Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun eta Osasun sailek hitzarmen bat izenpetu dute bero-boladek euskal herritarren osasunean izan ahal duten eragina zehaztuko duen azterlan bat egiteko

2018.eko ekainak 25

Estefanía Beltrán de Heredia eta Jon Darpón sailburuek arrisku-faktoreak ezabatzeko eta eragin negatiboen intzidentzia minimizatzeko prebentzio-lanaren garrantzia azpimarratu dute 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainak 25

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur goizean izenpetu dute bero-boladak eta azken hamabost urteotan euskal herritarren osasunean izan ahal duten eragina erlazionatuko dituen azterlan bat egiteko oinarrizko hitzarmena, herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko eta erabilgarri dauden baliabideak optimizatzeko helburuarekin. Hitzarmen hori sinatuta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari tenperatura oso altuak edo tenperatura altu iraunkorrak izan diren denboraldiekin erlaziona daitezkeen osasun-arazoei edo heriotzei buruzko datuak emateko konpromisoa hartzen du Osakidetzak.  

Bero-boladek Euskadiko herritarren patologietan duten eragina hobeto ezagutzea da Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Osakidetzak emandako 2001etik 2016ra arteko informazioarekin, egingo duen azterlanaren helburu nagusia.

Programa horren bidez tenperatura altuen eta horiek euskal herritarrengan izandako eraginaren ondorio diren gaixotasunen arteko kausa-efektu erlazioa ezarri nahi da.

Horrela, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta Osakidetzak informazioa trukatuko dute azterketa historikoetan oinarritutako datu-base bat osatzeko, eta horri esker bero-boladek herritarren osasunean izaten duten benetako eraginaren indizeak ezarri ahal izango dira.

Gaur egun, Segurtasun Sailak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez, automatikoki ezartzen ditu abisu horiak, alerta laranjak eta alarma gorriak aurreikusitako baldintza meteorologiko txar bakoitzean espero den eraginaren arabera.

Datu objektibo eta egiaztatuetan oinarrituko den lankidetza-hitzarmen honi esker, abisu-sistema hobeto egokituko da bero-boladek giza talde jakinetan duten intzidentziara, horien adinaren, gaitz-motaren, bizi diren eremu geografikoaren, eta abarren arabera.

Berez, meteorologiaren ikuspegitik, bero-boladen ondorioak ez dira uniformeak izaten; izan ere, aldatu egiten dira hezetasun erlatiboaren, tenperaturen iraunkortasunaren eta beste aldagai batzuen arabera.

Horrela, euskal herritarrek prebentzio-zerbitzu hobea izango dute, eta behar adinako aurrerapenez ohartaraziko die tenperatura altuen balizko arriskuez.

“Segurtasun Sailaren eginkizuna arrisku kolektibo larrien aurrean pertsonak babestea da, eta eginkizun horren baitan, besteak beste, pertsonen segurtasunerako arriskuak sor ditzaketen egoerak aztertzeko eta ebaluatzeko ekintzak gauzatzen ditu”, azpimarratu du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak. Sailburuak, bestalde, adierazi du azterketa estatistiko-meteorologikoen bidez egin daitekeela aurrera gaur-gaurkoz meteorologiarekin lotuta ez dauden eta osasunean eragina duten beste faktore batzuen behaketan.

Osasuneko sailburu Jon Darpónek, berriz, egoera meteorologiko oso beroek euskal herritarren osasunean duten eragina agerian jarriko duten azterlanak izatearen garrantzia azpimarratu du. “Kontuan izan behar da klima-iragarpenak lagungarriak izan daitezkeela fenomeno horren ondorio diren osasun-arazoei aurrea hartzeko, baina, horrez gainera, alerta meteorologikoen sisteman osasuna zaintzeko eta osasunaren jarraipena egiteko mekanismoak ere sartzen badira, erantzun zehatza eman ahal izango da eta prebentzio-neurriak hartu ahal izango dira epe laburrera eta ertainera”, esan du Darponek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak