Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak 2018-2023 Euskadiko Onkologia plana aurkeztu du, gaixotasuna dutenen biziraupena hobetzeko

2018.eko uztailak 02

Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur, 2018-2023 Euskadiko Onkologia Plana aurkeztu du; bertan, arreta onkologikorako jarduketa-eremuak zehaztu ditu, minbizia dutenen biziraupena hobetzeko, kontuan izanik gure gizartearen osasun-arazo nagusietako bat dela. Dokumentua bat dator 2013-2020 Osasun Planaren oinarri izan diren irizpideekin, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak prestatu du, gaixo onkologikoen eta beren familiartekoen arretan inplikatuta dauden adituen eta osasun-profesionalen taldeen aholkularitza eta konpromisoarekin.

Oro har, Planak laguntza-eredua planteatzen du, diziplina anitzeko ikuspegiarekin, eta horren helburua da diagnostikorako denborak murriztea eta interbentzio konplexuenak beharrezko esperientzia batzeko aukera ematen duten erreferentziazko unitateetan kontzentratzea.

Euskal Onkologia Planak, halaber, pertsonalizatutako doitasunezko medikuntzaren (PDM) garapenean ere sakontzen du, eta horrek aukera ematen dio pazienteari banako tratamendua egiteko, bere ezaugarrien eta daukan tumorearen arabera, historia kliniko elektronikoan prozesu onkologikoaren informazio guztia jasoko duen sistema informatikoaren laguntzarekin, besteak beste, jasotako tratamenduak eta pazientearen bizi-kalitatea, erabakiak hartzean erabilgarri izan dadin.

Gainera, berrikuntza-estrategia ere zabalduko da, Euskadiko enpresa teknologikoak minbizia diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna berriak garatzen inplikarazi nahi dituena, eta osasuna eta prebentzioa sustatzeko sektoreen arteko estrategien aldeko etengabeko apustua egingo da.

Baina plan honen ezaugarri bereizgarria, gaur Jon Darpón sailburuak esan bezala, pertsona erdigunea dela da, bai prebentzio-arloan, bai laguntza-ereduan. “Prozesu onkologikoa humanizatzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu”, esan du Osasun sailburuak, eta esan du “plana ehuneko ehunean zentratzen dela pertsonen premia fisiko eta emozionaletan”, eta, gainera, partekatutako erabakiak hartzean parte hartu ahalko dutela.

2012an estandarizatutako biziraupen-tasa, diagnostikoaren ondoko bost urtean

 

 

EUSKADI

ESTATUA

EUROPA

EMAKUMEAK

% 59,9

% 58

% 58

GIZONAK

% 52,2

% 48,9

% 50,3

Abiapuntu gisa gogorarazi behar da Euskadin 2000. urtetik minbizitik bizirik irteten den pertsona-kopurua handitu egin dela, nabarmen; 2012an % 52,2koa zen biziraupen-tasa gizonetan eta % 59,9 koa emakumeetan; tasa horiek Estatukoen gainetik daude, bai eta Europakoen gainetik ere. “Datuak itxaropentsuak dira, baina gure konpromisoa da minbiziaren inguruan hobetzen eta aurrera egiten jarraitzea; izan ere, gaur egun, oraindik, gure gizartean eragin handia duen gaixotasuna da”, esan du Jon Darpón sailburuak.

 

  1. OSASUNA ETA PREBENTZIOA SUSTATZEKO ESTRATEGIAK

2018-2023 Euskadiko Onkologia Planaren ikuspegitik, beharrezkotzat jotzen da abian diren ekimenei eustea eta, horretarako, toki-mailako ekintza komunitarioa sustatu eta sendotzea. Ekintza horiek honako helburu hauetan laburtzen dira:

  • Biztanleen jarduera fisikoaren praktika sustatzea eta, horretarako, Euskadiko Jarduera Fisikoaren Planean ezarritako urratsei jarraitzea.
  • Elikadura osasungarrirako ekimenen estrategia ezartzea.
  • Tabakoaren kontsumoa murriztea eta herritarrak ketik babestea, Tabako-kerik Gabeko Euskadi Estrategian aurreikusitako neurrien bitartez.
  • Alkohol-kontsumoaren nagusitasuna murriztea, batik bat gazteetan.
  • Probak egiteko protokolo berezien bidez erradiazio ionizatzaileen bidezko arriskua murriztea, edo historialean bildutako datuak ustiatzea erradiazio-dosia murrizteko.

 

Gainera, aurrekoen osagarri diren beste bi estrategia gehitu behar dira: melanomaren prebentzioa eta, horretarako, jomuga haurrak izatea, eta langileak agente kantzerigenoen eraginpean egoteko kasuak murriztea.

Baheketa-programak

Kontuan hartuta detekzio goiztiarra funtsezko alderdia dela biziraupenean emaitza hobeak lortzeko, Planak planteatzen du dagoeneko Euskadin ezarrita dauden baheketa-programekin jarraitzea, besteak beste, kolonekoarekin eta bularreko minbiziarenarekin, eta egungo estaldura-tasa eraginkorrak areagotzea.

Gainera, ekainetik Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketa Programa pilotua dago martxan, 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta. Esperientzia lehen fasean Debabarrenako ESIn ezarri da, eta 2018aren amaieran, Arabako ESIra iritsiko da eta, 2019tik aurrera, Euskadi osora zabalduko da.

 

  1. LAGUNTZA EREDUA

Onkologia Planan, lau jardun-ildo ezartzen dira, zentro eta profesionalen artean aldakortasuna murrizteko:

  • Prozesu onkologikoaren antolamenduan eta kudeaketan hobekuntzak sartzen jarraitzea, diziplina anitzeko ikuspegiaren
  • Diagnostikora eta tratamendura jotzeko lehentasunezko zirkuituak berrikusi eta ezartzea.
  • Erabakiak hartzean tumoreen batzordeen eginkizuna sendotzea.
  • Onkologia eremuan erizainen eginkizuna indartu
  • Erreferentziazko laguntza-unitateetan kontzentratzea prozesu onkologiko kirurgiko oso konplexuak eta prebalentzia gutxikoak. Planak ezartzen du interbentzio horiek beharrezko esperientzia guztia bildu eta gainerako lortutako emaitzak ebalua daitezkeen lekuetan zentralizatu behar direla.

Egoera bereiziak

Planak tratamenduan arreta berezia behar duten premia bereziak dauzkaten pertsonen taldeetan jartzen du fokua:

Ume eta nerabeak: proposatzen du hiru lurraldeetan etxeko arreta aringarria garatzea, bizitzaren amaieran, eta familiei segimendua eta laguntza ematea

Minbizitik bizirik irteten diren pertsonak (luzaroan bizirik irauten dutenak): lehen mailako arretaren eta espezialisten arteko koordinazioa, beharrizan psikosozialekin, tratamenduaren kontrako ondorioekin eta errezidiba-arriskuarekin lotutako alderdiei heltzeko.

 Adinekoak: profesionalen, pazienteen eta beren familien artean partekatutako erabakiak hartzeko bide ematen duen balorazio integrala bermatzea.

 

  1. INFORMAZIO SISTEMAK

Informazio-sistemen erronka da historia kliniko elektronikoak pazientearen informazio integrala ematea (tratamendua, bizi-kalitatea, bigarren mailako ondorioak…), eta aplikatzen zaizkion tratamenduen emaitzak ere jasotzea, ebaluatu ahal izateko. Horrek profesionalei lagunduko die erabaki onkologikoak hartzen eta abian jarri beharreko jarduketetan. Onkobide ezartzea eta zabaltzea ezartzen da; sistema horren bidez, medikuek laguntza-prozesu osoan pazienteari eman zaion medikazioaren informazioa eta emaitzak jaso ahalko dituzte.

Ebaluazioaren bidez, gainera, elkarrizketa-esparrua zehaztu ahalko da industria farmazeutikoarekin, ordainketara bideratua, pazientea bakoitzean eskuratutako emaitzen arabera, bereziki medikamentu berriak sartzeko orduan.

 

  1. MEDIKUNTZA PERTSONALIZATUA

Nahiz eta eremu horretan dagoeneko lanean ari den, Euskadiko Onkologia Planak doitasunezko medikuntza zabaltzea planteatzen du; hala ulertzen da prebentzioko, diagnostikoko eta tratamenduko estrategia bereziak ezartzea eta, horretarako, tumoreen oinarri genetiko eta molekularrak gero eta hobeto ulertzen direla aprobetxatzea. Doitasun-ikuspegia duen laguntza-eredua, alegia, biztanle-azpitaldeei aplikatutako diagnostiko- eta tratamendu-teknikekin (beren ezaugarrien eta tumorearen ezaugarrien arabera), denbora gehiago eta hobeto bizirik irauten duen pertsona-kopurua areagotu ahal izateko.

Azken batean, helburua da aurrerapen teknologikoak praktika klinikora sartzen joatea eta emaitzak neurtzea; horrela, arrakastatsua dela egiaztatzen bada, teknika horiek ahalik eta paziente-kopuru handienari aplikatzen joateko.

 

  1. ONKOLOGIKOA FUNDAZIOA

Onkologiko Fundazioarekin ere erlazioa zabalagoa izatea proposatzen du euskal Onkologia planak. Onkologikoak Gipuzkoan egin duen ibilbide luzea eta zerbitzu publiko eta soziala eskaintzeko duen bokazio nabarmena kontutan hartu du Planak. Horregatik, Osasun Sistema Publikoak eta Onkologikoak zerbitzu bakar batezko bidea egitea proposatzen du Donostiako ospitale unibertsiarioa eta Onkologikoa etorkizunean hobeto koordinatzeko eta osatzeko.

 

  1. IKERKETA ETA BERRIKUNTZA

Euskadiko Onkologia Planak, era berean, ikerketa klinikoan antolamendu-esparru berrian aurrera egitea planteatzen du, sareko lana eta hiru osasun-ikerketako institutuen arteko sinergiak hobetzeko aukera emateko (Biocruces, Bioaraba eta Biodonostia). Horrek aukera emango du ahalik eta saiakera kliniko gehien erakartzeko.

Gainera, industria-egituraren eta ikerketa-taldeen arteko lankidetzari heltzen zaio, minbizi-egoeretan medikuntza pertsonalizatua garatzeko, RIS 3 estrategiari erantzuteko.

Teknologia kirurgikoko berrikuntza-programak sustatuko dira, inpaktu handia izan dezakeen arloa dela identifikatu ondoren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak