Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Teknologia berrien eragina politikan, eztabaidan

2011.eko otsailak 03

Hiritar Digitalen Nazioarteko II. Kongresua Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian izango da, apirilaren 14an eta 15ean

Izan ere, azken urteotan bide berriak zabaldu baitira hiritarren eta politikarien arteko harremanak bideratzeko; hala nola, sare sozialak, blogak, datu publikoak eta E-Administrazioaren bestelako aukera batzuk, guztiak ere zerbitzu hobea, parte-hartze zabalagoa eta gardentasun handiagoa eskaintzeko xedearekin. Ziberhiritartasunaren kontzeptua hainbat alderditatik aztertuko dute bertan, ardatz gisa teknologiak jarduera politikoan eta gobernantzan duen eragina hartuta, bai eta hiritarrekin duen erlazioa ere.

Idoia Mendia andreak, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, parte hartu du gaur goizean Hiritar Digitalen Nazioarteko II. Kongresuaren aurkezpenean. Kongresua, Donostian egingo da datorren apirilean. Oro har klase politikoaren eta hiritarren arteko harreman berriaz arituko dira Kongresuak iraungo duen bi egunetan, eta bereziki gizarteak gobernatzaileekin duen erlazioaz. Hori aztertzeko, hitzaldiak, mahai-inguruak, esperientzien panelak, tailerrak eta ondorioen erakusketa izango dira, besteak beste. Topaketaren hasierako zirriborroa honako webgunean dago ikusgai: www.congresociudadaniadigital.com

Mundu mailan ospetsu diren adituek eurek esperientziak azalduko dituzte topaketan, gizarte sareak ekarriko dituen egoera berriak eztabaidatzeko, hausnartzeko, ezagutzeko eta gainditzeko. Nazioarteko Kongresuaren bigarren edizio honek ekimena sendotzen ari dela erakusten du, eta Donostia erreferente bihurtu dela informazioaren teknologiek gizartean duten eraginari buruzko eztabaidari dagokionez.

Lankidetza publiko-pribatuari esker sendotu egin den ekimen hau Digital Vasca enpresa gipuzkoarrak antolatu du, ondoko erakunde hauen bultzadarekin: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentua eta Donostiako Udala.

Ameriketako Estatu Batuetako, Kanadako, Frantziako, Australiako eta Erresuma Batuko esperientzien berri emango dute, ikuspegi orokorra eskaintzeko asmoz, bai eta gertuagoko beste batzuk ere; hala nola, Euskadikoak, Andaluziakoak eta Kataluniakoak. Diziplinanitzeko mahai-inguruetan, eztabaida eta gogoeta egingo dute hazkunde itzela duen arren oraindik loratzen ari den joera honi.

Bestelako gai batzuk ere jorratuko dituzte adituek; hala nola, datu publikoak gobernuentzat, enpresentzat eta hiritarrentzat zabaltzeak zer-nolako zailtasunak eta aukerak dituen, eta komunikabideek agertoki berrian zein egiteko izango duten. Guztia ere teknologia berriek arlo politikoan izandako inpaktuaren gainean ahalik eta ikuskera orokorrena osatzearren.

Arreta eskainiko diote, halaber, iritzia zabaltzeko aukera areagotzen duten tresnen eta plataformen bidez hiritarrek gobernatzaileen edo enpresen gain gauza dezakeen kontrol handiagoari, eta joko erregela horiek nola alda litezkeen ere aztertuko dute.

Gobernatzaileekin harreman zuzenagoa izateko aukerak demokrazia irekiagoa eta parte-hartzaileagoa sortzen du, eta bertan errazago eta azkarrago eskuratzen da informazioa. Herrialde batzuek aldaketa hori eragiteko hainbat ekimen jarri dituzte abian, esate baterako Obamaren Administrazioak eta Euskadikoak, datu publikoak zabaltzearen aldeko apustua egin baitute, ahalik eta gardentasunik handiena eskaintzeko asmoz. Errotik aldatuko den agertoki politiko berriaren nondik norakoak azaltzea eta etorkizunerako ildoak zehaztea da topaketa honen helburua.

Jaurlaritzako zenbait ordezkarik parte hartuko du gertakizun horretan eta, bertan, Alberto Ortiz de Zárate jaunak, Herritarrei Arreta emateko zuzendariak, alegia, datu publikoak zabaltzeari buruz duen iritzia azalduko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)