
Eusko Jaurlaritzak 1.775 milioi euro bideratuko ditu legegintzaldian I+G+ba bultzatzeko, urteko aurrekontua % 5 gehitzeko konpromisoari jarraikiz
- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak ZTBP 2020aren balantze positiboa egin du Ikerketaren kalitatea eta efizientzia eta emaitza zientifikoak, teknologikoak eta enpresa-arlokoak hobeak izan dira
- Lehendakaritzako Berrikuntza Funtsak esperimentazio eta ikaskuntzako proiektu pilotuak bultzatzen ditu
- Talentua garatu, erakarri eta atxikitzera bideratutako programak eta ekimenak azpimarratu behar dira, hala nola STEAM Euskadi estrategia
Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, unibertsitateetako, zentro teknologikoetako, enpresetako eta I+G+Ba babesten duten beste erakunde batzuetako ordezkariez osatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua Lehendakaritzan bildu da gaur arratsaldean, ‘Euskadi 2020 ZTBPak’ 2017an eta 2018an egindako aurrerapenak aztertzeko.
I+G+Ban laguntzeko programen aurrekontuak % 5 gehitzeko konpromisoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak 1.775 milioi euro bideratuko ditu 2017-2020ko legegintzaldian. Beraz, 136 milioi eurotan gehituko da Euskadi 2020 ZTBPan kontuan hartutako hasierako zenbatespena.
Kontseiluak, aurrekontuak gehitzeko esparru horretan, oso balorazio positiboa egin du Eusko Jaurlaritzak enpresei I+G+Bko jarduerak egiteko eskaintzen dien laguntzaren inguruan, eta bereziki aipatu du ETEen berrikuntza teknologikoan (berrikuntza produktuan eta prozesuan) zein berrikuntza ez-teknologikoan (berrikuntza marketinean eta antolamenduan) emandako bultzada.
ZTBP 2020AREN BALANTZE POSITIBOA. IKERKETAREN KALITATEA ETA EFIZIENTZIA ETA EMAITZA ZIENTIFIKOAK, TEKNOLOGIKOAK ETA ENPRESA-ARLOKOAK HOBEAK IZAN DIRA
2014ko abenduan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana onartu zen, 2020. urtea mugatzat hartuta, eta 11.000 milioi eurotik gorako inbertsio publiko/pribatu bat konprometitu zen, ahalmen zientifiko, teknologiko eta enpresa-arloko guztiak espezializazio adimentsuko estrategia bakar batean lerrokatzeko (hots, RIS3 Euskadi estrategian).
Planaren erdia igaro da dagoeneko, eta lehen etaparen balantzea positiboa dela esan daiteke. RIS3 estrategian aurrera egin da, eta prozesua amaituta dago ia. Halaber, produktu berrien, argitalpen zientifikoen eta patente-eskaeren salmentak eragindako diru-sarrerek eta I+G+Baren nazioarteko finantzaketak gora egin dute, eta, beraz, zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemaren efizientzian hobekuntza handia lortu dela esan daiteke. Gainera, 100 ikerketa-proiektu estrategiko garatzeko konpromisoa hartu da. Eta Euskadi goi-mailako berrikuntzako eskualdetzat hartuta dago Europar Batasunean.
LEHENDAKARITZAKO BERRIKUNTZA FUNTSAK BULTZATUTAKO ESPERIMENTAZIO ETA IKASKUNTZAKO PROIEKTU PILOTUAK
Kontseiluak bereziki azpimarratu du Berrikuntza Funtsa ETEetan berrikuntza babesteko politikak eta programak hobetzera zuzendutako esperimentazio eta ikaskuntzako proiektu pilotu berriak bultzatzeko egiten ari den ahalegina. Besteak beste, honako hauek azpimarra daitezke:
- Lankidetzan oinarritutako zeharkako trakzio-proiektu berriak sortu eta garatzea.
- ZTBPa lurraldean hedatzea eta ETEetara zabaltzea, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin eta 35 hurbiltasun-agenteren sare batekin lankidetzan.
- ETEetan berrikuntza teknologikoko eta garapen esperimentaleko proiektuak bultzatzea, LHko ikastetxeen euskal sarearekin eta Tknikarekin lankidetzan.
- Gailu medikoen balidazioa eta erakustaldia, osasun-ikerketako institutuen eta Bioef Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioaren bitartez.
- Metalaren sektoreko ETEetan berrikuntza ez-teknologikoko mikroproiektuak bultzatzea, Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioarekin lankidetzan.
GIZA KAPITALAREN ETA TALENTU IKERTZAILEEN FUNTSEZKO EKARPENA ETA STEAM EUSKADI ESTRATEGIA BERRIAREN ABIARAZTEA
Kontseiluak Plana arrakastatsua izateko funtsezkoa den elementu bat aztertu du, hots, giza kapitalaren eta talentu ikertzaileen garapena. Ildo horretan, Kontseiluak pertsonen kualifikazioa hobetuko duten, enpresa-premietara egokituta egongo diren eta euskal ekonomiaren eta euskal gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei ekitea ahalbidetuko duten ekimenak garatzen jarraitzera animatu nahi ditu RIS3 Euskadi estrategia hedatzen ari diren pilotaje-taldeak.
Bereziki, Kontseiluarentzat oso positiboa da STEAM[1] Euskadi estrategia berria. Estrategia horren helburu nagusiak honako hauek dira: 1) Hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa hezkuntza-etapa guztietan bultzatzea, eta, horretarako, agente sozioekonomikoak inplikatzea; 2) STEM eremuan bokazio eta xede profesionalak bultzatzea, emakumezkoak bereziki kontuan hartuta, etorkizuneko erronken aurrean behar bezala presatzeko; 3) euskal herritarrengan zabalkunde eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.
Kontseiluak, halaber, Eusko Jaurlaritzak Bikaintek edo Ikerbasque Research Fellows programen bitartez talentuak erakarri, garatu eta atxikitzeko egindako beste ekimen batzuk eta unibertsitateko eta LHko ikastetxeetako prestakuntza dualeko ereduak baloratu ditu.
[1] STEAM: Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics-en ingelesezko akronimoa