Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak UNHCR erakundeak errefuxiatuei buruz antolatutako nazioarteko konferentzian parte hartuko du

2018.eko ekainak 25
  • Jardunaldia gaur eta bihar artean izango da, Genevako Konferentzien Nazioarteko Zentroan
  • Euskadi (estatuz azpiko lurralde bakarra) Kanada, Alemania eta Argentinaren gune berean egongo da, iheslarien birkokatzeen zabalkuntza onartzeko bide berrien inguruko erantzunak eskaintzeko

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernándezek eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernadok Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) antolatutako nazioarteko konferentzian parte hartuko dute.

Topaketa Genevako Konferentzien Nazioarteko Zentroan egingo da, eta munduko herrialdeen gobernu, erakunde eta GKEk hartuko dute parte “birkokapen handiago eta eraginkorrago baterantz” lelopean. Eusko Jaurlaritza estatuz azpiko entitate bakarra da, eta iheslarien inguruko ekimenengatik eta, zehazki, babes komunitarioei lotutako proposamenengatik gonbidatu du UNHCR erakundeak.

UNHCR erakundea 1950ean sortu zen, eta “Birkokatzeari buruzko urteko hiruko kontsultak (ATCR, ingelesezko siglen arabera) antolatu ditu Genevan. Hau 24. edizioa da eta Alemaniako gobernuarekin antolatu dute. ATCR plataforma global bat da, eta iheslariak birkokatzeko erabakiak hartzeko garaian funtsezkoak diren erakunde politikoak biltzen ditu.

Aurten, programazioak bi ardatz izango ditu: (1) birkokatzearen hedapena eta bide osagarriak, eta (2) birkokatzearen helburuak (hots, babesa eta integrazioa) betetzea.  Euskadik Kanadarekin, Argentinarekin eta Alemaniarekin batera parte hartuko du eztabaida-panelean, planteatutako gaiei erantzuna emateko. Eztabaida bihar –asteartea– egingo da, 9:00etatik 10:30era bitartez.

ESTATUZ AZPIKO ENTITATEEN ZEREGINA

Eusko Jaurlaritza gonbidatutako estatuz azpiko entitate bakarra da, eta iheslariak hartu eta integratzeko egindako proposamenengatik gonbidatu dute. Jonan Fernándezen eginkizuna Euskadik arlo horretan duen esperientzia azaltzea eta estatuz azpiko gobernu eta erakundeek birkokatzeko programetan laguntzeko betetzen duten funtsezko zereginaren balioa azpimarratzea izango da.

BIRKOKATZEA

Birkokatzea iheslariak babesteko tresna bat da. Zehazki, ihes eginda iritsi diren herrialdean babes egokirik aurkitu ezin duten eta jatorrizko herrialdera itzuli ezin diren (jazarpena jasango bailukete) iheslariekin erabiltzen da. Izan ere, era iraunkorrean eta jazarpenik jasan gabe gera daitezkeen hirugarren herrialde batean kokatu behar izaten dira. Birkokatzeak hiru helburu ditu: babestea, irtenbide iraunkorrak eskaintzea eta erantzukizuna harrera-herrialdeekin partekatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak