ia 300 lagun elkartuko dira bihar Eibarren, Eskola Txikietako maisu-maistrak denak ere, Euskadiko Eskola Txikiek elkarlanean antolatu duten topaketan. Bi urterik behin antolatzen den topaketan, neurozientzietan azken urteetan egiten ari diren ikerketak izango dira ardatz, Marta Portero Tresserra Neurozientzietan doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Psikobiologia irakaslearen eskutik.

Eibarren UPV/EHUk duen egoitzan elkarturik, Topaketak honako bi helburu hauei erantzun nahi die aurten:  

  • Batetik, neurozientziari buruz ikastea eta arlo horretan egiten ari diren ikerketek Eskola Txikien eguneroko zereginean duten eragina, inplikazioa eta garrantzia aztertzea.
  • Bestetik, Eskola Txikietan positiboki baloratzen diren esperientziak elkarrekin trukatzea. Hori lortzeko, hainbat erakusleiho antolatuko dira urte hauetan zehar garatu diren hainbat esperientzia elkarrekin trukatu eta eskolen arteko interakzio eta kooperazio guneak aberasteko.

Neurozientzia eta eskola, hitzaldia

Ebidentzia zientifikoan oinarrituriko hezkuntzaren inguruko interesa haziz doa, neurozientzien alorrean ikasketa eta irakaskuntza prozesuaren nahiz garunaren plastikotasunaren inguruko aurrerapenak gertatu ahala. Horrela bada, neurozientzien eta hezkuntzaren arteko zubiak eraiki dira azken aldian. Portero Tresserra irakasleak eskainiko duen hitzaldiaren helburua, beraz, honako hau da: azken urteotan egin diren ikerketa neurozientifikoen inguruan hausnarketa egitea, haurtzaro eta nerabezarorako metodologia pedagogikoak diseinatzeko baliagarri izan daitekeen oinarri teoriko-enpirikoa eskaintzen baitute hauek.

Nola ikasten du garunak? Zer egin dezakegu ikasgelan arreta pizteko? Zero urtetik 12ra bitartean burmuinak duen garapenaren alderdirik esanguratsuei errepasoa eman ondoren, eta neuroplastizitate prosezuez jardun ostean, adituak azpimarra jarriko du ikasketa prozesuan eragina duten faktore nagusiak ikasgelan aplikatzeak duen garrantzian, hala nola: gorputza eta adimenaren arteko harremana, emozioen eta ezagutzaren arteko oreka sustatzen duten estrategiak, funtzio exekutiboen garapena, eta ikasketa prozesuak gertatzen diren espazioen diseinuak duen garrantzia.

Egitaraua eta informazio guztia, esteka honetan duzue eskura: https://tinyurl.com/y8v4ubla

Zer dira Eskola Txikiak?

50 Eskola Txiki daude Euskadin egun: 5 Araban, 19 Bizkaian eta 26 Gipuzkoan. Orotara, 2.938 ikasle izan dituzte guztien artean bukatu berri den ikasturte honetan, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan (2 urtetik 12 urtera).

Eskola Txikiak adin aniztasuna bultzatzen duten tamaina txikiko eskola publikoak dira, eta landa eremuan daude kokatuta. Beraz, aipaturiko ezaugarri nagusi horietan oinarritzen dute euren izaera, eta baita lan egiteko modua ere. Batetik, adin aniztasuna bultzatzen dute, haurren ikaste-prozesuentzat mesedegarria dela ziur, ikasleei konpetentzia anitzak garatzeko bide ugari ekartzen baititu adin aniztasun horretan lan egiteak (adin desberdinetako neska-mutilak elkarrekin, talde berean). Bestalde, landa eremuan kokatuak egoteak ikaste prozesua bertakotik eta gertukotik abiatuta egiteko aukera eskaintzen die. Ezaugarri horietan sakonduz, euren eskoletako metodologiak finduz eta onduz doaz Eskola Txikiak, ikasleen garapen prozesua gero eta hobea izatea helburu hartuta.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)