Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Hasiera eman zaio euskal "Y"-ak izango duen tunel luzeenaren eraikuntzari

2011.eko otsailak 03

Une honetan 9 dira burutzen ari diren Euskal "Y"-a Trenbide Sare Berriko zatiak

Iñaki Arriolak, Garraio Sailburuak, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea zatiko lehen harria jarri du. Zati horren ezaugarri nagusietakoa azpiegitura ehuneko altua da, izan ere, zatiaren luzera osoaren %84 inguru betetzen baitute. Lanek 119,9 milioi euroko aurrekontua dute, eta burutzapenerako epea 63 hilabetekoa da.

Euskal "Y"-a Trenbide Sare Berriko tunel luzeenaren eraikuntza lanari eman zaio gaur hasiera, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea zatiko lehen harria jartzeko ekitaldiarekin. Bertan egon dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburua, Iñaki Arriola, eta Estatuko Gobernuak Euskadin duen Ordezkaria, Mikel Cabieces.            

Antzuola - Ezkio Itsaso zatiak 6.940 metro ditu eta Antzuola, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio/Itxaso udalerriak zeharkatzen ditu. Zati horren ezaugarri nagusietakoa azpiegitura ehuneko altua da, izan ere, zatiaren luzera osoaren %84 inguru betetzen baitute. Azpimarratzekoak dira 495 metro dituen Deskargako errekaren gaineko bide-zubia eta Zumarragako bi hodiko tunelak. Bakoitzak 5.360 metro ditu, eta Euskal "Y"-ak izango dituen luzeenak dira.

Obraren neurria eta proiektuaren konplexutasuna kontuan izanik, bere lizitazioa (240 milioi euro) bi zatitan banatu da: gaur Antzuolan lehen harria jartzeko ekitaldia izan duen Mendebaldekoa eta denbora gutxi barru esleituko den Ekialdekoa.                                      

Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea izeneko zatiak 3,5 kilometro ditu, Antzuolatik aurrera. Lerro imajinario bat eginez gero, esleipena lortu duen ABEE-aren lana Urretxuko udalerriaren parean amaituko litzateke. Lanek 119,9 milioi euroko aurrekontua dute, eta burutzapenerako epea 63 hilabetekoa da.

Deskribapen teknikoa

Zatia hasi eta 70 metrotara Deskargako bide-zubia dago (495 metro). 8 bao ditu, eta 30 metroko gehieneko malda aldaketa gainditzen du Deskarga errekak osatzen duen bailararen gainean. Bao bakoitzaren gehieneko luzera 70 metrokoa da, eta haren burutzapena zinbra bitartez burutuko da.

Bide-zubiaren ondoren trazatuak bereiztu egiten dira, Zumarragako tunelen ahokaduran beharrezkoa den tartea lortzeko. Tunel horiek trenbide bakarra izango dute, eta sekzio libreko 52 metro karratu izango dituzte. Gehieneko sakonera 230 metrora hurbilduko da, eta Zumarragako hirigunearen azpitik igaroko da. Tuneletako segurtasunari buruzko Europar araudiaren arabera, bi hodien arteko hamahiru lotura galeria proiektatuko dira, bat 400 metroz behin, larrialdiren bat gertatuz gero ebakuazioa ziurtatzeko. Alderdi horrek bi hodiko tipologiaren aukeraketa baldintzatzen du, horrelako luzera duten tunelen kasuan.                          

Zumarragako tunelen irteeran, ondoko zatian, Ezkio/Itsasoko geltokia dago, Abiadura Handiko Trenak EAE-n izango duen sei geltokietako bat. Ezkio/Itsasoko geltokiari buruzko Informazio Azterlana ari da burutzen une honetan.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                             
Gipuzkoako adarraren egoera

Une honetan 9 dira burutzen ari diren Euskal "Y"-a Trenbide Sare Berriko zatiak: Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa eta Tolosa-Hernialde. Guztira, 28,3 kilometro, adarra osatzen duten ia 80 kilometroetatik.

Denbora gutxi barru Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani zatietako lanak hasiko dira, eta lizitazio prozesuan daude Bergara-Bergara eta Antzuola-Ezkio mendebaldea zatiak. Hori dela eta, aste gutxi barru hamahiru izango dira obratan egongo diren zatiak, adarraren ehuneko 56,53, hain zuzen ere. Horrez gain, aurreikuspenen arabera, aurten, beste bi zati esleituko dira: Hernialde-Zizurkil (5,8 km.) eta Zizurkil-Andoain (5,08 km.).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)