Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte sailburuak 2017ko Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak aurkeztu ditu. Hezkuntza Batzordea (20185/06/27)

2018.eko ekainak 27
  • 2017ko Ebaluazio Diagnostikoan Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2. mailako 42.774 ikaslek hartu dute parte
  • Emaitzek aldaketa gutxi erakusten dute. Jaitsiera apala Lehen Hezkuntzako 4. mailan, eta igoera leuna DBHn

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ISEI-IVEik (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak) egindako 2017ko Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean.

Agerraldian, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea eta Xabier Aizpurua ISEI-IVEIren zuzendaria lagun zituela, ikerketaren alderik esanguratsuenak azaldu dizkie sailburuak legebiltzar taldeei.

Ebaluazio diagnostikoa (ED) oinarrizko konpetentziak neurtzen dituen azterketa da. Indarrean den curriculuma erreferentzia gisa hartzen duen arren, ez dago ikastetxe bakoitzean egiten den curriculumaren garapen espezifikoari lotuta.

Ikasleak egoera jakin batzuei eta arlo jakin batzuekin lotutako egoera eta arazoei aurre egiteko dituen ezagutzak aktibatzeko eta erabiltzeko duen gaitasuna neurtzea da helburua. Etapa-erdiko Ebaluazio diagnostikoak informazio zabala eta zehatza eskaintzen du eta hori, alde batetik, Administrazioarentzat oinarri izango da hezkuntza-politikak bideratzeko eta jarduketa-programak eta estrategiak abian jartzeko eta berrikusteko. Eta beste alde batetik, ikastetxeentzat ere oinarri izango da ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen berrikusketa kritikoa egiteko eta hobekuntza-planak egiteko.

Proba zentsala eta kanpokoa da (ikastetxez kanpoko pertsonalak burutzen du) eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek hartzen dute parte. Lehen Hezkuntzako 4. mailako proba 527 ikastetxetako 21.338 ikaslek egin dute; DBHko 2. mailan berriz, 326 ikastetxetako 21.436 ikasle ebaluatu dira.

2017ko Ebaluazio Diagnostikoak bost hezkuntza-konpetentzia aztertzen ditu: matematika-konpetentzia, konpetentzia zientifikoa eta komunikazio linguistikoa euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez.

Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako bilakaera:

Ikus grafikoak hemen

Ebaluazio Diagnostikoaren datuek aldaketa gutxi izan dute aurreko ebaluazioarekiko. Oro har, Lehen Hezkuntzako 4. mailan aztertutako konpetentziek jaitsiera leunak erakusten dituzte –konpetentzia zientifikoan izan ezik, honetan igoera leuna egon baita-; DBHko 2.mailan jasotako datuek aldiz, gorako joera erakusten dute ia konpetentzia guztietan (konpetentzia zientifikoan ez beste guztietan, hau lehengoan gelditu baita).

Lehen Hezkuntzako 4. mailako datuetan, euskarazko eta ingelesezko konpetentzia linguistikoak puntu bana galdu dute, eta gaztelaniazkoak bi. BDHn aldiz, euskarazko eta gaztelaniazko konpetentziak puntu bana egin dute gora, eta ingelesekoan nabarmenagoa da igoera, 4 puntuko hobekuntzarekin.

Matematika eta zientzia konpetentziei dagokienez, joera antzekoa da. Emaitzek erakusten dute matematiken kasuan, Lehen Hezkuntzan 3 puntu egin dela behera, DBHn gora egin duen kopuru berbera (+3). Konpetentzia zientifikoan, puntu bateko igoera leuna ikus daiteke Lehen Hezkuntzako emaitzetan, eta emaitza berbera da DBHn 2015eko Ebaluazio Diagnostikoarekin alderatuz. 

Laburtuz, eta ISEI-IVEIk 2017ko Ebaluazio Diagnostikoaz egin duen txostena oinarri hartuta, hauek dira ondorio nagusietako batzuk:

  • Ikasle gehienek gainditzen dituzte gutxieneko errendimendu mailak
  • Emaitzetan, famili inguruneak eragina du, nabarmena gainera; ordea, ikastetxearen hezkuntza-ekintza gai izan daiteke ikasleek duten ISEK (indize sozioeokonomiko eta kulturala) mailaren arabera esperotakoa baino emaitza hobeak izan ditzaten lortzeko
  • Euskal hezkuntza-sistema oso ekitatiboa da eta konpetentzietan errendimendu maila altua eta baxua duten ikasleen arteko aldea egonkor mantentzen da
  • Gure sistemak ikasle errepikatzaileen % 10 inguru ditu Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta % 20 DBHren erdian
  • Konpetentzia guztietan nabarmena da ia ikasle etorkin guztiek bertako ikasleak baino emaitza okerragoak dituztela bi taldeen arteko aldea murrizten doan arren
  • Elebitasuna aurrera doa hezkuntza-sistemari esker, baina azkeneko edizioetan, moteldu egin da aurrerapen hori
  • Neskek errendimendu-maila orekatuagoa eta egonkorragoa erakusten dute ebaluatutako konpetentzia gehienetan mutilen aldean
  • Ingelesezko eskolaz kanpoko jarduerak egiten dituzten ikasleek puntuazio handiagoak lortzen dituzte nabarmen Ingelesezko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzian
  • Ikasleak jaio diren hilabeteak eragin nabarmena du Lehen Hezkuntzako emaitzetan. “Jaiotze hilabetea” aldagaiak familia-jatorriak adina eragin du Lehen Hezkuntzako emaitzetan, eta beste aldagai batzuk baino esanguratsuagoa da (ikaslearen sexua, kasu).
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak