Berriak Hezkuntza
Eu

Euskadiko Ikasleen Orkestra Gazteak egonaldia hasi du gaur Urdaibain, asteburuko kontzertuak prestatzeko

2018.eko ekainak 25
  • Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin eta Euskeria eta Loinatz abesbatzekin eskainiko ditu EIO Gazteak 2017-18 denboraldiko kontzertuak, Gasteizen eta Donostian
  • Guridi, Sorozabal eta Aita Donostia. Kontzertu-programa euskal konposatzaileen lanekin osatu da
  • Musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleek osatzen dute EIO Gaztea; 13-15 urte bitarteko 92 neska-mutil inguru

Bukatu da eskola. Hasi dira oporrak. Eta luzea da uda. Baina Euskadiko Ikasleen Orkestrako gazteek, oporraldia hastearekin batera partiturak eta musika tresnak hartu dituzte berriro, entseguei gogotik ekiteko. Ez dute plan txarra, dena den: lo-zakua, bainu-jantzia eta txankletak ere sartu dituzte motxilan, eta Ajangizko Lurraska aterpetxera abiatu dira goizean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbara. Bertan egingo dute egonaldia gaur hasi eta ostiralera arte, asteburuko kontzertuak prestatzeko entseguetan murgilduta. Gustuko lekuan, aldaparik ez!

13-15 urte bitarteko 92 neska-mutilek osatzen dute EIO Gaztea (Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztea), eta guztiak dira Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleak. Larunbatean Gasteizen eta igandean Donostian eskainiko dituzten kontzertuek badute berezitasunik, baina aipagarrienak bi dira. Lehena, hiru abesbatzekin batera eskainiko dituztela kontzertuak gazteok: Euskal Herriko Gazte Abesbatzekin eta  Euskeria eta Loinatz abesbatzekin. Eta bestea, kontzertu-programako pieza guztiak euskal konposatzaileenak izango direla.

Goiz eta arratsaldeko saiotan entseatuko dute errepertorioa Ajangizko aterpetxean, astelehenetik ostegunera. Txaber Fernandezen zuzendaritzapean arituko dira. Izango dute tarterik, hala ere, Urdaibai inguruan aisialdiko ekintzatarako edo bestelako denbora-pasetarako ere. Aukera bikaina, beraz, adin bertsua eta musikarako zaletasun bera duten neska-mutilen arteko lagunartea sortzeko.

Ostiralean berriz, gorago aipaturiko hiru abesbatzekin elkartuko dira Bilboko Kontserbatorioan eta han egingo dituzte entsegu nagusiak. 80 lagun inguru elkartuko zaizkie EIOko neska-mutilei hiru abesbatzetatik. Ostiral arratsaldeko entsegu nagusia publikori irekia izango da.

Kontzertu egitaraua:

Pablo Sorozabal (1897-1988)

   Bi euskal apunte / Dos apuntes vascos (1925)

   I. Mendian

   II. Txistulariak

Aita Donostia (1886-1956)

   Euskal akuarelak / Acualeras vascas (1932)

   1. Zubero-errialde

   2. Edate-dantza

   3. Sagar-dantza

   4. Esku-dantza

   5. Zozo-dantza

Jesus Guridi (1886-1961)

   Eusko irudiak / Cuadros vascos (ca.1922)

   I. Moderato tranquillo

   II. Vivace

   III. Ezpatadantza. AllegroEusko Irudiak

 

Txaber Fernandez, zuzendari

 

 

Kontzertuak:

Ekainak 29, ostirala

Entsegu nagusia

19:00etan

J.C. Arriaga Kontserb.

Bilbo

 

Ekainak 30, larunbata

19:00etan

J.Guridi Konsterb.

Gasteiz

 

Uztailak 1, igandea

12:30etan

Musikene Auditorioa

Donostia

 

Sarrera doan

 

 

EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra

Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, eta adinaren arabera, proiektuak hiru orkestra desberdin ditu:  

  • EIO: 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osatzen dute. 2005-2006 ikasturtean jaio zen.
  • EIO Gaztea: 13-15 urte tarteko neska-mutilak. 2010-2011 ikasturtean sortua
  • EIO Txikia: 10 urtetik 13ra bitarteko ikaslez osatua. 2015-2016 ikasturtean jaio zen.

EIOk urtero-urtero antolatzen ditu musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleentzat sarbide-probak, hiru orkestrok osatuko dituzten musikariak hautatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak