Berriak Lehendakaritza
Eu

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako kudeaketa eta modu konstruktibo batean eta etengabe hobetzen lanean jarraitzeko erakutsitako jarrera eskertu ditu Lehendakariak

2018.eko ekainak 27
  • José Luis Bilbaok eta José Ángel Quintanillak berretsi egin dituzte euren karguak Ajuria Enean
  • Urkulluk ziurtatu du haien lanari esker Administrazioak hobetzen jarraitzen duela herritarrei ematen dien zerbitzu publikoa, eraginkorra izateaz gainera, ereduzkoa.

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuak lagun zituela, buru izan da gaur Ajuria Enean kargu berriez jabetzeko gaur izan den ekitaldian. Hala, Jose Luis Bilbao izango da Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakaria, eta José Angel Quintanilla epaitegi horretako lehendakariordea. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak “edukian eta forman” egiten duen lana eskertu du Lehendakariak eta, adierazi duenez, instituzio horren lanari esker “Administrazioak herritarrei ematen dien zerbitzu publikoa hobetzen jarraitzen du, eraginkorra izateaz gainera, ereduzkoa dena.”

Lehendakariak azaldu duenez, zerbitzu publikoaren kontzeptuak esanahi zabal bat hartzen du; hala, nabarmendu du gure Erkidegoan entzute handia duen instituzio baten arduradunak direla, berengandik onena, euren ezagutza eta esperientzia ematen dutenak, talde-lanean dihardutenak, Administrazioarekiko gardentasunezko eta lankidetzazko jarrera erakutsiz, eta hobekuntza-neurriak gomendatzen dituztela, jarrera konstruktibo batekin beti.

Lehendakariak Kontuen Epaitegiaren balioak azpimarratu ditu, Administrazioaren etengabeko hobekuntzaren zerbitzura dagoen instituzioa den aldetik. Hala, balio horiek dira konpromisoa, profesionaltasuna, zorroztasuna eta erantzukizuna. “Ondo jabetzen gara guztiok herritarren eskakizunak gero eta handiagoak direla eta zalantzarik ez dago Herri Kontuen Euskal Epaitegia aintzatetsi eta errespetatzen den instituzioa dela”, zehaztu du.

Bestalde, Espainiako Gobernuko Lehendakariarekin astelehenean izan zuen bilera aipatu du Lehendakariak, eta adierazi du erantzukizunezko, konfiantzazko eta konpromisozko jarrera bera helarazi ziola Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harreman instituzionalen etapa berri baten hasieran. Urkullu Lehendakariak esan du elkarrekin lan egingo dutela erakusteko elkarrizketa politikoa dela akordioak lortzeko bidea eta ondo landutako akordioak elkarren onurarako direla beti. “Hori da baterako gure helburua eta, jakina, iraunkortasunez lan egingo dugu hori lortzeko”, azpimarratu du.

Azkenik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako kudeaketa eta modu konstruktibo batean eta etengabe hobetzen lanean jarraitzeko erakutsitako jarrera eskertu ditu Lehendakariak. “Aintzatetsi egiten ditugu haien ezagutza, kudeaketarako gaitasuna, talde-lana eta, batez ere, gure Herrialdeari zerbitzua emateko duten bokazioa. Ereduzko pertsonekin eraikitzen da Instituzio baten eredugarritasuna”, esanez amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak