Berriak Segurtasuna
Eu

Gobernu Bilerak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen proiektua onartu du (Gobernu Bilera 2018-06-26)

2018.eko ekainak 26

Berretsitako testua Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute, bertan eztabaida dadin

Polizia-eredua indartzea; polizia kidegoetan berdintasuna eta emakumeen presentzia bultzatzeko neurriak sustatzea; eta Ertzaintzako lan-karrera hobetzea dira Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legea aldatzeko Gobernu Bilerak gaur onartu duen proiektuaren hiru ardatz nagusiak

Horrela bete egiten da legegintza-egutegian aurreikusitako epea, eta Eusko Legebiltzarrak aurreko legealdia agortu zelako amaitzerik izan ez zuen tramitazioari ekingo dio berriz

Onartu den testuak Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodearen erreferentziak gaurkotzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Jardunbide Egokien Batzordearen izena aldatzen du, deitura berritzat Euskal Autonomia Erkidegoko Kontrol eta Gardentasun Batzordea proposatuz

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzeko proiektuan Segurtasun Saila gaur egun bultzatzen ari den polizia-ereduaren zenbait alderdi indartzeko eta etorkizunean eredua bera sendotzeko erreforma-multzo bat jorratzen da. Eredu horren oinarria herritarrei zerbitzu eta kontu ematea da, baita polizia-zerbitzuak eskubide berberak dituzten gizonezkoz eta emakumezkoz osatutako gizarte ireki, plural eta elebidunarekin uztartzea ere.

Lehenengo helburuan, polizia-eredua indartzeko helburuan, sartzen diren neurrien artean honako hauek daude: Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodea integratzea, polizia-jardunbide egokia bultzatzeko pizgarri positiboen sistema indartzea (dominak eta sariak ematea), gaur egungo diziplina-sistema aldatzea barne hartuta (zehapen-araubidea egokituko da, funtzionarioei berme handiagoak emateko), eta Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzea, hau da, polizia-erakundearekiko autonomia funtzionala izango duen erakunde iraunkor hibrido bat, pertsona espezializatuz osatua, polizia-adituak barne. Batzordearen funtzioa honako hau izango da: Ertzaintzaren edo udaltzaingoen baitako jokabideak eta praktikak aztertzea, organo eskudunek eskatuta, herritarrek horien inguruko kexak badituzte edo herritarrek poliziarekiko duten konfiantzan eragina badute. Gainera, esku-hartze edo operatibo polizial baten testuinguruan norbait hiltzen bada edo larriki lesionatzen bada, gorabehera horiek ofizioz ikertuko ditu.

Legearen proiektuak, halaber, euskal poliziarako kideak aukeratzeko eta kidegoetara sartzeko prozesuekin lotutako alderdi batzuk hobetzen ditu eta orain arte erregelamendu batean jasota zeuden betekizunak lege formal baten mailako arau baten bidez arautzen ditu.

Horrez gain, onartutako testuan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia hautaketa-organo iraunkor gisa jasota dago, eta era berean, toki-erakundeek eskatuz gero, udaltzaingoetan sartzeko hautaketa-prozedurak egiteko aukera ematen zaio, baita batzuk Ertzaintzarenekin batera egitekoa ere.

Hobekuntzen bigarren ardatza, funtsean, emakumeak Ertzaintzan sartzeko eta lan-mailaz igotzeko diskriminazio edo ekintza positiboko neurriak abiaraztean datza, betiere Europako legedi eta jurisprudentziaren parametroen eta eskakizunen barruan, gaur egungo presentzia handitzeko helburuarekin.

Hala, adibidez, polizia-kidegoetako emakumeentzako lan-sustapeneko planak arautzen dira, kidegoetara sartzeko eta lan-karrerarako aukera-berdintasuna bermaturik izan dezaten, dagokiena baino ordezkaritza urriagoa izatea zuzentzeko eta poliziaren eraginkortasuna handitzeko.

Nabarmentzekoak dira, berriak direla-eta, txanda libreko hautaketa-prozeduretan ezarriko diren emakumeen aldeko ekintza positiboko neurriak. Horien ondorioz, zenbait egoeratan emakumezko hautagaia gizonezkoaren gainetik hobetsiko da, Europako Erkidegoko jurisprudentziak lege-aurreikuspenei, proportzionaltasunari eta arrazoizkotasunari dagokienez exijitzen dituen parametroen kontra jo gabe.

Azkenik, erreformen hirugarren ardatzaren barruan, Ertzaintzako lan-karrera horizontalaren arauketa sartzen da. Horrek esan nahi du kategoria bakoitzean aurreikusitako lan-garapen mailetara finkatutako urteetan eta eskatutako lan-gaitasunak egiaztatuta igarotzeko ezagutza-mekanismo bat ezarriko dela.

Barne-sustapenaren arloan, karrera administratiboaren alde egingo da, kategoriaz igotzeko zerbitzu-urteen kopurua txikituz. Beste alde batetik, barne-sustapen prozeduretan parte hartzeko hiru deialdiko muga ezabatu egin da eta seme-alaben edo senideen zaintzagatik, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu bereziengatik eszedentzian dauden pertsonak barne-sustapen prozesuetara aurkeztea onartuko da. Horrez gain, ezagutza bereziak eskatzen dituzten Ertzaintzako espezialitateen araubidea arautu da eta gutxieneko eta gehieneko iraupena izango dute.

Superintendente-kategoria kenduko denez, Ertzaintzako erantzukizun handieneko postuak eskuratzeko eta betetzeko prozesua bizkortuko da, lanpostuak betetzeko prozedura arrunten bidez.

Egoera administratiboei dagokienez, gaur aurkeztutako proiektuan zerbitzu aktiboa arautzen da, adinaren arabera modelatuta; hau da, zerbitzu aktiboarekin jarraituko da, norbere egoerarako egokiak diren zereginak eginez. Bestalde, gutxiegitasun psikofisikoarekin lotutako bigarren jarduerako egoera administratiboa ere arautzen da.

Gizarte-babes eta -errekonozimenduko neurrien artean, lehenengo aldiz, dominak eta ohorezko sariak emateko erregimena jasotzen da legean, zerbitzu-ekintzan hildakoak edo erretiroa hartu dutenak ohoratzeko dagokien kategoria baino maila bat gorago igotzeko aukera barne hartuta.

Proiektuan, diziplina-araubidearen gaineko aldaketak ere jorratzen dira. Hala, behin eta berriz egindako sexu-jazarpenaren eta lan-jazarpenaren arloan falta oso astun berriak eta polizia-bideokameren erabilera-araubideari buruzko arau-hausteak sartzen dira.

Gaur onartutako testuan, zehapenen zerrenda modulatu da eta espedientepean dauden pertsonen bermeak indartu dira, deklarazioak ez egiteko, beren buruaren kontra ez egiteko, beren burua erruduntzat ez jotzeko eta errugabetasun-presuntzioa izateko eskubideei dagokionez, bai eta prozeduraren izapideen egoeraren berri izateko eskubideari dagokionez ere.

Udaltzaingoei dagokienez, indarrean dauden jardunbide batzuei erantzun juridikoa emateko askotariko neurriak aurreikusten dira proiektuan, esaterako: udaltzaingoak udalerritik kanpo jarduteko aukera, tokiko agintariak babesteko funtzioak gauza ditzaten.  Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berak antolatutako oinarrizko ikastaroak gainditu dituztenekin lan-poltsak osatu ahal izatea aurreikusten du, toki-korporazioen eskariei erantzuteko eta bitarteko funtzionarioek prestakuntza jaso ahal izateko.

Era berean, udaltzaingoen egitura profesionala aurreikusten da testuan; udaltzaingoa ez duten udalerrietarako, berriz, aguazilaren figura arautzen da, eta mugikortasun-agentearena, herrigunean zirkulazioa arautzeko. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2018.eko ekainak 26

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno aprueba el proyecto de la Ley de Policía del País Vasco ➡︎ https://t.co/IlmsiyLzjQ https://t.co/YAEoX7S5AX