Berriak Osasuna
Eu

Jon Darponek alarmismoa baztertzera deitu du, baina erne ibiltzera, GIB eta sexu-transmisiozko infekzioak ez baitira artean iraganeko kontu bat

2018.eko ekainak 29

Osasuneko sailburuak GIB eta STI Planaren 2017ko txostena aurkeztu du, eta berretsi egin du infekzio berriak eragozten eta detekzio goiztiarrean aurreratzen jarraitzeko euskal apustua

2017an, 133 GIB diagnostiko berri jakinarazi ziren EAEn, 2016an 158 zirenean

Osakidetzak 32,6 milioi euro bideratu zituen antirretrobiral-tratamenduetara 5.662 pertsonari arreta emateko

 

Osakidetzak 32,6 milioi euro bideratu zituen iaz antirretrobiralen bidez GIB infekzioak jotako 5.662 pertsonari tratamendua emateko. Hala eman du gaur aditzera Jon Darpon Osasuneko sailburuak prentsaurreko batean, 2017an Hies eta Sexu Transmisiozko Infekzioen (STIen) Planean egindako aurrerapenen eta bere Sailak daramatzan politiken berri emateko. Egin duen agerraldian parte hartu dute ere Marta Pastorrek, Euskalsida Euskal Autonomia Erkidegoan GIBen arloan lan egiten duten elkarteen federazioko presidenteak, eta Hies eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planeko koordinatzaileak, Antonio Arraiza doktoreak.

Jon Darponek gizarteak alarmismoa baztertu baina erne jarraitzeko ohartarazi du aurten ere, “GIBa eta sexu-transmisiozko infekzioak ez baitira iraganeko gauza. GIBa munduko arazo bat da eta, datu globalak baretzen ari diren arren, kopuruak zirraragarriak dira artean ere”, zehaztu duenez.

Euskadi, esan duen bezala, ez zaio arrotz errealitate horri. Hala, Hies eta STI Planaren txosteneko datuen arabera, 2017an 133 GIB diagnostiko berri jakinarazi ziren (2016an, 158) eta, beraz, 6,13 kasu berriren tasa da 100.000 biztanleko, aurreko urteko 7,3ren aldean.

Infekzio berrien % 75,9 gizonei dagozkie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,8 urte da (2016an, 39,1).

GIB bidezko infekzioa sexu-transmisiozko gaitz bat da gehienetan. Gizonek gizonekin sexua duten transmisio bideak jarraitzen du izaten gehiengoa, diagnostiko berrien % 55,6 (2016an, % 44,3); bide hetereosexualetik % 38,3tan gertatzen da (2016an, % 42,4tan).

Sailburuak nabarmendu du infekzio berrien % 45,9k diagnostiko berantiarra zutela; alegia, immunitate-sistema dagoeneko oso kaltetuta zegoenean (350 CD4 zelula baino gutxiago) detektatu ziren.

Alde horretatik, zehaztu zuen bere Sailak bi puntutan egingo dituela ahaleginak: infekzio berriak eragoztea eta kasu berriak lehenbailehen detektatzea, GIB duten pertsonen osasun-pronostikoa hobetzeko eta GIB dutela ez dakiten pertsonek oharkabean hura ez transmititzeko. Ildo beretik lan egin da Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, hura da autonomia-erkidego gutxienetako bat esklusiban GIBari zuzendutako unitate funtzional bat indarrean duena (alegia, GIBaren prebentzio- eta ekintza-plan bat).

Hain zuzen, diagnostikoaren atzerapenaren kontrako ahalegin horretan, Jon Darpon sailburuak nabarmendu du Euskadiko farmazietan GIBaren 2.636 test laster egin direla 2017an. Egindako test guztietatik, 16 positiboak izan ziren (% 0,6). Euskal Autonomia Erkidegoan 50 farmazia daude 3 lurralde historikoetan banatuta eta, horietara, modu anonimo, zuhur eta errazean joan daiteke testa egiteko, eta albait lasterren pertsona batek GIB daraman edo ez detektatzeko.

Halaber, Osasun Sailak eta Osakidetzak martxan diren ekintza eta programa guztiak bultzatzen jarraitzen dute: ikastetxeetan nerabeekin, espetxeetan, droga erabiltzen duten pertsonekin, GKEekin, farmazialarien elkargoekin eta abarrekin.

Gaur plazaratutako urteko txostenean nabarmendutako beste alderdi batzuk dira, adibidez, Osakidetzak dituen sexu-transmisiozko infekzioei buruzko hiru kontsultategi espezifikoetan (bana lurralde historiko bakoitzean) bildutako datuak. Horiek agerian utzi dutenez, sifilis kasuak ugaldu egin dira: 2016an 101 izatetik 2017an 128 izatera pasa dira, baita gonokozia kasuak ere, 179tik 210era igo baitira.  

Halaber, Hies eta STI Planak kontsultategi birtual bat du Interneten gizonekin sexua duten gizonentzat. Bertan, modu anonimoan azaldu dezakete beren arriskuko praktiken edo sintoma klinikoen berri, eta aholku sanitarioa har dezakete, eta dagokion asistentziara bideratu, beharrezkoa balitz. Galdetegi bat du eta, bertako erantzunen arabera, askotariko konponbideak eskaintzen dira (test laster bat egiteko farmazia batera bideratzea, medikuarekin aurrez aurreko kontsulta eskatzea, etab.). Oso tresna baliagarria da, eta 662 pertsonak jo dute harengana guztira duela sei urte abian jarri zenetik.

Euskadik indarrean mantentzen duen beste prebentzio-plan bat xiringa-elkartrukearena da. Injekzio bidezko drogen kontsumoak duela bi hamarkadakoarekin batere zerikusirik ez duen arren, 2017an 116.867 xiringa banatu ziren. Horietako 82.119 farmazietan; 34.567 GKEen, batez ere Bizkaisidaren bidez, baina baita beste batzuen bidez: Gizakia, Hontza, Sidálava, etab.

Prebentzio-planak hezkuntza-arloan ere indarrean jarraitzen du, eta sexu-harremanei lotuta gerta daitezkeen arrisku guztien prebentzioa lantzen du: GIB/hiesa, sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk, eta gogoz besteko haurdunaldien prebentzioa. 16 eta 18 urte arteko gazteei zuzentzen zaie, eta azken ikasturtean 95 ikastetxek eta 6.100 ikaslek parte hartu zuten.

Halaber, Osasun Sailak urteko 300.000 €-ko diru-laguntza mantentzen du GKEentzat. Jon Darpon sailburuak espresuki eskertu die egin duten sentsibilizazio- eta prebentzio-lana, “bestela oso zaila bailitzateke”, adierazi zuenez, “giza talde bereziki zaurgarrietara heltzea”.

 

Txostena eskuragarri: https://goo.gl/r6ASZ1

 

 

Bilbo, 2018ko ekainaren 29a

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2018.eko ekainak 29

    Comentario de Twitter:
    GIB eta sexu-transmisiozko infekzioak ez baitira artean iraganeko kontu bat. https://t.co/bwKtE3Ebgx

Ekitaldiko kargudunak