Berriak Lehendakaritza
Eu

New England-eko "Basque Fest": Amerikako Estatu Batuetako Ekialdeko euskal jai handia

2018.eko ekainak 28

New England-eko euskal etxea (The New England Basque Club) N.A.B.O.ko (North American Basque Organizations) kide ofiziala da eta Eusko Jaurlaritzak onartua. Bere helburua da euskal kultura eta tradizioak ospatzea, babestea eta sustatzea New England-eko (AEB) eskualdean.

2018ko ekainaren 23an, New England-eko euskal etxeak Euskal Jaialdi bat (“Basque Festival”) egin du lehen aldiz (ikusi albistea). Jaialdian denetarik egon da: euskal sukaldaritza, dantzak, bertatik-bertarako musika, herri kirolak, desfileak eta merkatu irekiak. Arrakasta handia izan du, eta ekitaldi guztiak dohainik izan dira (ikusi egitasmoa).

New England-eko euskal etxeak N.A.B.O.ko (North American Basque Organizations-eko) urteroko Batzarra antolatuko du 2020rako. Bilgune horrek AEBko osoko eta Kanadako euskal etxeak hartuko ditu. Orain arte euskal ekitaldiak Estatu Batuetan herrialde horren Mendebaldean egin dira batez ere. Baina, hemendik aurrera, baliteke hori aldatzen joatea datozen urteotan.

New England-eko euskal etxearen jatorria lotuta dago, oso estu, Jai Alai kirolarekin. 90ko hamarkadaren hasieran gaurko euskal etxeko bazkideak New Englandeko hainbat lekutatik sakabanatuta zeuden pilotarien talde bateko kideak ziren. Hori gertatu zenean Jai Alai-ko frontoiak oraindik irekita zeuden, eta pelotariek ez zuten hortaz euskal etxe bat izateko premiarik elkartzeko: Guztiak ezagutzen ziren elkar eta aukera aunitz zituzten haien artean biltzeko. 

Jatorriak: Rhode Island-eko euskal etxea eta Jai Alai kirola

Newport-eko frontoiak ateak itxi zituenean 2003an, pelotari batzuk AEBtik at joan ziren. Besteok arrazoi desberdinengatik hartu zuten bertan geratzeko erabakia: batzuk han ezkondu ziren eta familiak eratu zituzten AEBtan, beste batzuk Jai Alai-tik erretiratu ziren eta karrera berriak hasi zituzten New England-en. Newport-eko Jai Alai frontoia itxita zegoenez, orain bai beharrezkoa zen lehen baino ahalegin handiagoa egitea elkar ikusteko eta kontaktua mantentzeko. Eta horrela jarri zen abian euskal etxea.

Hori zela eta 2004an Rhode Island-ko euskal etxea ofizialki eratu zen, eta berehala hasi ziren euskarazko klaseak eskaintzen eta kultura ekitaldiak antolatzen. Ekimen horien bitartez gai izan ziren New England-eko jendea konturatzeko euskal presentzi bizi bat zegoela Amerikako Estatu Batuetako Ekialdeko eskualde horretan, eta ondorioz jende asko sartu zen euskal etxean eta asko hazi zen afiliazioa. Eurek bezala, ba zeuden beste pertsonek ere Euskal Herriarekiko pasioa eta atxikimendua sentitzen zituztenak, eta AEBko Ekialdeko euskaldun talde hori egiten ari zen ahaleginaren berri izan zuten.

Horrela, hamar urteetan bakarrik afiliazioa hazi zen oso, pelotari ohien talde batetik (bereziki Rhode Island-en bizi zirenak) jende ezberdinez osatutako talde batera (belaunaldi ezberdinetakoak, eta New England-eko eskualde osoan bizi direnak). Horregatik, 2014an, erabaki zuten Euskal etxearen izena aldatzea. Harrez geroztik New England Basque Club deitzen da euskal etxea (hau da, New England-eko euskal etxea). Kide batzuk Euskadin jaio dira, beste batzuk euskaldun ikusten dute haien burua (“adopzioko euskaldunak” direla esan genezake), beste batzuk Euskal jendearekin daude ezkonduta. Baina denok batuta daude haien artean Euskal Herriarekiko dituzten lotura boteretsuengatik.

Orain New England-eko Euskal etxearen asmoa hazten jarraitzea da, laguntzeko horrela euskal Diasporaren garapenean. Harro sentitzen dira euskaraz, euskal kulturaz eta tradizioaz. Gordetzea, mantentzea, eta seme-alabei transmititzea nahi dute alde batetik, eta beste aldetik  ondare hori New England-eko biztanleekin partekatzea. Sustrai horiek elikatzeko eta ondare hori transmititzeko era askotako jarduerak antolatzen dituzte urtero: euskara klaseak, kultura tailerrak, herri-kirol demostrazioak, kontzertuak, konferentziak, eskulan saioak umeentzat eta filmen proiekzioak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko