Eu

Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! - LGTBI kolektiboari Informazioa eta Laguntza emateko Zerbitzuak adierazpena egin du, ekainaren 28ko sexu-askapenaren nazioarteko eguna dela eta

2018.eko ekainak 28
  • “Aniztasunaren aldeko konpromisoa sinatu duen gizartean bizitzeak eragiten dion harrotasuna” adierazi du

 

VG 2018 06 28

Eusko Jaurlaritzaren Berdindu!-LGTBI kolektiboari Informazioa eta Laguntza emateko Zerbitzuan batzen diren gizarte-erakundeek adierazpena sinatu dute, ekainaren 28ko sexu-askapenaren nazioarteko eguna ospatzeko. Bertan, zera gogorarazi dute: “ILGA txostenaren arabera, oraindik 72 estatuk sexu-orientazioa kriminalizatzen duten legeriak dituzte, eta 47k baino ez dute aitorpen positiboa erakusten”. Honako hau da adierazpena:

 

“Gaur, 2018ko ekainak 28, Sexu Askapenaren eta LGTB+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, hainbat pertsona, erakunde, elkarte eta kolektibok pertsona guztientzako lekua izango duen mundu bat defendatu eta bultzatzeko egiten ditugun eguneroko borroka eta ahaleginen mugarriak jartzea ahalbidetzen diguten egun horietako bat. Agerikotasun lesbiko, trans edo bisexualaren aldeko, transexualitatearen despatologizazioaren aldeko edota LGTBI+fobiaren aurkako egunek bat egingo dute gaur, garenak eta garen bezalakoak izateko eta desiratzen dugun bezala desiratzeko (bakoitzak bere moduan) harrotasuna aldarrikatuko dugun egunean.

Aurten ere, Stonewalleko matxinada eta 1969ko ekainaren 28 hartan poliziaren basakeriari eta ezjakintasunean eta aurreiritzietan murgildutako gizartearen zapalkuntza sistematikoari aurre egin zieten pertsona guztiak izango ditugu gogoan. Era berean, gaur egun horri guztiari aurre egiten jarraitzen duten pertsona guztiak gogoratuko ditugu. Izan ere, ezin dugu ahaztu oraindik ere jazarri egiten gaituztela, oraindik ere iraindu egiten gaituztela, oraindik ere gogaitu egiten dugula, oraindik ere aniztasunaren balioa ulertzen ez duten ikuskera itxiak daudela.

Berdindu! Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboarentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzua osatzen dugun elkarteok garbi dugu adi jarraitu behar dugula. Gaur egun, EAEn erregistratutako gorroto-delituen laurdenek sexu-aniztasunarekin zerikusia dute. Aurten, gainera, oraindik bizitza oso bat geratzen zitzaion norbait joan zaigu, eta horrek eragin digun minak bat egin du oraindik lan handia dugula erakusten diguten pertsona askoren minarekin. Izan ere, munduan bere sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik diskriminatuta sentitzen den pertsona bat dagoen bitartean, ez dugu atseden hartuko. Gaur egun, ILGA txostenaren arabera, 72 estatuk sexu-orientazioa kriminalizatzen duten legeriak dituzte oraindik, eta 47 legeriatan baino ez da aitorpen positiborik egiten.

Egun hauetan ikusi dugunez, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) transexualitatea despatologizatzeko beste urrats bat egin du, beste era batean txertatu baitu transexualitatea GNS-11 diagnostiko-eskuliburuan. Ez da nahikoa, baina espero dugu OMEk zein haren APA homologoak (American Phsycriatic Asociation) beren eskuliburuak aldatzea eta pertsona guztien sexu-identitatea aitortzea.

Berdindu! zerbitzuak, nolanahi ere, aniztasunarekiko konpromisoa sinatu duen gizarte batean bizitzearen harrotasuna helarazi nahi du. Urtez urte, hainbat eremutako pertsonei lagundu diegu eta prestakuntza eta orientazioa eskaini diegu, eta esan dezakegu harrera gero eta hobea dela, eta gero eta gehiago direla sexualitatea aske bizi dezaketenak.

Gero eta gazte gehiagok aurkitzen dituzte heterosexualitatea baino aukera gehiago desirari lotuta, gero eta neska eta mutil gehiagok ikusten dituzte sexu-organoei begiratu ordez eurei begiratzen dieten begiak, eta gero eta gehiago gara horrelako gizarte bat gizarte hobea dela konturatzen garenok.

Hori dela eta, Berdindu! zerbitzuak egun honetan sexu-askapenaren bidean egin ditugun aurrerapen guztiak ospatzera eta gaurko eguna aniztasunaren aldeko egun bihurtzen duten sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldietan parte hartzera animatu nahi zaituzte”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak