Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Eusko Jaurlaritza gonbidatu nagusia Enpresa Eolikoen Elkartearen kongresuan

2018-06-26
  • Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak kongresua irekitzeko ponentzia eskaini du, gaur goizean

Eusko Jaurlaritzaren Industriako sailburuorde Javier Zarraonandia jaunak gaur goizean inauguratu du Enpresa Eolikoen Elkartearen urteko kongresua. Sektore horretako industria eta eragile nagusiak Madrilen bilduko dira kongresu horren esparruan, ekainaren 26an eta 27an.

Sailburuordearen hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak, argi eta garbi, energia garbien aldeko apustua egin du, eta bereziki energia eolikoaren aldeko apustua, ildo horretan bultzatutako estrategiek erakusten dutenez, batetik, Euskadin parke eolikoak sustatzeari dagokionez, eta, bestetik, teknologia- eta industria-sarea garatzeari dagokionez, azken hori gure ekonomiarentzat funtsezkoa izanik. Energia garbi horiek lurraldean ezartzeko baldintza garrantzitsuak izan dira, eta gaur egun ere badira, eta horregatik Eusko Jaurlaritzak eragile guztien (alderdi politikoak, elkarteak, etab.) arteko Itun handi bat sustatu nahi luke, energia berriztagarrien –eta bereziki, eolikoaren— garapena ahalbidetzeko”. 

Egungo Euskadiko Energia Estrategia, 3E-2030 izena daramana, Euskadiko Energia Trantsizioaren ibilbide-orria da, eta, horren arabera espero da energia berriztagarrien eskaria egungo % 15etik 2030ean % 21 izatera igotzea. Energia eolikoak zeresan handia izan dezake helburu hori lortzeko bidean, eta horrek eragile guztien babesa eskatzen du, teknologiaren garapen handi batekin batera. Zarraonandiak nabarmendu du, halaber, euskal administrazioak beste zenbait plan jarri dituela abian industria hori bultzatzeko helburuarekin. Izan ere, 3E2030 estrategiaz gain, RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia eta Energibasque energiaren sektoreko teknologia- eta industria-garapeneko estrategia jarri ditu martxan.

Industria-alorrean, Euskadiko sektore eolikoak 110 enpresatik gora dauzka nazioarteko eremuan lehen mailako teknologia-garapenaren alorrean lanean, eta beraz, munduko merkatu nagusietan lehiatzeko gauza dela esan dezakegu. Euskadiko industria eolikoak 15.000 pertsonari ematen die lana, eta horietatik 1.000 pertsonak, gutxi gorabehera, ikerketaren eta garapenaren alorrean dihardute. Sektoreak 7.300 milioi euro fakturatzen ditu urtean. Ildo horretan, energiaren —eta eolikoaren, bereziki— sektoreak funtsezko zeregina beteko du euskal BPG industrialaren garrantzia handitzeko eta 2020. urterako % 25era hurbiltzeko helburua betetzearren.

Eusko Jaurlaritzak, enpresa pribatuen eskutik, ikerketa ahalbidetzeko eta testak egiteko azpiegiturak bultzatu izanak urrats garrantzitsua suposatu du bide horretan. BiMEP saiakuntza-eremu bat da Itsaso zabalean, urpeko kableen bitartez lurreko sare elektrikoari konektatua olatuen energia-bihurgailu, plataforma eoliko flotatzaile eta itsas aerosorgailuak frogatu eta baliozkotzeko. Bestetik, Windbox fabrikazio aurreratuko zentro bat da, teknologia- eta industria-garapena ez ezik, euskal sistema eolikoaren azpisistema eta produktuen hornitzaileen nazioarteko posizionamendu teknologiko eta lehiakorra hobetzea ere sustatu nahi duena, multimegawatio aerosorgailuetarako (5 MW-tik gorakoak )azpisistemak integratzeko eta baliozkotzeko gauza izango den ekipamendu baten bitartez

Bultzada eolikoari saria

Kongresu horren esparruan, gaur gauean Enpresa Eolikoen Elkarteak Eusko Jaurlaritzari emango dio urtero ematen duen saria, energia eolikoa bultzatzen daraman ibilbide luzearengatik eta industria-sektore hori sendotzeko ematen duen laguntzarengatik. Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak jasoko du saria. Izan ere, Eusko Jaurlaritza 90eko hamarkadatik ari da sektore horri laguntza ematen, orduan sortu baitzuen Eólicas de Euskadi SA enpresa Energiaren Euskal Erakundearen eskutik, Euskadin lehen parke eolikoak sustatzeko helburuarekin, eta hori abiapuntua izan zen gaur egun nazioarteko proiektu garrantzitsuenen buruan dagoen industria-sektore indartsu horrentzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)