Eu

Eusko Jaurlaritzak proposatu duen HTSaren trazatuari esker, merkantzia trenak ez dira Ortuellako eta Trapagako hiriguneetatik igaroko

2018.eko ekainak 22
  • Antonio Aiz Sailburuordeak proiektuaren egungo egoeraren berri eman die gaur goizean bi udalerrietako alkateei
  • Ia osorik lur azpitik joango den trazatuak larrialdiko bi irteera aurreikusten ditu Ortuellan eta hiru Trapagan
  • Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak, duela ia urtebete sinatu zuten euskal administrazioari HTSaren lanak egiteko eta egin beharreko azterlanen idazketarako agindua ematea baimentzen duen Hitzarmena

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen proiektuaren egungo egoera helarazi die gaur goizean Saulo Nebreda Ortuellako alkateari eta Xabier Cuellar Trapagakoari, eta Eusko Jaurlaritzak proposatu duen trazatuarekin, merkantzia trenak meatzaldeko bi udalerri horietako hirigunetik igarotzea saihestuko dela berretsi du.

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa informazio azterlan berri baten idazketan ari da lanean gaur egun. Azken finean, 2015ean INECOk Sustapen Ministerioarentzat egin zuen aurretiazko informazio azterlanaren Olabeaga soluzioa, txostenak izan zuen jende aurreko informazio izapidean jasotakoen artean egokitzat hartu ziren alegazioetara egokitzea izango da. Alegazio horiek, beste batzuen artean, ukitutako udalek, Eusko Jaurlaritzak berak eta gizarte arloko zenbait erakundek aurkeztu zituzten.

Obrak hasiko diren gunera egindako bisita batean, hau azaldu du Aizek. “HTSaren eraikuntza denbora luzez itxaron dugun gertakaria da, arrazoi asko direla eta: Bilboko Portuaren lehiakortasuna hobetuko dugu, Europa barruko sareari lotuz. Baina, horrez gain, Jaurlaritza honek planteatu duen proposamenari esker, merkantzia trenek ez dute Ortuellatik eta Trapagatik zirkulatuko, eta Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldo tren horien igarotzetik libre utziko ditugu. Horrela, topikoa dirudien arren, udalerri horietako bizitza kalitatea hobetzea lortuko dugu”.

Soilik merkantzientzat izango den trenbide bikoitzeko lur azpiko saihesbidea martxan jartzeak, aldirietako C1 eta C2 lineen ustiapena nabarmen hobetzeko aukera ere emango du.

Horrez gain, HTSaren diseinuak, etorkizunean, Kantabria Euskal Y-arekin lotuko duen goi mailako prestazioko igarobidea jaso ahal izateko beharrezkoak diren estandarrak betetzen ditu. 

Xabier Cuellar Trapagako alkateak adierazi duenez, “porturako trenbideko konexioa oso garrantzitsua da eta beti defendatu dugu. Ezin zitekeen onartu merkantzia horiek Ortuella eta Trapaga erditik igarotzea, 2015eko informazio azterlanak planteatzen zuen bezala. Lankidetza estuan aritu gara Eusko Jaurlaritzarekin, egoera hori saihestuko lukeen lur azpiko trazatua lortzeko, eta arrakastaz, nire iritziz”.

Saulo Nebreda Ortuellako alkateak, bere aldetik, “trenak udalerriaren erditik igarotzearen hasierako ideia etengabeko Damoklesen ezpata zen”, gehitu du. “Egoera horrek kalte larriak ekarriko lituzke gure herriaren eguneroko jardunean. Beraz, albiste bikaina eta Meatzaldeko biztanleen garaipen handia da “Meatza” plataformarekin batera lortu duguna. Pozik gaude horregatik, eta proiektuak aurrera irtetea nahi dugu”.

HTS-A ORTUELLAN ETA TRAPAGAN

Orokorrean, planteatutako soluzioak, Seranteseko tunela La Casillako bypass-arekin ia 12 kilometroko trenbide saihesbide berri baten bitartez lotzea proposatzen du. Trazatua lur azpitik joango da Ortuella eta Kadaguako haranaren artean (10,2 km.). Kadagua ibaia bide-zubi bitartez zeharkatuko du, eta berriro ere lur azpian sartuko da, HTSa jasotzeko prest dagoen Olabeagako lur azpiko gunearekin bat egin arte.

Saihesbidearen trazatua Ortuellan hasiko da, Serantes mendiaren azpian eraikitako tunelari jarraipena emanez. Tunel hori erabat amaituta dago jadanik, eta Bilboko Portuko instalazioak Ortuellarekin lotzen ditu, oraindik zerbitzua ematen hasi ez den arren.

HTSaren lehenengo lanak, gaur egun dagoen trenbide igarobidearen mendebaldetik joango litzatekeen tunel faltsua luzatuz hasiko dira, lur azpiko trazatua sortuz.

Trazatuaren mugak direla eta, lur azpiko lan hori Cut&Cover soluzioa erabiliz gauzatu beharko da. Pantailak egingo dira alboetan, lur-erauzketa garrantzitsuak saihesteko, pantailen arteko materiala hondeatuko da eta, ondoren, lauza bitartez eta lurrez betez estaliko da.

Eusko Jaurlaritzak proposatu duen alternatibak baztertu egin du merkantzien eta gaur egun Meatzaldeari zerbitzua ematen dion C2 lineak zirkulatzen duen plataformaren erabilera bateratua.

Horrela, trenbide azpiegitura berria lur azpian egongo da, Ortuellako eta Trapagako trenbide pasaguneetako trafikoa handitzea eta hirigune horietatik igarotzea saihestuz. Horrez gain, Saihesbidearen 1. Fasea erabat gauzatuta izan arte Seranteseko tunela zerbitzuan ez jartzeko konpromisoa hartu da.

Horrez gain, alternatiba berriak baztertu egiten du Bodovalle Meategiko mea korta zaharraren eta Abra Industrialeko Plan Partzialaren eremuan dauden lurren erabilera, lur soberakinak uzteko gune gisa, Bilboko Portuarekin akordioa lortu baita tuneletako hondeaketa lanetatik datozen harkaitzak onartzeko.

Gainera, Ortuellako udalerrian larrialdietako bi galeria eta Trapagan beste hiru egotea aurreikusi da. Larrialdietako galeriak mila metroz behin egon beharko dira, Europako interoperabilitate eskakizunak betetzeko, tunelean zerbait gertatuz gero ebakuazio bide gisa erabili ahal izateko.

HTSaren onurak

  • Konexio berriak Bilboko Portua eta Europa zuzenean lotuko lituzke, Atlantikoko Trenbide Igarobidea parte den Europa Barruko Sarearen bitartez.
  • Martxan jartzean, Ortuella, Trapagaran, Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldo egungo sareko merkantzien trafikotik libre geratuko lirateke.
  • Ezkerraldean egiten den trenbideko 100.000 edukiontzi baino gehiagoren eta tren osoetan garraiatzen diren 800.000 tona merkantzien zirkulazioak kenduko lirateke. Gaur egun 19 zirkulazio baino gehiago egiten dira egunero, eta eskaria gero eta handiagoa da.
  • Gaur egun Bilboko Portuak ez duen trenbideko konexio onak sarean gertatu ohi diren itoguneak kentzen lagunduko du, eta baita Bilboko Portuaren lehiakortasuna hobetzen ere.

                                                       

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak