Eu

Amilibia: “Eraberean sareak guztira 76 kasuren arreta hartu zuen eta, lehen balorazioaren ondoren, 73tan diskriminazio-zantzuak antzeman zituen”

2018.eko ekainak 27
  • Eusko Jaurlaritzak bultzatutako sarearen urteko hirugarren txostenaren aurkezpena
  • 2016an 49 kasu: % 37,24ko urteko igoera izan da
  • “Sareak hazten jarraitzen du, eta harro gaude eman dituen urratsekin diskriminaziorik ezaren arloan”

VG 18 06 27

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez bultzatutako Eraberean sareak 2017an guztira 76 kasuren arreta hartu zuen eta, lehen balorazioaren ondoren, 73tan diskriminazio-zantzuak antzeman zituen, urteko txostenaren arabera. Sare horren baitan daude hainbat gizarte-erakunde, immigrazioaren, ijito herriaren eta LGTBI kolektiboaren esparruan lan egiten dutenak, eta arraza-jatorria, jatorri etnikoa, jatorri nazionala, orientazio eta identitate sexuala eta genero-identitatea direla-eta sortzen den diskriminazioaren aurka borrokatzen du.

Iaz, Eraberean osatzen duten antenek litekeen diskriminazioaren edo tratu-desberdintasunaren ondorioz 76 salaketaren arreta hartu zuen, eta horietatik “73tan diskriminazio-zantzuak antzeman ziren lehen balorazioaren ondoren”, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak azaldu duenez.

2016an, Sareak 49 pertsonari edo pertsona talderi arreta egin zien. Beraz, joan den 2017an % 37,24ko igoera izan da. “Eraberean sarea gaztea da eta hazten jarraitzen du. Harro gaude eman dituen urratsekin diskriminaziorik ezaren arloan nora jo jakiteko erreferente bilakatu izateagatik”, adierazi du Amilibiak.

Lide Amilibiaren ustez, “tratu-berdintasunak eta diskriminaziorik ezak gizarte moderno ororen helburu izan behar dute”. Erakundeek erregistratutako hasierako kasu guztietatik (76), % 71ri (guztira 54) arreta egin zieten litekeen arrazakeriako eta/edo xenofobiako kasutzat, hau da, etnia, jatorri edo nazionalitate jakin batekoa izatearen ondoriozko diskriminazioko edo gorrotoko kasutzat.

Horietatik 42 kasutan (guztizkoaren % 55), biktimak migrazioak kategoriari dagozkio, eta 12 (guztizkoaren % 16) ijito herria kategoriari. Gainerako % 29a (guztizkoarekiko 22 kasu) litekeen LGTBIfobia kasutzat katalogatzen da, hau da: diskriminazioa edo gorrotoa orientazio edo identitate sexualaren eta generokoaren ondorioz.

Sarearen aurrean salatutako kasuek gutxienez 52 gizonengan (guztizkoaren %64) eta 28 emakumerengan (guztizkoaren %34), eta hiru pertsona ez-bitarrengan izan dute eragina. Arreta egin zaien pertsonen jatorriari dagokionez, %41 Espainiako estatukoak dira, eta gainerakoak (%59) nazioarteko jatorrikoak. Diskriminazioa egon den esparruari dagokionez, kasuen % 89tan esparru pribatuan izan da, eta % 11n esparru publikoan.

Etxebizitzen alokairua

Eraberean sareak esparru pribatuan erregistratutako diskriminazio-kasu gehienak, %46, etxebizitzaren alorrean gertatu dira. Kategoria horretan sartu dira alokairuko etxebizitzarako sarbidean izandako diskriminazio-egoerak. Kasu horiek guztiek atzerriko pertsonengan izan dute eragina 2017an, asiloa eskatu duten errefuxiatuak barne direla.

Horren inguruan, Amilibia sailburuordeak hau adierazi du: “Eraberean sarea eta Eusko Jaurlaritza inplikatuta gaude berariazko lan-ildo batean alokairuaren esparruan antzematen den diskriminazioari heltzeko”. Hala, aurki, sentsibilizazioaren, prestakuntzaren eta arretaren arloan lan egingo da, esparru horretan ere tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza ziurtatzeko.

Bestalde, Eraberean sarean hasiera batean erregistratutako 76 kasuetatik lau prozesu judizialetik bideratu dira; baina, prozesu horietako bat ere ez da amaitu oraindik.

Aurreko urteetan prozesu judizialetik bideratu diren erregistratutako kasuetatik sei amaitu dira 2017an: hirutan zigor-epaia egon da, bitan absoluzio-epaia eta batean jarduketak artxibatu dira. Zigor-epaiei dagokienez, kasuetako batean xenofobia-delituaren ondoriozko zigorra izan da (Zigor Kodearen 510.2 artikuluan jasotakoaren arabera), eta gainerako bi kasuetan Zigor Kodearen 22.4 artikuluko astungarria aplikatu da (arrazoi xenofoboagatik kasu batean eta orientazio sexualagatik bestean).

Eraberean sarea

Sare hau Eusko Jaurlaritzak bultzatua da; arraza-jatorria, jatorri etnikoa, jatorri nazionala, orientazio eta identitate sexuala eta genero-identitatea direla-eta sortzen den diskriminazioaren aurka borrokatzeko. Sarearen baitan daude Eusko Jaurlaritza eta hainbat gizarte-erakunde, immigrazioaren, ijito herriaren eta LGTBI kolektiboaren esparruan lan egiten dutenak. Sarearen egitekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko politika publikoetan eta gizarte zibilean tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza zaintzea.

Eusko Jaurlaritzaz gain, honako elkarte hauek osatzen dute Eraberean sarea: Aldarte, CEAR Euskadi, Gurutze Gorria, Gao Lacho Drom, CITE-CC.OO Bizkaia, Errespetuz, Kale Dor Kayiko, Nevipen, AGIFUGI, Gehitu eta SOS Racismo Gipuzkoa. Elkarteak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude zabalduta, eta antena gisa dihardute diskriminazio-egoerak antzemateko eta pertsonei eta taldeei arreta egiteko.

Eraberean sarearen kanpoko jarduerari prebentziotik, prestakuntzatik eta sentsibilizaziotik abiatuta ekiten zaio eta kasuen zuzeneko arretaraino iristen da. Diskriminazio-tratuaren edo gorroto-delituaren biktima diren pertsonei edo taldeei aholkularitza eta laguntza ematen zaizkie. Azken hori da, hain zuzen, sarearen jardueraren funtsezko zeregina. Arreta izan daiteke presentziala nahiz telefono edo e-mail bidezkoa.

Berriki, sareak oinarrizko online gida bat argitaratu du tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren inguruan. Webgune hauetan aurkitu daiteke: www.euskadi.eus/rederaberean (gaztelaniaz) eta www.euskadi.eus/erabereansarea (euskaraz). Gainera, Eraberean sareak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute ezagupenak eta esperientziak trukatzeko eta baterako estrategiak eta interesak abian jartzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak