Berriak Lehendakaritza
Eu

Jonan Fernandez iheslarien birkokatzearen paradigma aldatzearen alde agertu da Genevan

2018.eko ekainak 26
  • Eusko Jaurlaritza nazioarteko bi topaketatan parte hartzera gonbidatutako estatuz azpiko erakunde bakarra izan da, eta iheslariak hartu eta integratzeko egindako proposamenengatik gonbidatu dute
  • Eusko Jaurlaritza udalak eta gobernu autonomikoak birkokatze-prozesuaren hasieratik zuzenean inplikatzearen alde agertu da

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández iheslariak birkokatzearen gaiari ekiteko garaian paradigma aldatzearen alde agertu da gaur Genevan, eta udalek eta eskualde eta autonomia-erkidegoetako gobernuek prozesuan hasieratik zuzenean inplikatu eta parte hartu behar dutela defendatu du. Euskal ordezkaria, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandorekin batera, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) antolatutako nazioarteko bi topaketatan parte hartzen ari da Genevan egun hauetan.

Eusko Jaurlaritza nazioarteko jardunaldi horietara gonbidatutako estatuz azpiko entitate bakarra da, eta iheslariak hartu eta integratzeko egindako proposamenengatik gonbidatu dute.

Jonan Fernándezek eskualde eta autonomia-erkidegoetako gobernuek iheslariak birkokatzeko programak ezarri eta inplementatzeko garaian betetzen duten zeregin estrategikoa defendatu du. “Horrek paradigmaren aldaketa dakar, pertsona horiek onartzeko azpiegitura behetik gora eraiki behar baita, ez alderantziz”, adierazi du.

Jonan Fernándezek, zehazki, Kanada, Argentina eta Alemaniako ordezkariekin batera, “Birkokatzearen zabalkuntza eta erantzukizunaren banaketa hobetzeko beste onarpen-bide batzuk” panelean parte hartu du, eta Euskadik arlo horretan duen esperientzia azaltzeko aukera izan du. Panelaren bidez, erantzuna eman nahi zaie iheslarien birkokatzeak zabaltzeko onarpen-bide berriei.

Euskal esperientzia 

Eusko Jaurlaritzako arduradunak adierazi duenez, Euskadik bi urte baino gehiago daramatza logika hori aplikatzeko ahaleginak egiten, eta Espainiako Gobernuarekin Auzolana izeneko esperientzia pilotua abian jartzeko lortutako akordioa aipatu du. Esperientzia horren bidez, iheslarien eta asilo-eskatzaileen harrera eta integrazioa hobetu eta tokiko eta autonomia-erkidegoetako erakundeek gizarte-erakundeekin koordinatuta betetzen duten zeregina sendotu nahi da.

Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza bigarren esperientzia pilotu bat prestatzen ari da –Auzolana II– UNHCR, Cáritas eta Jesuitak erakundeekin eta Espainiako Gobernuarekin adostuta, elkartasuna behetik gorantz aplikatzen duen Babesletza Humanitarioaren eredua sustatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak